“Identitateari eutsiz proiektu berritzaile bat garatu dugu denon artean”

M. Alustiza

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (Huhezi) 40 urte egin ditu. Eskoriatzan, asteartean hasi ziren urteurreneko ekitaldiekin. Begoña Pedrosa dekanoak (Areatza, Bizkaia, 1975) azaldu duenez, 40 urtez “eragiten” aritu dira, eta “gutxienez beste 40 urtez” horretan jarraituko dute.

1976an, euskarazko irakaskuntzan aitzindari izan zen Eskoriatzako irakasle eskola. Nola suertatu zen martxan jartzeko ideia?

Momentu hartan zegoen behar bati erantzuteko pertsona batzuen artean sortutako proiektua izan zen. Egoera politiko eta soziala nahiko berezia zen, delikatua, eta helburua izan zen proiektu berritzaile bat abiatzea, orduan ere berritzailea zena, eta eragitea. Gizartean zegoen behar bati erantzutea zen asmoa, eta gaur egun ere jarraitzen dugu hori egiten; gure proiektuaren ardatza ez da bakarrik hezitzailea, ordutik hona bilakaera izan baitugu. 7.000 profesional inguru formatu ditugu, eta horietatik 5.000 irakaskuntzan aritzen dira.

Hogei urte geroago, irakasle eskola Mondragon Unibertsitateko fakultate bihurtu zen. Zer ekarri zuen horrek?

Horrek eman zigun beste ikusgaitasun bat gizartean, beste mugarri bat izan zen. Gure proiektuaren identitatea mantenduz proiektu komun bat egin genuen.

Hezkuntzatik beste esparru batzuetara salto egitea ere ekarri zuen, ezta?

Gaur egun eskaintza daukagu hezkuntzan, komunikazioan, kooperatibismoan, kulturgintzan… Gure proiektuari eutsi diogu, gure sustraiak indarberritu ditugu; identitateari eutsiz proiektu berritzaile bat garatu dugu denon artean.

Graduetan ez ezik, masterretan ere eskaintza zabala osatu duzue.

Egun, 1.100 ikasle inguru formatzen ditugu. Gure aktibitatea ez da bakarrik mugatzen gradu presentzialetara edo masterretara; gure aktibitatearen barruan sartzen da on line eskaintza zabala. Bere momentuan aitzindariak izan ginen euskarazko on line eskaintzarekin, Psikopedagogia lizentzia atera genuenean. Bide bat egin dugu on line eremuan: egun, hiru master ofizial dauzkagu, eleaniztunak —euskaraz, gazteleraz eta ingelesez—, eta badauzkagu hezkuntzan graduak ere euskaraz. Gure proiektuaren beste ikurretako bat da on line eskaintza, eredu pedagogiko berritzaile batekin.

Datozen urteei begira, zeintzuk dira Huheziren erronkak?

Berrikuntzan jarraitzea. Oraintxe garatu dugu gure plan estrategiko berria, 2020ra artekoa, eta jarraitzen dugu gure eskaintza guztietan berrikuntza egiten. Adibidez, aurreko ikasturtean berritu genuen gure ikus-entzunezko gradua, erronketan oinarritzen den metodologia berritzaile batekin. Hor pasatzen gara ohiko ikasgaietatik konpetentzietan eta ikaste emaitzetan oinarritzen den eredu batera. Gaur egun, profesional munduan aldarrikatzen den profilera hurbiltzen den prestakuntza integrala da.

Balioetan ere indar handia jartzen dugu. Proiektu oso polita daukagu. Hezkuntzako gure eskaintza guztietan eta komunikazioko guztietan daukagun erronka da beste ezagutza arlo batzuk integratzea; adibidez, kooperatibismoaren inguruan daukagun ezagutza. Proiektu interdiziplinar bat izatea. Pentsatzen dugu gure ikasleek eta profesionalek beste modu bateko prestakuntza bat jaso behar dutela, bereizgarria dena. Bai presentzialean, bai on line-an, bereizgarritasuna da pertsonei aukera ematea bizi proiektu bat eraikitzeko gure artean dauden bitartean. Gauza horiek eskaintzea euren garapen profesionala eta pertsonala bermatzeko. Hori da unibertsitatearen bereizgarririk nabarmenetako bat.

Hasi zarete 40. urteurreneko ekitaldiekin. Zer dakar egitarauak?

Berez, irakasle eskola 1976ko martxoan hasi zen, eta pentsatu genuen hori aitzakia moduan hartuta ospakizunak udaberrira pasatzea. Maiatzean hori konpartituko dugu gizartearekin eta gure komunitate osoarekin: irakasleekin, ikasleekin, hemendik pasatu diren profesionalekin… Ekarriko ditugu mahai inguru batera kulturgintzan eta euskara munduan erreferenteak diren hainbat eragile, punta-puntako nazioarteko figuraren bat… Betiere, gure proiektuak gizarteari egiten dion ekarpena indartzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.