Euskarazko obren transmisioa

Euskarazko obren transmisioa

Maite Alustiza

Lau asterako egitaraua martxan dute Azpeitian. Asteartean hasi ziren Euskal Antzerki Topaketak, eta hilaren bukaerara arte askotariko antzezlanak eskainiko dituzte. Ezberdinak guztiak, baina oinarri berarekin: euskara. 34. aldi honetan aipamen berezia egingo diete aurten hil diren herriko bi aktoreri: Kontxu Odriozolari eta Iñaki Bergara Pio-ri. Azaroaren 26an egingo diete omenaldia, eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi duenez, modu horretan haien lana aitortu nahi dute, euren “arima” erakutsi, “etorkizunean harrobia eta transmisioa egon dadin”.

Lehen aldiz Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarik gabe egiten ari dira Azpeitiko topaketak; erabaki hori salatu du udalak, eta guztia bere gain geratu den arren, alkateak ziurtatu du topaketak egiten jarraituko dutela. Saio guztietarako sarrerak Soreasu antzokian eros daitezke, antzezlana hasi baino ordubete lehenago. Helduen sarrerak bost euro balio du; 14 urtez azpikoenak, berriz, hiru. Ikusle guztientzako saioez gain, eskola eta ikastetxeetako haurrei zuzendutako antzezlanak ere antolatu dituzte egunotarako.

Astebeteko proposamenak dira honako hauek:

‘FRANCOREN BILOBARI GUTUNA’
Gaur, 21:30ean, Soreasu antzokian

“Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa” dakarte Artedramak, Le Petit Theatre de Pain taldeak eta Dejabu Panpin Laborategiak. Ospitale batean kokatzen da obra, eta han egingo dute bat, besteak beste, Migel eta Kristina medikuek, leuzemia duen Iñaki haurrak eta 36ko gerrako biktima izan den Joxanek. Ximun Fuchsek zuzendu du lana, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi dute, eta aktore lanetan ariko dira Ander Lipus, Patri Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko Redondo, Pako Revueltas eta Erika Olaizola.

‘KOADERNOA ZURI’
Bihar, 21:30ean, Soreasu antzokian

Urteetan ikusi gabeko bi ahizpen istorioa aurkeztuko du Hika Teatroak. Begoñak eta Arratek ustekabean egingo dute topo, jaiotetxean. Ama hil berria zaie, eta aurrez aurre elkartzeak elkarri kontuak eskatzeko balioko die. Ezer gutxi daki, ordea, batak besteaz, nahiko lan izan baitute norbere bizitza eraikitzen. Arrate Itziar Ituño aktorea da; Begoña, berriz, Miren Gojenola. Arantxa Iturbek eta Agurtzane Intxaurragak zuzendu dute lana.

ANTZERKI ESKOLEN EGUNA
Igandean, egunean zehar

Obrak ez ezik, bestelako ekintzak ere badira topaketetan. 10:30ean, Plaza Nagusian, antzerki ikerkuntza tailerrak egingo dituzte, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak antolatuta eta Kabia Taldearen eskutik. Ondoren, ogitartekoak egongo dira Sanagustin kulturgunean.

17:00etan, beste antzezlan bat Soreasu antzokian: Gu ez gaude bakarrik. Bost urtetik gorako haurrentzako eta helduentzako antzezlana da Borobil Teatroak dakarrena. Mundua koloretsua da, animaliaz beteta dago eta natura ederra du. Gizakia, ordea, tximiniak eraikitzen hasiko da, dirua lortzeko. Dirua lortu nahi horretan, baina, mundua kolorerik gabe utziko du. Anartz Zuazuaren gidaritzapean, honako aktoreak ariko dira oholtzan: Asier Sota, Julen Vega, Imanol Espinazo eta Hannah Berry.

‘SAREAN KATEATUAK’
Azaroaren 10ean, 21:00etan, udaletxeko ganbaran

Hiru emakumek terapia egingo dute ikusleekin. Nomofobikak taldeak umorez aurkeztuko ditu ofizio ezberdinak dituzten lagunen bizipenak, batzuetan esketx moduan eta bakarrizketa bezala besteetan. Nomofobia dute: sakelakoarenganako menpekotasuna. Ohartarazi dutenez, eritasuna diagnostikatu daiteke, baina kaltetuak ez dira gaitzaren garrantziaz ohartzen. Olatz Beobidek, Belen Cruzek eta Amaia Lizarraldek antzezten dute obra. Aurten Donostiako poltsiko antzerki sorkuntzako lehen saria jaso du lanak.

‘MAMI LEBRUN’
Azaroaren 11n, 21:30ean, Soreasu antzokian

Kontxa amona hil berri zaie Egoitzi eta Mireni. Haren omenaldia prestatzen ari direla, amonaren egunerokoa topatuko dute etxeko ganbaran. Aurkikuntza horren bueltan, ordura arte jakin gabeko sekretuak agertuko dira Egoitzen eta Mirenen artean. Getari Etxegaraik zuzendu du Xake Produkzioak konpainiaren obra, eta aktore nagusi lanetan ariko dira Ane Pikaza, Kepa Errasti eta Ainara Ortega.

Leave a Reply

Your email address will not be published.