Errefuxiatuen krisiari begirada kritikoa

Errefuxiatuen krisiari begirada kritikoa

Ikerne Zarate

Harresirik Gabeko Lurraldeak egitasmoko hamalau kide Italiako Lampedusa uhartean izan ziren abuztuan. Entzun, ikusi eta ikastera joan ziren errefuxiatuen krisian sinbolo bihurtu den uharte horretara; beraiek dioten moduan, ascoltare teknika —entzun esan nahi du— praktikatzera joan ziren. Orain, esperientzia hori konpartitu eta errenteriarrak gaiaren gainean sentsibilizatzea dute helburu. Bide horretan urratsa egin zuten joan den astean. Batzar irekia egin zuten Mikelazulo kultur elkartean. Mediterraneoko uharte horren kontrasteak agerian utzi zituzten: turismo masifikatuaz, Atzerritarrak Barneratzeko Zentroaz, uhartearen militarizazioaz… mintzatu ziren, eta migranteen krisiaren gaiaren sozializazioa eta sentsibilizazioa lantzen jarraitzeko hurrengo pausoak jakinarazi zituzten.

Esperientzia sakona eta interesgarria izan da guztientzat. “Eta, nahiz eta pentsatu aurreiritzirik ez genuela, bagenituela ikusi dugu. Gaiarekiko ideia bat eraikitzen duzunerako, hankaz gora jartzen zaizu”. Lampedusa aukeratzeko bi arrazoi izan dituzte: “Errefuxiatuen krisiaren sinbolo bihurtu da, salbamendurako irla, eta baita Europaren lotsaren sinbolo ere”. Bestalde, Askavusa Lampedusako elkartearekin harremana egin zuten. Hanka hutsik esan nahi du Askavusak, eta elkarte horrek errefuxiatuen krisiaren gaineko ikuspuntu oso kritikoa duela diote: “Ideologikoki oso gertuko sentitu genituen, haiek gonbidatu gintuzten joatera”.

Lampedusan zirela 300 migrante heltzen ikusi zituzten uhartera. “Gauez eta diskrezioz ekarri zituzten itsasontzi batean, eta, hori gertatzen ari zen bitartean, ehun metrora yate batean turistak jai izugarria egiten ari ziren. Oso gogorra izan zen une hori guretzat”.

Kontrastea izugarria da bertan, turismo masifikazio handia baitu irlak —6.000 biztanle ditu uharteak, eta udan 30.000—; eta, bestetik, Europara heldu nahi duten errefuxiatu askorentzat atea da. Egitasmoko kideren batek migranteak pateran heltzen ikustea espero zuela aitortu zuen Lampedusara heldu aurretik: “Uste nuen itsasertzean zain izango ginela, hara helduko zirela eta lagundu egin beharko geniela. Inondik inora ez da horrela. Han ohartu ginen guztiz sistematizatuta dagoela migranteen ekarrera. Ez dira etortzen, ekarri egiten dituzte. Sistema oso konplexua da, eta ekonomikoki irabaziak ere ematen ditu”.

Argi dute migranteen gainean negozioa dagoela. “Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak migrante bakoitzeko dirua jasotzen du: heldu bakoitzeko, 30 euro, eta haur bakoitzeko, 90 euro. Zentroa udalaren eskuetan zegoenean, urtean 3.000 migrante jasotzen zituzten, baina, estatuaren eskuetara igaro eta lehiaketa publikoan Misericordia enpresak hartu zuenean, 30.000 jasotzen hasi ziren. Mafiarekin harremanak dituela ere badiote”.

“Arrantzatuak”

Gaur egun, salbamendu itsasontziek Libia eta Aljeriako kostetan jasotzen dituzte migranteak, eta Lampedusaraino eramaten dituzte; “arrantzatuak dira”. Portura heltzen direnerako zain dituzte militarrak; autobusetan sartu, eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentrora eramaten dituzte: “Hori guztia gauez egiten dute. Zentroan zer gertatzen den ez dakigu, inor ez delako bertan sartu. Lampedusarrek ere ez dakite zer dagoen bertan. Kartzela da”.

Bi mundu daudela diote, bat agerikoa eta bestea ezkutukoa, migranteena. Horien arteko selekzioa egiten dutela gero azaldu dute, “ekonomikoak eta politikoak bereizten dituzte”. Heldu berri direnei ez dietela informazio pertsonalizaturik eskaintzen salatu dute: “Ziurrenik beren hizkuntzan ere ez diete hitz egingo; beraz, ezin ulertu. Izen eta abizenak, jaioterria eta bertara zergatik iritsi diren zehaztu behar dute. Askotan, bete gabe uzten dute atal hori, eta horrek, zuzenean, migrante ekonomiko gisa sailkatzera eramango ditu. Akats ugari daude prozesu guztian”.

Legez, zentroan 72 ordu baino gehiago ezin dituzte eman, baina hilabeteak pasatzen dituzte bertan. “Kartzela publikoa da. Duintasunaren kontrakoa da erabat”. Ateratzen dituztenean Siziliara eramaten dituzte, ferryan, ilaran eta polizia artean. Migrante politikoak direnei asiloa emango diete. Paperak lortzeko bi urtez itxaron beharko dute, ordea, eta bitartean ezingo dute ez lanik, ez ikastarorik egin, ezta asiloa lortu duten herrialdea utzi ere: “Bizitza eteten zaie. Askok badakite, gainera, familiak Europako beste herrietan dituztela, eta itxarotea ez die merezi, nahiz eta automatikoki ilegal bihurtzen diren”. Migrante ekonomikoen kasuan, astebete ematen diete euren kabuz euren herrira itzultzeko.

Uharteak errefuxiatuen krisiaren aitzakian jasaten duen militarizazioa izugarria izan dela salatu dute egitasmoko kideek: “Halako uharte txikian —20 kilometro koadro da— hamaika radar, azken teknologiako tresneria… Izugarria da bertan dagoena”. Asko ikasita eta asko entzunda, aurreiritzi asko bidean utzita eta hunkituta heldu dira Lampedusatik: “Elkarte solidario batean ari den mutil batek egindako marrazkia ikusi genuen. Telefonoz ari zen mutil bat azaltzen zen. Egileak esan zidan etorkin bat zela. Lampedusara heldu bezain pronto etxera deitu zuen, eta ‘ama, bizirik nago’ esan zuen. Horrek izugarri hunkitu ninduen”. Horietako marrazki batzuk Mikelazulon dituzte.

Etorkinen gainean dauden usteak eta aurreiritziak desagerrarazi nahi dituzte, begirada kritikoz so egin, eta migrantearen definizio zehatza ere egin dute: “Bizitzaren alde borrokatzen den pertsona da etorkina. Ez diegu mesederik egiten, guk jasotzen dugu mesedea, munduan milioika pertsona ari direlako erakusten zer den bizitzaren alde borrokatzeko egiteko prest daudena, bidean izugarrizko infernua pasatu behar badute ere”.

Harresirik Gabeko Lurraldeak egitasmoaren webgunean (Harresirikgabe.eus) idazten eta irudiak biltzen, ikuspegi kritikoa lantzen jarraituko dute. Baina, harago joan, eta sarea sortzea dute orain helburu: “Ikuspegi kritikoa duen jendea bildu nahi dugu sare horretan, eta Mikelazulok parte bat izan nahi du hor”. Horren harira, tokian tokiko errefuxiatuekin lanean ari diren pertsonak ekarri nahi dituzte Errenteriara beren esperientziak parteka ditzaten, ikusten dutena, bizi dutena, entzuten dutena… konta dezaten eta ikuspegi kritiko hori eraikitzen lagun dezaten.

Hitzaldiak, 21etik 27ra

Parte hartzaileak zein izango diren erabat zehaztu gabe badago ere, azaroaren 21etik 27ra hitzaldiak egingo dituzte Mikelazulo kultur elkartearen egoitzan. Askavusako kideak (Lampedusa), Hendaiako Atzerritarrak Barneratzeko Zentroaren inguruan lanean ari diren elkarteetako kideak, Melillako talde solidario bateko kideak, Grezian lanean ari den elkarte bateko ordezkari bat eta Calaisen (Frantzia) ari den beste pertsona bat izan nahi dituzte esperientziak kontatzen.

Hitzaldi horiek Mikelazulok antolatzen duen Herrien Astearekin paraleloki antolatuko dituzte; beraz, hitzaldiez gain, kultur ekitaldiak ere egingo dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.