Eider Bereziartua
Mustela lutreola edo bisoi europarra neurri txikiko animalia haragijalea da. 750 gramo inguruko pisua izan ohi du, eta gehienez 60 bat zentimetro luze da. Ibai ertzetan bizi ohi da, eta, bere izenak dioen bezala, animalia europarra da. XIX. mendera arte Europa kontinentalaren zati handia izan zuen bizitoki, baina egun Europako eremu gehienetatik desagertu da.
“Espeziearen egoera oso larria da Europan, Iberiar penintsulan eta Euskadin”, esan du Iñigo Mendiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Basanimalien eta Landareen zerbitzuko buruak (Donostia, 1957). Gonzalo Torre Geoparkeko Ingurumen koordinatzailea (Eibar, 1966) harago doa: “Euskal Herrian, Errioxan eta Aragoin [Espainia] guztira 500 edo 600 bisoi europar ale egongo dira, eta, horrez gain, Frantziako Atlantikoko kostaldean, Errusian eta Danubioko deltan bakarrik aurki daitezkeela uste dute. Gainontzeko eremu guztietan galdu egin da. Informazio askorik ez daukagu, baina badakigu oso toki zehatzetan daudela”.
Horren harira, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartu zuen bisoi europarra 1996an. Geroago, 2003an, desagertzeko arriskuan dagoen espezie gisa izendatu zuen.”Kontserbazio aldetik kategoria txarrena du, arazoa larria da”, azaldu du Torrek. “Espeziea kontserbatzeko helburuarekin”, 2004an Gipuzkoako Aldundiak bisoi europarra berreskuratzeko kudeaketa plan bat onartu zuen, eta harrezkero espeziearen jarraipena egiten dutela azaldu du Mendiolak.
Baina zergatik da bisoi europarraren egoera horren txarra? Biak ala biak ados daude erantzunean. “Arrazoi desberdinak daude, baina gaur egun duen arrisku handiena bisoi amerikarra da”, jakinarazi du Mendiolak. “Bisoi amerikarra duela mende bat-edo ekarri zuten, bere larrua erabiliz berokiak-eta egiteko. Ale batzuek ihes egin zuten, eta beste batzuk talde animalistek askatu zituzten. Animalia horiek arazo larria sortu dute. Bisoi europarraren lehiakide zuzenak dira, eta horiek baino askoz ere oldarkorragoak dira. Bertako espeziea baztertu dute”, gehitu du Torrek.
Egoerari irtenbidea ematen saiatzeko, Europatik etorritako LIFE Lutreola Spain proiektua jarri zuen martxan Tragsatec zerbitzu publikoak, 2014an. Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartzen du proiektu horretan Arabako eta Bizkaiko aldundiekin, Gasteizko Udalarekin, Aragoiko Gobernuarekin, Errioxako Gobernuarekin, Valentziako Generalitatearekin, Vison Europeo elkartearekin eta Sendaviva parkearekin batera. Mendiolaren hitzetan, “proiektuaren ildo nagusiak bertako bisoiaren populazioa indartzea eta bisoi amerikarrak kontrolatzea” dira. Gipuzkoako aldundiak batez ere bi ekintza horietan jartzen du bere alea: “Bisoi amerikarra kontrolatzeko, batetik, Gipuzkoan dauden haztegien kontrola eramaten dugu, eta bertako bisoiaren gainean duen eragina saihesteko neurriak hartzen ditugu. Bestetik, espezie hori detektatzeko eta harrapatzeko tekniken eraginkortasuna hobetzen eta aplikatzen ari gara. Bisoi europarraren populazioa hazteko, berriz, haien habitata hobetzeko ekintzak egiten ditugu”.
“LIFE proiektuari esker” espeziearen kontserbazioan “bultzada” ematen ari direla uste du Mendiolak. Haren esanetan, emaitza onenak bisoi amerikarra kontrolatzeko lanetan ari dira izaten, eta, horrela, “bertako espeziearentzat arrisku handi bat saihesten” ari dira.
Aldi berean, aldundiaren laguntzarekin, 2015eko otsailean, Oñatiko Natur Eskolak bisoi europarraren inguruko Ingurumen mehatxatua; gure bisoia galzorian erakusketa jarri zuen Oñatin. Geoparkekoei beraien eremuan mugitzeko erakusketa interesgarria iruditu zitzaien, eta oñatiarrekin harremanetan jarri ziren. “Geoparkean ingurumenaren inguruko heziketan geroz eta urrats gehiago egiten ari gara, eta gure helburuekin bat egiten zuen erakusketa horrek”, azaldu du Torrek. Hori horrela, Mutrikuko eta Zumaiako eskoletan zabaltzen ari da bisoi europarraren inguruko erakusketa hori. “Guztira, 500 bat ikasle-edo pasatuko dira erakusketatik, eta guretzako zifra garrantzitsua da hori. LH5eko eta DBH1eko gaztetxoekin egiten dugu saioa, eta neu egoten naiz beraiekin”.
Eskoletan animaliaren inguruko gaiak lantzen dituzte, eta, besteak beste, bizitzeko dauzkaten arazoei buruz hitz egiten dute. Orain arte “oso harrera ona” izan du erakusketak haurren artean, eta Torre oso pozik dago jasotako erantzunarekin: “Arreta handia jartzen dute gaztetxoek; ikusten da gaia interesatzen zaiela”. Gainera, Sendavivak ere LIFE proiektuan parte hartzen duenez, han izandako haur askok aurretiaz ezagutzen dute animalia. “Nonbait, kontzientzia badago gaztetxoen artean. Hori ikusteak poza ematen dit niri”.
Mendiolaren ustetan, egitasmo hori txalotzekoa da. “Oso interesgarria da espeziearen egungo egoera herritarrei helaraztea. Guk ildo horretan ez dugu pauso handirik eman; hitzaldiren bat besterik ez dugu egin”.
Leave a Reply