O. M.
Gipuzkoako Foru Aldundiak artista gazte bati enkargatzen dio urtero Anton Abadia saria sortzea. Aurten, Izaskun Alvarez Gainzari egokitu zaio ardura. Errenteriarra da jaiotzez, eta Oiartzunen eman ditu bere haurtzaroko urte gehienak. Hendaian ere bizi izan da, eta Kanbon ikasia da, Lapurdin. Irunen barne diseinatzaile ikasketak egin ondoren, Bizkaira joan zen Arte Ederrak ikastera, Leioara, eta, egun, fakultate hartako irakaslea ere bada EHUn. Duela hamahiru urtetik Bilbon bizi da.
Moriartirentzako Abadia saria sortzeko eskatu dizute. Nola aurre egiten dio artista batek halako eskaera bati? Sorpresaz hartu zaitu enkarguak?
Ez nuen batere espero, baina pozik, oso pozik. Deitu zidatenean azaldu zidaten urtero artista gazte baten artelana oparitu egiten dutela sari gisa. Aldundiko arduradunekin bilera eduki nuen ondoren, eta hara eraman nituen nire karpetak, artxiboak eta lanak, baina esan nien nire ustez hobe zela nire artelan bat eman ordez Moriartirentzat propio zerbait sortzea. Politagoa iruditzen zitzaidan, eta hala egiten ari naiz.
Niretzat ere haien lana eskertzeko era bat da. Guk disfrutatzen ditugu sortzaileen materialak, hauen kasuan pelikulak-eta. Niri beraien pelikulak asko gustatu zaizkit, eta aukera polita iruditu zait eman zidaten aukera aprobetxatzeko.
Nolako artelana izango da? Zertzelada batzuk aurreratzerik bai?
Ez dizut esango zehazki zer den, baina collage bat da. Kapa batean Anton Abadiaren izena du, eta atzeko kapan, kapa grafikoa; gauzak eta koloreak mugimendua islatzen. Narrazioak, hitzak, beraien pelikulen izenak… beraien mundu grafiko-bisual horretatik ideia batzuk hartu ditut, eta horiekin collage bat prestatu dut. Oso lan soila da.
Horrez gain, edizio txiki bat prestatzen ari naiz. Sei lagun direnez, eta hau artelan bat bakarra denez, edizio txiki bat egingo dut, sei kopiarekin, bakoitzak berea izan dezan. Modu horretan, bakoitzak sariaren bere puska eraman ahal izango du nolabait.
Artista bezala non kokatzen duzu zeure burua?
Berez, sortzaile gisa ez naiz kokatzen teknika eta medio zehatz batean. Egia da nire lanean grafikoak indar eta presentzia handia duela, baina teknika grafikoak baino gehiago kontzeptu grafikoa interesatzen zait; hau da, grafikatze prozesua bere osotasunean.
Niri, berez, gehien interesatzen zaidana espazioaren eta izakien arteko erlazioa da, alde biologikotik aztertuta; nola mugitzen garen, zergatik… baina sortzerakoan ez dut teknika konkretu bat. Pixka bat denetarik egiten dut.
Leave a Reply