Eider Goenaga Lizaso
Hizkuntza eskubideak legez onartuta egon arren, euskara hizkuntza ofiziala den arren, askotan nozitzen dute horien urraketa herritarrek; “gehiegitan”, Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak adierazi duenez. Halakoetan, euskal hiztuna babesgabe eta gutxietsia sentitzen da; gaztelania hiztunek baino ahalegin handiagoa egin behar du, beti, euskaraz artatua izateko; eta bigarren mailako herritar gisa tratatua da. Batez ere, urraketa horiek arlo publikoko langileen aldetik gertatzen direnean. Hori sentitu zuen Asier Huegunek alabari nortasun agiria egitera joan eta, jaiotza agirian idatzitako ohar bat euskaraz zegoelako, nortasun agiria egitea ukatu ziotenean. Horregatik jo zuen Behatokira laguntza eske. Orain, Behatokiak Huegunen eredua jarraitzera deitu du, “urraketa horiek salatuz lortzen delako arazoa konponbidean jartzea”.
2011n, Behatokiak kanpaina indartsua egin zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrietan ezin zirelako umeak euskaraz erregistratu. Legez onartua zegoen arren (2005etik), bake epaitegietan ez zegoen aplikazio informatikoa hori egin ahal izateko. “Indar handia egin genuen. Eta herritar batzuk babesik gabe egon ziren, uko egin ziotelako umeak gaztelaniaz erregistratzeari; eta umea erregistratu gabe badago, edozein osasun arazo artatzeko zailtasunak dituzu, eta berdin aitatasun edo amatasun baimena lortzeko. Pentsa noraino eraman behar den borroka, hizkuntza eskubideak errespeta daitezen”. Bost urte geroago, agiri hori euskaraz izateagatik, alabari nortasun agiria egitea ukatu zioten Hueguni.
Huegunen kasuarekin bideo bat kaleratu du Behatokiak, eta horrekin “pedagogia pixka bat” egin nahi dutela azaldu du Petriatik. “Asierren jarrera nabarmendu nahi dugu. Ukazio baten aurrean, urraketa baten aurrean, ez onartzea erabaki zuen, eta gaia kontsultatu eta laguntza eskatzea. Eta Behatokia horretarako dago; euskal hiztunek eta euskaraz bizi nahi dutenek egunerokoan izan ditzaketen zalantzak argitu, kexa edo salaketak bideratu, eta arazoa konponbidean jartzen saiatzeko”. Behatokiko zuzendariak dioenez, herritarrak ez dauka legeak onartzen dizkion eskubide guztiak ezagutu beharrik, eta askotan, urraketa baten aurrean, bere eskubideak zeintzuk diren eta nola babestu eta exiji ditzakeen ere ez daki. Zalantzak argitu, laguntza eskatu eta salaketak edo kexak aurkezteko hainbat modu jartzen ditu herritarren esku Behatokiak: 948-14 61 72 zenbakira deituta telefonoz egiteko, telefonoa@behatokia.eus posta elektronikoz, www.euskararentelefonoa.eus webgunearen bitartez, edo sakelako telefonoan Akuilari aplikazioa deskargatuta.
Urraketa eta erantzuna
Jasotako kexaren arabera, era batera edo bestera jarduten du Behatokiak. Huegunen kasuan, hari pertsonalki laguntzea izan zen lehen pausoa, funtzionarioak berriro uko eginez gero behar zuen lege babesa izan zezan. Hizkuntz eskubideen urraketa zein erakundek egiten duen ikusi, kontrastatu eta erakunde horrekin kontaktuan jartzea izaten da ohikoena. “Kexa jasotzen dugunean, kontaktuan jartzen gara dena delako kexa hartzailearekin —herritarraren anonimotasuna gordez—; arazoa konpontzen ahalegintzen gara, eta, erantzuna dagoenean, herritarrari jakinarazten diogu”.
Erakundearen arabera, gehiago edo gutxiago kosta daiteke konponbidean jartzea —udal, foru aldundi eta Jaurlaritzarekin errazagoa da, Espainiako Administrazioko erakundeekin baino—; eta, salatzen denaren arabera ere, bidea errazago edo zailagoa izan daiteke. “Epaile bat edo pediatra bat aldatzeko eskatzea oso zaila da; beste gauza batzuk errazago lortzen dira. Adibidez, Hendaia eta Donostia arteko trena gaztelania hutsez iragartzen zutela salatu zuen herritar batek; Euskotrenekin kontaktuan jarri ginen, eta erantzun ziguten akats bat izan zela —askotan erantzuten digute akatsarena— eta konpondu zutela. Halakoak askotan egiten ditugu, eta, lorpen txikiak diren arren, garrantzitsuak dira. Hau ez da egun batetik bestera kolpean aldatuko, halako lorpen txiki asko pilatu beharko ditugu aurretik”.
Herritarrek kexa adieraztea inportantea dela nabarmendu du Petriatik. “Eta ez salatze hutsagatik, edo honek edo besteak zein gaizki egiten duen esateko. Ez, gure helburua aldatzea da, gaizki egindako gauzak konponbidean jartzea, eta eskubide horiek errespetatzeko pausoak ematea”.
Baina hizkuntz eskubideak egunean hamaika bider eta hamaika toki ezberdinetan urratzen direla aitortu du Petriatik, bai erakunde publikoek, bai enpresa pribatuek. “Kalera ateratzen garenetik etxera itzuli arte, zenbat egoeratan aurki dezakegu geure burua kexa bat egiteko moduan? Askotan. Eta ez da samurra, une oro, horiek gainditzeaz gain, salatzen ibili behar izatea. Herritarra ezin da bizi horiek guztiak etengabe jakinarazten”.
Sarri, herritarrak Behatokira jotzen duenerako, egoera batek gainezka egin duelako izaten dela dio Petriatik. “Eskaera bat hainbatetan egin eta erantzun egokirik jaso ez duenean, erantzun txar bat jaso duenean… Eta, gero, norberak erabakitzen du bere bizitzan zeintzuk diren pisuzko egoerak, eta horietan egiten du indarra. Agian, pertsona bat prest dago kaleko afixa batean irakurri duena pasatzen uzteko, baina ez dago prest pediatra erdaldun bat onartzeko”.
Administrazio guztietan
Behatokiak martxan daramatzan 15 urteetan egiaztatu duena da hizkuntz eskubideak “administrazio guzti-guztiek” urratzen dituztela. “Udaletan, foru aldundietan, Jaurlaritzan eta Espainiako administrazioan, denetan. Baita eremu sozioekonomikoan eta enpresa pribatuetan ere”.
Beltzune nagusiak aipatzerakoan, ordea, administrazio publikoari lotutakoak nabarmendu ditu Petriatik. “Osasun arloa, segurtasun indarrak eta justizia administrazioa, adibidez, herritarrarentzat inportanteak diren guneak dira. Herritarrok asko jokatzen dugu horietan. Sendabidea jarriko dion pertsona horrekin, epaituko duen pertsona horrekin, edo errepide bazterrean gelditzen duen agentearekin liskarrik ez du nahi herritarrak, horrek eragina duelako gero jasoko duen tratuaren edo zerbitzuaren kalitatean. Medikuekin, adibidez, inportantea da konfiantza sentitzea; epaitegietako gaiak ere inportanteak izaten dira, eta, noski, zuk kartzela edo isun bat baduzu jokoan, zuk adierazi nahi duzun hori epaileak ondo ulertzea nahi duzu. Berez, jada beldurra sortzen duen leku batean zaude, eta hor euskaraz artatua izatea exijitzen baduzu, babes falta hori handitzen dela sentitzen duzu, zu gelditzen zarela nabarmen, haiek gelditu beharrean, euskaraz ez jakiteagatik”.
Urrira bitartean, Euskal Herri osoko milatik gora kexa jaso ditu Behatokiak, eta, Gipuzkoan, 270 inguru. “Guk datuen irakurketarik ez dugu egiten, hala ere. Salaketa gehiago edo gutxiago egoteak ez du esan nahi egoera okerragoa edo hobea denik. Salaketa batek esan nahi du urraketa bat dagoela, eta, pertsona bakarrak egin arren, gehienetan urraketa horrek ez dio pertsona horri soilik eragiten, euskal hiztun guztiei baizik. Adibidez, pertsona batek salatu badu bere herriko pediatra erdalduna dela, herri horretako euskal hiztun guztien eskubideak urratzen dira. Datu horiek ez dute, berez, egoeraren argazki bat erakusten”.
Leave a Reply