Maite Alustiza
Gipuzkoako grafikagintzako negoziazio mahaitik altxatuko zirela ohartarazi zuten sindikatuek urriaren 11n, eta greba iragartzear daude orain. Maiatzean eratu zen mahaia sindikatuen eta patronalaren artean, sektoreko langileen lan baldintzak berritu ahal izateko, eta ordutik zazpi bilera egin dituzte. Asteazkenean ziren zortzigarrengoz biltzekoak, baina Adegik bilera “atzeratzea” eskatu zuen, “sindikatuen proposamenak aztertzeko eta negoziazioak aurrera egiteko helburuarekin”. Hala diote sektorean ordezkaritza duten LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk. Atzerapena onartzea erabaki dute: “Sektoreko langile guztiekiko dugun erantzukizunagatik, sindikatu guztiek proposamena onartzea erabaki dugu, eta, horren ondorioz, bilera atzeratu egingo da, nahiz eta denbora sobera izan duela uste dugun”. Azaroaren 8an dira biltzekoak —hurrengo asteartean—, eta horretan ere proposamenik ez badago grebara deituko dutela jakinarazi dute. “Negoziazioaren hasieratik erakutsitako jarrera immobilista berarekin jarraituko balu, sektorea konfrontaziora eramango luke”. Egunak badituzte: azaroaren 16a eta 30a, eta abenduaren 12a.
211 enpresa eta 1.550 langile daude sektorean. Langileen ordezkarien artean, LABek du gehiengo osoa (%52,63); ELAk %42,11, CCOOk %3,51 eta UGTk %1,75. Patronalaren aldetik, Adegik %82,58 eta Garenek %17,42. Sindikatuetako ordezkariak ziur daude “hitzarmen duin bat” lor daitekeela, baina, diotenez, bileretan agerian geratu dira patronala ordezkatzen duten bi elkarteen arteko ikuspuntu ezberdinak. Garenen proposamena baloratu egiten dute; honako hauek biltzen ditu, besteak beste: itunaren urtebeteko indarraldia, Gipuzkoako KPIaren soldata igotzea, kontratazioa egonkortzeko neurriak hartzea, behin-behinekotasuna mugatzea, aparteko ordainsariak soldata osoaren arabera ordaintzea eta sektoreko gutxieneko soldata igotzea. Adegiren jarrera, ordea, bestelakoa dela diote: “Ez du inongo proposamenik egin, eta, gainera, sindikatuok egindako guztiak baztertu ditu”.
Adegiren jarrera
Bilerek fruiturik ematen ez zutela eta, irail bukaeran mobilizatzen hasi ziren langileak. Elkarretaratzea egin zuten Lan Harremanetarako Kontseiluaren aurrean, Adegi hitzarmen kolektiboaren negoziazioa “blokeatzen” ari zela salatzeko. Adegiren arabera, ordea, bera “negoziatzeko prest” dago, “enpresen jardunari eta langilegoari eusteko”. Era berean, ordea, uste du egindako proposamenak sektoreak “bizirik irauteko” behar duenaren “antipodetan” daudela. Soldatak ere aipatu zituen, iraileko bileraren ondoren kaleratutako oharrean: “Gipuzkoako enpresek estatukoen batez bestekoak baino %14 gehiago ordaintzen dute, eta sektoreko langileek urtean 76 ordu gutxiago lan egiten dituzte bere estatuko lehiakideen aldean”. Patronalaren arabera, enpresak “ahalegin ikaragarria” egiten ari dira jardunari eusteko.
Iraileko bileraren ondoren, Garen patronalak ere oharra atera zuen —enpresari txiki eta ertainen interesak babesteko sortu zen Garen—. Salatu zuenez, arte grafikoetako sektorea “Gipuzkoan eta Euskadin orokorrean gutxienekoetan dago, duela urte askotatik ez du bururik altxatzen, eta sindikatuak zentzudunak izan beharko lirateke errealitate horren aurrean”. Hala ere, uste du badaudela negoziazio mahaian adostu daitezkeen atalak: “Adegik proposamenik ez egiteak lan gatazka ekar dezake. Sektoreko hitzarmenean akordiorik ez badago, enpresaz enpresa egingo da negoziazioa, eta hori oso negatiboa litzateke beraientzat”.
Leave a Reply