[Museora] Topic. Mundu “liluragarria”

[Museora] Topic. Mundu “liluragarria”

Eider Goenaga Lizaso

Tolosako Titirijai jaialdiarekin bateratsu piztu zen txotxongiloen museo bat sortzeko ametsa. Luze izan zuen buruan amets hori Idoya Otegi (Tolosa, 1960) Topic museoko zuzendariak, eta “erditze luzeaz” hitz egiten du museoaren sorrerari buruz galdetuta. Izan ere, 1982an sortu zen Titirijai, “arrakasta handiarekin”, baina Topic ez zen inauguratu 2009 arte. Kostatu egin zen proiektua gauzatzea, baina erakunde publikoen babesarekin —Espainiako Kultura eta Sustapen ministerioak, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Tolosako Udala— txotxongiloen munduan erreferente den museoa ireki zuten.

“Geure buruari galdetzen genion zergatik itxaron behar genuen jaialdia iritsi arte txotxongiloak ikusteko. Inori ez zaio burutik pasatzen zinemara soilik Zinemaldian joatea, ezta? Zergatik txotxongiloekin bai?”, azaldu du Otegik. Baina, helburua ez zen bakarrik txotxongilo ikuskizunak eskaintzea. Harago joan nahi zuten, eta harago joaten dira. Hilabetean gutxienez behin eskaintzen dituzte Topicen txotxongilo ikuskizunak; mundu guztiko panpinak dituzte ikusgai etengabe aldatuz doan erakusketan; umeei begira, txotxongiloak egiteko tailerrak antolatzen dituzte; eta, helduentzat, txotxongilo egile, artista eta teknika ezberdinei buruzko tailerrak eta jardunaldiak eskaintzen dituzte, bertako eta nazioarteko gonbidatuekin.

“Bestalde, sekulako gabezia zegoen txotxongilogintzako ondarea babesteko guneei dagokienez. Edozer gauza izan daiteke txotxongilo bat, eta gizakia gizakia denetik existitu dira, baina ondare horri ez zaio sekula garrantzirik eman; ez da ezer egin hori babesteko. Bueno, bada hori ere egin nahi genuen. Txotxongiloak gorde, babestu, dokumentatu… eta zabalpena eman”. Gaur egun, txotxongilogintzari dagokion artxibo oso zabala dago Topicen. “Ikuskizunak, afixak… digitalizatuta dauzkagu, eta, askotan, sortzaileek beraiek ere gordeak ez dituzten dokumentuak aurkitzen dituzte hemen”.

Erreferentziazkoa

Hala, Topic “mundu mailan erreferentziazko zentroa” dela nabarmendu du Otegik. Horren adierazle dira, besteak beste, azkenaldian izan dituzten bisitak. Joan den astean Irango Zentro Dramatiko Nazionaleko ordezkariak izan ziren Tolosan; udan, Friburgoko Txotxongiloen Museokoak (Alemania) izan ziren; aste honetan Moskuko txotxongilo zentro bateko bisitariak izan dira; hurrengo astean Charlevilletik (Frantzia) datoz… “Erreferente bihurtu gara, eta jendea bisitatzera etortzen zaigu, gugandik ikasteko asmoz”. Munduan txotxongilo museoak asko direla azpimarratu du Otegik. “Baina gurea bezalakorik, dena toki bakarrean biltzen duen zentro integralik ez dago”.

“Zer da txotxongilo bat? Bizitza duen panpina bat da. Eta nork ematen dio bizitza? Mugitzen duenaren emozioak, eta begiratzen duenaren emozioak”. Txotxongiloaren definizio hori jasotzen du museora joaten den bisitariak. Izan ere, Otegik dio bisitariek askorentzat ezezaguna den mundu horretan sartu eta hura deskubritzea nahi dutela. “Jende gehienak badu aurreiritzi bat txotxongiloen munduaz; uste du umeentzako gauza bat dela; baina, gero, ezagutuz joaten zara, eta harrapatu egiten zaitu. Mundu liluragarri bat da, magikoa da, eta hainbeste aukera ematen ditu…”. Bi ogi puska eta bi sardexkarekin egiten du txotxongilo bat Charles Chaplinek The Gold Rush filmean, eta hortik abiatuta txotxongiloak nahi besteko konplexutasuna izan dezakeela nabarmendu du Otegik.

Zuzendariak onartu du Topicekoa baino ondare garrantzitsuagoa duten museoak badirela, tradizio handiagoko museoak. “Baina erakusteko modua klasikoagoa da horietako gehienetan, eta ez gurea bezain didaktikoa. Bestalde, txotxongilo aniztasun handia dugu hemen; mundu guztiko txotxongiloak ditugu. Eta bi ezaugarri horiek ezberdin egiten gaituzte”. Eta badago museo gisa bereizten dituen beste ezaugarri bat ere: argazkiak atera eta txotxongiloak uki daitezke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.