Eider Bereziartua
Argiak, kamera, akzioa! Martxan da Azkoitiko eta Azpeitiko neska-mutil gazte batzuek sortutako Shine Again antzerki musikatua. Institutu bateko bizitza du hizpide obrak, eta 29 lagun arituko dira gaur, estreinako emanaldian, oholtza gainean. Antzezteaz gain, dantzatu eta abestu ere egingo dute aktoreek, Azkoitiko Baztartxo antzokian, 22:00etan hasita.
Kimika ikaslea da Kari Alberdi (Azkoitia, 1996), eta Erizaintza ikasten ari da, berriz, Xabier Barquero (Azkoitia, 1997). Biak ala biak dira fenomeno horren “errudunak”. Ikasten ari direnetik “urrun” egon arren, beraiek idatzi eta zuzendu dute Shine Again antzezlana. “Orain dela lau urte-edo sortu genuen proiektua. Gure nahia Azkoitian eta inguruko herrietan antzerkirako zaletasuna zabaltzea zen, batez ere, gazteen artean. Casting-a egin genuen, eta, hortik aurrera, larunbatero elkartzen hasi ginen. Rise&Shine izan zen gure lehen lana, eta, orain, Shine Again egin dugu. Bigarren zatia da”, azaldu du Barquerok.
Lehenengo zatiak “oso harrera ona” izan zuela-eta animatu dira bigarrena egitera. “Publikoaz gain, lanean ari zirenak ere oso gustura zeuden, eta gehiago nahi zuten. Denek eskatzen zuten bigarren zatia. Institutu batek askorako eman dezake, eta istorioa luzatzeko aukera ikusi genuen. 2015eko udan ekin genion bigarren gidoia idazteari, eta irailean hasi ginen entseguekin”, gaineratu du Alberdik.
Ameriketako Estatu Batuetako musikaletan oinarrituta dago lana, eta, haiek bezala, oso istorio “estereotipatua” dela azaldu dute: “Musikal guztiak antzekoak izan ohi dira. Antzerkiari musika jartzen diozun momentutik bide batetik zoaz, erreferente batzuk dituzu. Musikal asko egin izan dira, eta guk asko ikusi ditugu hau prestatzeko. High School Musical-ekin eta Goazen! telesailarekin antzekotasunak ditu”.
Musikal bat egitea Barquerok aspalditik buruan zebilkien zerbait zen: “Azkoitiko antzerki eskolan ibiltzen nintzen, eta zerbait zuzentzeko gogoa neukan. Musikal bat izatea nahi nuen, gainera. Jendeari gehienbat gustatzen zaiona musika da; antzerkia musikarekin lagunduta askoz eramangarriagoa da. Karirekin hitz egin nuen, eta hemen gaude…”.
Antzerki mota horrek zailtasun gehigarria du, ordea. “Abestiak, dantzak eta antzerkia prestatu behar dituzu; izugarrizko lana du”, esan du Barquerok. Alberdi harago doa: “29 pertsona izango gara oholtza gainean. Pertsonaia asko daude, eta trama asko prestatu behar dira. Gainera, trama horiek elkarrekin lotu behar dira, eta guztiei garrantzi bera eman behar zaie. Hori ere zaila da”. Halere, azaldu dute bigarren zatiaren gidoia apurka-apurka joan dela hazten. “Guk zirriborroa idatzi genuen, eta, gero, aktoreei erakutsi genien. Bakoitza bere pertsonaiarekin identifikatzen ote zen-eta galdetu genien. Beraiek gomendioak eman zizkiguten. Elkarlanean, hazi egin da proiektua”.
Bigarren zatia da Shine Again, eta institutua izaten ari den arazo ekonomikoak sortuko du trama nagusia. Hala ere, komedia bat da. “Istorio desberdinak daude, eta ez da barrez lehertzeko antzezlan bat. Baina komedia da”, azaldu dute. Oraingoan, lehenengoarekin baino “ikusgarritasun handiagoa” lortu nahi dute. “Ez da antzerki soil bat, ikuskizuna da. Dantzei eta argiztapenari eman diegu garrantzia. Bisualki oso indartsua da, eta hori gustatzen zaio jendeari. Zerbait desberdina egin nahi izan dugu”.
Hala ere, haien esanetan, antzezlan horren ezaugarri aipagarriena taldearen gaztetasuna da: “Lanean hasi ginenean taldekide batek ez beste guztiok 20 urte baino gutxiago genituen. Egun, gazteenak 14 urte ditu, eta zaharrena ez da hogeita gutxitik pasatzen. Bai aktoreen eta dantzarien artean, eta baita talde teknikoan ere”.
Gaztetasunaz gain, guztientzat afizioa da antzerkia. “Antzeztea, dantzatzea eta abestea gustuko duen taldetxoa elkartu gara. Inor ez da profesionala. Bateren batek musika ikasketak egiten ditu, baina…”, azaldu dute. Haien ustez, hori da jendea gehien harritu duena. “Herritarrek ezagutzen gintuzten, eta horregatik etorri ziren lehen emanaldia ikustera. Ikusitakoan, ordea, asko harritu ziren zuen mailarengatik. Baliabide gutxirekin zerbait handia egin dugula uste dugu”, azaldu dute. “Antzerki hori ikustean jendeak galdetzen du: ‘Non zeuden ezkutatuta abeslari eta dantzari horiek guztiak?’ Herri batean 30 pertsona horretarako prest egotea harrigarria da”.
Etorkizunera begira
Shine Again antzezlanak lotuta dauka bigarren emanaldia. Hain zuzen ere, Azpeitiko Soreasu antzokian izango da, abenduaren 10ean, 17:00etan. Hortik aurrera, “ahalik eta emanaldi gehien” eman nahi dituzte. Lehen zatiarekin sei saio egin zituzten Donostian, Zumaian, Azpeitian eta Azkoitian. “Egitura aldetik arazoa daukagu. Obra hau ezin da edozein lekutan egin, oholtza handia behar dugu. Hala ere, guk ahal dugun guztia egingo dugu emanaldiak ixteko”.
Institutu horren inguruko azken antzezlana izango da, bigarren zatiarekin zikloa amaituko dutela esan baitute zuzendariek. “Ez dakigu beste zerbait egingo dugun, baina ez da hirugarren zatirik egongo. Poliki joan behar dugu. Ezin dugu esan hau egingo dugu edo hori egingo dugu. Horrek zorte txarra ekartzen du”, azaldu du Barquerok. Alberdirentzat “oso esperientzia ona” izan da: “Orain dela lau urte, ordenagailu baten aurrean gidoia idazten ari ginen, eta, orain, hemen gaude elkarrizketak egiten eta prentsaurrekoak ematen. Zoratzeko da. Lehen zatia Azkoitian estreinatu genuenean, ezin nuen sinetsi!”.
Leave a Reply