Maite Alustiza
Zabalik dagoen aho bat eta bizi jartzen duen txapa bat darama bular aldean Natalia Nogalesek. Ahobizia da igandeaz geroztik, eta horrela jarraituko du gaur arratsaldera arte. “Txapak asko laguntzen du kontzienteago izaten”. Euskaldun berria da, lasartearra, eta Irten armairutik 40 eguneko erronkan dabil murgilduta. “Konturatzen ari naiz badagoela jendea euskaraz bazekienik ez nekiena. Beraiekin beti erdaraz egiten nuen nik jarritako etiketa batengatik”.
Esperientziaren lehenengo egunak besterik ez dira, baina tokatu zaio egoera kuriosoren bat. Zailena bizilagunekin egiten ari zaio: “Etxepekook harreman handia daukagu, eta bi etxekorekin daukat harremana euskaraz. Gaur [asteartean] igogailuan hasi zait bat hizketan umeen inguruan… berak erdaraz nik euskaraz… Konturatzen ari naiz keinuen bitartez asko egiten dela”. Herriko komertzio txikietan errazagoa egiten ari zaio, eta orain arte ohartu gabekoez konturatzen ari da: “BMko arrandegian kartel guztiak erdaraz daudela inoiz ez nintzen konturatu”.
Nogales bezalako ahobizi ugari dabil Lasarte-Orian, baita belarriprestak ere: 956 ahobizi eta 958 belarriprest. Abenduaren 3ra bitarte, sei asteko txandak antolatu dituzte: ahobiziek astebetez euskaraz bizitzeko erronkari eutsi diote, eta beste bost asteetan belarriprest modura ariko dira. Belarriprestek, berriz, euskaraz ulertzen dute, jarrera positiboa erakutsiko dute, eta euskaraz egin nahi duenari lagundu. 40 egunetan ariko dira figura horretan.
Aitor Azkonobieta beste ahobizietako bat da. Normalean, ingurune euskaldunean ibiltzen da: etxean, lantokian, lagun artean… Astearte goizean izan zuen ahobizi aritzeko aukera, ikastolan, umeen bila joatean: “Beste guraso batekin harremana erdaraz daukat normalean, baina uste dut ulertzeko gai badela, eta ni euskaraz aritu naiz. Txapak pista ematen du, gainera. Baina ez dakit, galdetu behar diot, baina iruditu zait ihesean bezala joan dela…”.
Amarekin aldaketa hori egitea, ordea, “gogorra” egingo zaiola uste du: “Umeekin hitz egiteko moldatzen da, ulertu bai, baina bera ez dago eroso. Badakit berak ez duela ondo pasatzen; nik uste kasu horretan ez dudala lortuko”. Beste zenbaitzurekin, hala ere, eman du lehen pausoa: “Aspalditik gazteleraz egiten dut lagun batekin; berak ulertzen du, eta konturatu naiz beste batekin euskaraz hitz egiten duela. Mezu elektroniko bat idatzi diot lehen, euskaraz, eta berak erantzun erdaraz. Horrelakoekin urrats txiki batzuk emango dira”.
Horri lotuta, belarriprest figurari garrantzia eman nahi izan diotela nabarmendu du Iñaki Arrutik, udaleko euskara zerbitzuko arduradunak: “Belarriprestak ahobiziari egiten dion gonbita hau da: ‘egidazu lasai euskaraz, eta nik egingo dut nahi dudan bezala’. Ahobiziak ez dezala ulertu hizkuntza aldatzeko eskatzen ari zaionik, baizik eta ‘ulertu dizut, eta nik dena delakoagatik erdaraz egingo dizut'”. Arrutik gaineratu duenez, “indar dezente” jarri dute figura horretan: “Iruditzen zaigu ahobizi jende asko dagoela, euskaraz egin nahi duena nahi duelako —eta eskerrak—, baina, zure inguruneak belarriprestasun hori adierazten badizu, askoz ere errazagoa da. Giro onean, onarpen batetik egiteak asko laguntzen du”.
Arrutiren arabera, zenbat eta herri erdaldunagoa izan, zailagoa da ahobiziak sortzea, eta belarriprest gehiago sortzen dira: “Ulermena bai, baina euskaraz barra-barra aritzea oso zaila da soziologikoki. Tartean dagoen jende horri, ulermena daukana baina ez dena iristen bere jardun normalean euskaraz suelto egitera, horri eman nahi genion balioa, eta profil horri esan: ‘Oso inportantea zara. Ahobizi izan nahi duenari errazten diozu ikaragarri, eta zuk aurrera egin dezazun metodo hoberik ez da asmatu, zuk gehiago jasotzea”.
16 urtetik gorakoak ari dira erronkan parte hartzen; gutxieneko adin hori jarri dute. Arrutik dioenez, zenbaki handiak lortzeko “muga handi bat” izan da, baina nahita jarritakoa: “Ume guztiak sartuz gero oso erraza genuen, baina, zentzu generikoan esanda, armairutik helduak irteten dira”.
Mantso, baina aurrera
Lehen hiru egunetan Nogalesi ez zaio tokatu erdarara pasatu behar izatea, baina bai pasadizo bereziren bat. Astelehenean denda batean gertatutakoa kontatu du: “Erosketak egitera sartu nintzen, eta hasi nintzen euskaraz. Badakit neska ez dela hemen jaioa, baina ahalegina egin zuen. Mantso-mantso hasi nintzen, keinuekin…”. Dendan zegoen “eskola zaharreko” gizon bat tartean sartu zen: “Nola mantso? Zuri zerk egiten dizu min gehiago, suabe baina luze zapaltzeak edo kolpe fuerteak? Horrela egin behar da, kolpean”. Mantso jarraitu zuen Nogalesek, euskaraz: “Gizona, kurioski, erdaraz ari zen…”.
Nogalesek “erronka pertsonal” modura hartu du egitasmoa: “Nire gurasoak Palentzia eta Extremadurakoak [Espainia] dira. Orain esan dezaket euskaraz bizi naizela, baina nire ama hizkuntza erdara da. Honek lagunduko dit ohitura batzuk aldatzen”. Uste du oro har “ia mundu guztiak” ulertzen duela euskara oinarrizkoan, baina askotan gazteleraz hasteko ohitura dagoela: “Jendeak ulertzen bazaitu, zergatik daukagu beldur hori lehenengo hitza euskaraz egiteko? Beste hizkuntza bat duten herrialdeetan ez daukagu arazorik aldatzeko. Nik ingelesez eta frantsesez ez dakit, baina saiatzen naiz. Nirean ez naiz saiatuko?”.
Konpromisoa aipatu du Arrutik. “Orain artekoekin konparatuta, honen zailtasun nagusietako bat da izena eman behar dela, konpromiso bat hartu. Ez da dirua ematea, festa batera joatea, baizik eta: ni momentu zehatz batean zerbait egitera noa nire ingurune hurbilarekin. Jarreraz bakarrik ez gara ari hitz egiten, jokaerez ari gara”.
40 ordutatik 40 egunera
Orain arte antolatu izan duten euskararen maratoitik “salto berritzaile bat” egin dute aurten udalak eta Ttakun euskara elkarteak: 40 ordutik 40 egunera pasatu dira. Naiara Mujika Ttakuneko kideak azaldu duenez, herritarrei egitasmoa azaltzen lan egin dute: “Orokorrean guk buruan geneukana guztiz azaltzea kosta zaigu; lan handia egin dugu”. Baina asmatu dutela gehitu du Arrutik: “Pedagogia soziala egitea asko kostatzen da, konkrezioa eta metodo txikia dena. Baina iristen da jendearengana; oso pozik gaude”. Hasi bitartean, lan pedagogikoa egin dute, hainbat bidetatik: bideoekin, sare sozialetan, euskalgintzako sarean aurkezpenak egiten, ikastetxeetan, bisita didaktikoak pailazoekin… Joan den asteburuan ere atxikimendu ugari jaso zituzten, erronka abiatzeko maratoi festan.
40 orduen maratoia bezala, 40 eguneko erronka ere “festa bat” da. Hala ere, Arrutik argi du jaitik harago doala: “Nahiz eta festa bat izan, guk zentzu bat bilatu diogu bere baitan dauzkalako euskalgintza on batek behar dituenak: belaunaldi artekoa izatea eta pentsaera politiko ezberdin guztiek tokia izatea”.
Urte berezia dute Lasarten. Landaberri ikastolak 50 urte egingo ditu; Ttakunek, 25, eta bertso eskolak, beste 25. Baina, atzera begiratzearekin batera, aurrera ere egin nahi izan dute: “Sorkuntzarako eta berrikuntzarako momentu bat ikusi genuen hau, eta Egiako [Donostia] esperientziak bete-betean harrapatu gintuen. Hara joan ginen, Bagerakoekin egon…”. Horrez gain, Sortir de l’armari lingüístic gisako lanak ezagutzeak eta Soziolinguistika Klusterraren Aldahitz proiektuak bat egin zuten, eta hortik atera zen 40 eguneko erronkaren ideia.
Aldahitz proiektuaren barruan, Pello Jauregi EHUko irakaslea ikerketa egiten ari da, “ikusteko maila kolektibo batean horrelako inpultso kolektibo batek balio duen hizkuntza ohituren aldaketa hori gauzatzea”. Lasarte-Oriako egitasmoaren bidez ikusiko dute ahobiziek zenbateraino lortzen duten hizkuntza ohitura berriak egitea, belarriprestek zenbateraino lagundu duten, eta orokorrean jendeak nola bizi izan duen prozesua.
Leave a Reply