E. Goenaga Lizaso
#AsierEredu traolarekin ari da zabaltzen haren aurpegia sare sozialetan. Asier Huegun da (Lasarte-Oria, 1975), eta Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo zuen, iaz, alabari nortasun agiria egitea ukatu ziotenean, jaiotza agiriaren zati bat euskaraz zegoelako.
Zer gertatu zitzaizun alabari nortasun agiria egitera joanda?
Alabak 4 urte zituela, nortasun agiria egitera joan ginen Donostiara. Agiri guztiak eraman genituen, eta, tartean, jaiotza agiria. Oso-osorik euskaraz. Bertan, ohiko datuez gain, azalpen bat zegoen umeari amaren abizenak jarri genizkiola esaten zuena, umea inskribatzeko garaian nahasmen bat izan zelako. Kontua da funtzionarioak hori ikusi zuenean zalantza egin zuela; kontsultatu egin zuen, eta esan zigun, jakina gaztelera hutsean, hori ezin zuela onartu, testu horrek gazteleraz ere egon behar zuela.
Zer egin zenuen zuk?
Nik esan nion hemen bi hizkuntza direla ofizialak. Baina berak, lasaitasun osoz, esan zidan ezetz, papera Madrilera joango zela, han euskaraz ez zekitela, eta ez zuela onartuko. Beste batean itzultzeko esan zidan, eta agiria ele bitan ekartzeko. Berriro saiatu nintzen ni, baina hark berriro ezetz. Ezin nuen ezer gehiago egin.
Nola sentitu zinen?
Sekulako amorruarekin atera nintzen. Nola da posible? Non daude nire hizkuntz eskubideak? Argi nuen bidegabea zela, eta berehala deitu nuen Behatokira. Haien erantzuna eta lana paregabea izan da. Jaiotza agiria bidali eta aztertu ondoren, esan zidaten ez zegoela arrazoirik atzera botatzeko, eta beste hitzordu bat hartu genuen. Behatokiko bi kidek lagunduta joan ginen alaba eta biok. Baina beste funtzionario bat tokatu zitzaigun, eta hark ez zuen arazorik jarri.
Ezta aipamenik egin ere?
Bueno, ohartarazi zidan bizilekuz aldatu eta Malaga edo Madrilera joaten banaiz agiri horrek ez duela balioko, eta hobe nuela agiria ele bitan eskatzea. Baina Behatokiko abokatuak esan zidan hori ere ez dela horrela, Espainiako edozein tokitan administrazioak jarri behar dituela bitartekoak hori itzultzeko. Errusiar bati ez diote eskatuko jaiotza agiria gazteleraz izatea, ezta? Bada, are gutxiago guri, euskara hizkuntza ofiziala izanik.
Behar izan ez zenuen arren, Behatokiko kideen babesa garrantzitsua izan zen zuretzat?
Bai, izan ere, lehenengoan ez zidaten kasurik egin. Berak NANa ez zidatela egingo esan eta nik ezin nuen ezer egin; berak zuen boterea, alferrik zen. Babes falta sekulakoa sentitu nuen. Bigarrengoan funtzionarioak ezezkoa erantzun balu, nik pentsatzen dut Behatokikoen parte hartzea erabakigarria izango zela.
Lehenago ere sentituko zenuen inoiz hizkuntz eskubideak urratu dizkizutela…
Bai, baina hau izan zen oso mingarria eta oso argia. Toki ofizial batean, tramitazio ofizial batean, eta hain argi esatea paper ofizial batek ez duela balio… Euskaldun guztiok sentitu dugu inoiz eskubideak urratzen dizkigutela; baina, ez dakit, une horretan bereziki amorratuta sentitu nintzen.
Leave a Reply