Maite Alustiza
Pedagogiaren esparrua jorratzen du duela 42 urtetik Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak —lehen Gipuzkoako Akordeoi Konfederakundea deitua—. Ikasleen motibazioa bultzatu nahi du, musika eskoletan eta kontserbatorioetan dabiltzanen artean. Asmo horrekin, beste urte batez Arrasateko Akordeoi Lehiaketak antolatu ditu; ohi bezala, hiru ataletan: Arrasate Hiria nazioarteko lehiaketa, Gipuzkoako lehiaketa eta Gipuzkoako jaialdia. Guztira 400 musikari batuko dira herrian, gaurtik igandera arte. Askotariko musika estiloak jorratuko dituzte: herri musika, jazza, klasikoa, garaikidea…
24. aldia izango du Arrasate Hiria nazioarteko lehiaketak. “Erreferentziazkoa” da kontzertugile izan nahi duten akordeoi-jotzaileentzat. Urteotan guztiotan herrialde ugaritako akordeoi-jotzaileak bertaratu dira, baina aurten inoiz baino handiagoa izango da parte hartzea. 28 musikari lehiatuko dira, eta hamabi herrialde egongo dira ordezkatuta: Italia, Eslovenia, Errusia, Polonia, Serbia, Finlandia, Kroazia, Frantzia, Suedia, Portugal, Txina eta Katalunia. Oscar Strasnoyren Double Ostinato da akordeoi-jotzaile guztiek derrigorrez interpretatu beharko duten obra.
Arrasate Hiria lehiaketako irabazleak 3.600 euro, diploma eta garaikurra jasoko ditu, eta, horretaz gain, kontzertu bira hasiko du. Bigarren sailkaturentzat 1.800 euro izango dira, eta 900 euro hirugarrenarentzat. Derrigorrezko obraren interpretazio onenak ere saria izango du, eta Arrasateko Gastronomia Elkarteen Elkarteak “jatorrena” sarituko du. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “nazioarteko hiru lehiaketa garrantzitsuenen artean” dago Arrasate Hiria, eta hori hala, epaimahaian ere “izena duten musikariak” egongo dira: Iñaki Alberdi (Euskal Herria), Geir Draugsvoll (Norvegia), Vojin Vasovic (Serbia), Friedrich Lips (Errusia) eta Matti Rantanen (Finlandia). Rantanenek, era berean, bi masterclass emango ditu astelehen eta asteartean, Kulturaten, irakasle eta interpretatzaileei zuzenduta —beharrezkoa izan da aldez aurretik izena ematea—.
Gipuzkoako akordeoi lehiaketan 30 parte hartzaile egongo dira, ez Gipuzkoakoak bakarrik: Euskal Herrikoak, Kataluniakoak, Espainiakoak… Kontserbatorioan ari diren ikasleei zuzenduta dago; dena den, ez da beharrezkoa kontserbatorio batean izena emanda egotea. Hiru mailatan banatzen da: haurren maila —14 urtera arte—, junior maila —14 eta 17 urte bitartean—, eta seniorra —18 urtetik gora—. Hauspoz elkartearen arabera, maila horretan “Espainiar estatuan antolatzen diren akordeoi lehiaketetan osatuena eta zailena da”.
Gipuzkoako jaialdian, berriz, 332 akordeoi-jotzaile ariko dira, bakarlari modura edo taldeetan. Ez da lehiaketa bat, eta musika eskoletan dabiltzanei dago zuzenduta, “musika eskoletako oinarrizko pedagogiaren osagarri” modura. Adinaren eta ezagutzaren arabera banatuko dituzte mailak.
Aparteko saio gehiago
Lehiaketa eta jaialdiez gain, emanaldi gehiago egongo dira egunotan. Iaz Arrasate Hiria irabazi zuen Janne Valkeajoki finlandiarrak hainbat kontzertu emango ditu: gaur, 20:00etan entzun ahal izango da, Kulturaten. Bihar, berriz, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, 19:30ean.
Arrasateko Aita Menni ospitalera ere iritsiko da musika. Gaur, 17:00etan, Kataluniako Valles eskualdeko Akordeolari Gazteen Orkestrak eta Terrassako Saxofoi-jole Gazteen Kontserbatorioak kontzertua emango dute.
Leave a Reply