Aitziber Arzallus
Ekaingo koba guztientzat ikusgai da, teknologia berriei esker. Madpixelek, artelanen digitalizazioan munduko lehen enpresak, kobazuloaren barrualdea digitalizatu du, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Horrela, aurrerantzean, edonork edonondik ikusi ahal izango du paleolitiko garaian haitzetan eginiko obrarik garrantzitsuenetakoa. Obra hori gizateriaren ondare da 2008tik, Unescok hala izendatu zuelako.
Ekaingo haitzuloa 1969ko ekainaren 8an aurkitu zuten Azpeitiko Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek. Aurkikuntzak biziki harritu zituen orduko espeleologoak, barnealdean gordetzen zuen altxorragatik: duela 10.000 eta 14.500 urte artean egindako margoak, besteak beste. Guztira, 70 animalia irudi daude: 64 margotuak eta sei grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia. Kontserbazio arrazoiak tarteko direla, baina, Deba eta Zestoa arteko kobazuloa jendearentzat itxita dago 1969tik. Hango altxorraren berri izan nahi zuenak Ekainberri bisita zezakeen orain arte, benetako haitzuloaren erreplika. Margo originalak bertatik bertara ikusteko aukerarik, ordea, ez zegoen. Madpixelek eta Jaurlaritzak garatu duten proiektuari esker, benetako margolanak bertsio digitalean ikusteko aukera izango du jendeak, etxetik mugitu ere egin gabe.
Haitzuloko panel nagusiak, Zaldiei eta Artzei deiturikoak, bereizmen super altuan digitalizatu dituzte, hartze infragorri eta guzti, irudiak, siluetak eta haiek egiteko erabilitako teknika argitasun handiagoz ikusteko helburuarekin. Kobazuloko areto garrantzitsuenei dagokienez, berriz, 360 graduko panoramika interaktiboak ere sortu dituzte.
Lan hori guztia egoki garatu ahal izateko, Madpixelek moldatu egin behar izan du bere Art Gigapixel teknologia, koba baten barruan irudiak hartzeak eskatzen dituen behar eta baldintzetara. Esate baterako, argi hotzak erabili behar izan ditu, irudiak hartzerakoan obra originalari ahalik eta kalterik txikiena eragiteko; bateria eramangarriak erabili behar izan ditu, espazio txikietan eta sarbide zailekoetan errazago mugitu ahal izateko; egokitutako tripodeak…
Second Canvas plataforman
Ekaingo haitzuloa digitalizatzeko proiektua Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zentroak bultzatu du, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko taldearen laguntzarekin. Azken hori arduratu da digitalizatutako edukiak definitzeaz. Erabilitako teknologia, Art Gigapixel, hain zuzen, Madpixel enpresak jarri du. Gigapixel eta super HD formatuei esker, giza begiak ikusi ezin dituen pintzelkada eta xehetasunak azaleratzeko gai den zoom bat erabili dute. Aurrez, artearen esparruan entzute handia duten beste hainbat erakundek teknologia bera erabili dute beste hainbat proiektu garatzeko, hala nola Madrilgo Prado Museoak, Banco Santander Fundazioak eta Telefonica Fundazioak.
Ekaingo koban egin duten lan hori guztia publiko zabalaren esku jartzeko, doako aplikazio bat sortu dute, eta Second Canvas plataforman eskura daiteke , smart-phone eta tabletetarako bertsioetan (iOS eta Android). Gigapixel irudiak ikusteko web bertsio bat ere sortu dute: www.euskadi. eus/eusko-jaurlaritza/ekain/. Plataformak beren edukiak bereizmen altuan eta oso modu errazean argitaratzea ahalbidetzen die museoei eta arte galeriei.
“Ekaingo koba teknologia bidez digitalizatu izanak haitzuloaren barrualdean dagoen altxorra modu erraz batean ezagutarazteko aukera ematen du”, Koldo Garcia Madpixelen sortzaileetako baten hitzetan. Gizateriaren ondarea izaki, mundu guztiaren eskura egon beharreko edukiak direla iritzi dio. “Eta kontserbazio arrazoiengatik ezinezko zena teknologiak ahalbidetu egin du”. Hala, edonork edonondik Ekaingo obra ezagutzeko aukera izango du aurrerantzean, duen balioa emango zaiola uste du, eta, aldi berean, jendea Ekainberrira erakarriko duela.
Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak ere proiektuaren garrantzia azpimarratu du. “Aplikazioaren helburua da mundu guztiko jendearen eskura jartzea haitzetako artearen ondarearen esparruan Euskal Herriak duen harribitxietako bat. Aplikazio honek Ekaingo margolanak hobeto ezagutaraztea ahalbidetzen du, ez bakarrik euskal gizarteari, baizik eta paleolitiko garaiko artean interesa duen edonori. Horregatik dago aplikazioa lau hizkuntzatan, eta horregatik eskaintzen dugu entzuterik handiena duten eta gehien zabalduta dauden plataforma digitaletan. Euskal Herriko kobazuloetako altxor paleolitikoa hedatzeko lehen urratsa da hau”.
Leave a Reply