Ariane Vierbücher
Gizarte ekinbideko kooperatiba bat da Dar-dar Produkzioak. Artearen, kulturaren eta gizarte ekintzaren bidez, inguruko beharrei eta behardunei erantzuteko kezka eta konpromisoa dute. Asier eta Iker Zinkunegi anaia legorretarrak orain urtebete hasi ziren Giza Eskubideak Herrira proiektua lantzen, eta urte osoan hainbat ekintza egin dituzte herritarrak giza eskubideen inguruan sentsibilizatzeko. “Gaur egungo errealitatearen aurrean herrietan dagoen aniztasuna azalera ateratzeko asmoa dugu gure lanarekin, eta arazoa izan daitekeena aukera bihurtzea da gure helburua”, adierazi du Asier Zinkunegik. Elkar ezagutzaren eta onarpenaren bidez, integrazioa eta kohesio soziala bermatu nahi dituzte, eta, horrekin batera, giza eskubideen inguruan herritarrak sentsibilizatu eta hezi.
Proiektuaren sorrera
Ikastetxeetan genero berdintasuneko proiektu batekin lanean ari zirela, giza eskubideei buruz galdetu zieten ikasleei. “Inork ez zuen jakin erantzuten, Lehen Hezkuntzako 8.000 ikasletik bakar batek ere ez zuen ezagutzarik gai horren inguruan”, nabarmendu du Iker Zinkunegik.
Horrela sortu zen Giza Eskubideak Herrira proiektua. Epe ertain-luzeko proiektu bat da, “ez baita erraza horrelako gaien inguruan jendeak kontzientzia hartzea”. Herritarrengan giza eskubideen inguruan eragina lortzea “ez da egun batean lortzen den zerbait”. Hori kontuan izanda, ekintza ugari garatu dituzte bi anaiek; ikastetxeetan ez ezik, esparru publikoan ere eragiten saiatzen dira. Proiektu hau Ordizia Hiri Hezitzailea proiektu orokorraren barruan sortutakoa da.
2016an, Ordiziako ikastetxeetan garatu den atalean 954 ikaslek hartu dute parte. Horiez gain, ikasleen familiak ere kontuan izan dituzte, eta 550 familia ingurura iritsi dira. Ikastetxeetan erabilitako material pedagogikoaren bidez, ikasleen familietan giza eskubideen inguruan gogoeta eta hausnarketa bultzatu dute.
Film laburren lehiaketa
Otsailaren 20an, Justizia Sozialaren Munduko Egunean, aurkeztu zuten Ordiziako Herri Antzokian Giza Eskubideak Herrira Nazioarteko Film Laburren lehiaketa. Lehiaketak ireki duen zikloa bihar amaituko da, Ordiziako Herri Antzokian egingo den gala nagusiarekin.
Antolatzaileek mundu osoko 32 herrialdetatik iritsitako 130 film labur jaso dituzte. Goierriko hainbat lan ere jaso dituzte, Ordiziako Jakintza ikastolatik bidalitako sei tartean. Jasotako lanak astero eman dituzte Ordizian, zinema programazioaren barruan, ohiko filmaren aurretik.
Lehiaketako finalistak erabakitzeko, parte hartze prozesu bat ireki zuten Ordiziako eragileekin elkarlanean, eta hiru emanaldi egin dituzte azaroan, Barrena kultur etxean. Film laburrak ikusi ondoren, lanik gustukoenaren alde bozkatu ahal izan zuten ikusleek, eta hortik atera dira biharko finalean emango dituzten hamabi film laburrak.
Leave a Reply