Ariane Vierbücher
Badira urte batzuk Izaro Rubiok (Ordizia, 1974) hango eta hemengo lasterketetan parte hartzen duela. Lasterketa motzak ditu gustukoen, baina hainbat maratoitan ere parte hartu izan du. Azkeneko txapela abenduaren 4an eskuratu zuen, Zarauzko bikote mistoen krosean, Mitxel Cuadradorekin batera.
Nolatan hasi zinen korrika?
Txiki-txikitatik gustatu izan zait korrika egitea, eta betidanik aritu izan naiz, bai korrika eta baita beste kirol batzuetan ere. Baina lasterketetan parte hartzen 2009an hasi nintzen. Nire aitak beti egin izan du korrika, eta lasterketa eta maratoi askotan parte hartu du. Txikitatik joan izan naiz lasterketetara aita ikustera eta animatzera, eta hortik sortu zait grina, ziurrenik. Ni neu aitarekin hasi nintzen korrikan. Gaur egun, Bolitas anaiak lagun taldeko kide naiz, eta, horretaz gain, Txindoki taldean ere aritzen naiz.
Zein izan zen parte hartu zenuen lehenengo lasterketa?
Lilatoia. Bost kilometroko lasterketa bat da, eta lehenengo aldirako ondo zegoela iruditu zitzaidan, lasterketa motza delako. Jende asko ateratzen da, maila oso ezberdinekoa, eta agian ez nuen hainbesteko presiorik sentitzen. Emakumeak dira parte hartzaileak, eta uste dut horrek ere pixka bat babestuago sentiarazten ninduela. Aitortu behar dut lehenengo aldia izateko oso gustura bukatu nuela.
Esperientzia positibo hark, beraz, beste lasterketa batzuetan parte hartzera animatu zintuen.
Bai, halaxe da. Lilatoian parte hartu ondoren, berriz ere animatu, eta Ordizian, Josetxo Imazen omenezko lasterketan parte hartu nuen. Handik aurrera, Ormaiztegin Sahararen aldeko lasterketa eta beste lasterketa asko etorri ziren atzetik, gaur egun arte.
Zeintzuk dira parte hartu duzun lasterketa gogorrena eta kuttunena?
Lasterketa motzetan ibili izan naiz, bost kilometro inguruko probetan batik bat. Ondoren, hamar kilometrokoetan. Proba luzeagoen artean lehenengoa Gasteizko maratoi erdia izan zen. Maratoi batean, berriz, iaz hatu nuen parte lehenengo aldiz, eta Bartzelonan izan zen. Donostiakoan ere bitan parte hartu dut. 42 kilometroko proba da; kilometro asko niretzat, eta oraindik luze egiten zait. Esan dezaket hori izan zela zailenetakoa, edo gogorrena bai behintzat.
Kuttuna zein den esatea oso zaila da, lasterketa bakoitzak bere xarma baitu. Baina, bat esatekotan, Ordiziako Josetxo Imaz lasterketa esango nuke. Josetxo bera ezagutzen nuelako eta haren omenez egiten den proba delako. San Silvestre lasterketa ere oso polita iruditzen zait. Ordizian egiten dena, batez ere. Herriko jende asko ateratzen da egun horretan, tartean jende ezagun asko, eta oso gustuko dut.
Nolako entrenamenduak egiten dituzu?
Orain dela bi urte arte nire aitarekin entrenatzen nintzen. Bion artean prestatzen genituen entrenamenduak. Lasterketaren arabera, motza, luzeagoa edo maratoia izan, horren arabera entrenamendu mota bat edo beste egiten genuen. Gaur egun, taldeko gainontzeko kideekin entrenatu ohi naiz, eta Jon Aranburuk egiten ditu entrenatzaile lanak. Gimnasio pixka bat, serieak eta batez ere korrika egiten dugu. Aranburuk esaten digu, hortaz, entrenamenduaren luzera, iraupena eta erritmoa. Aitarekin bezala, lasterketaren arabera, entrenamendu mota bat edo beste egiten dugu. Lan handia egiten dugu, eta horrek errendimenduan ere hobekuntza handia ekarri dit.
Elikadurari dagokionez, modu berezian zaintzen al duzu?
Aitortu behar dut ez dudala gauza berezirik egiten. Denetik jaten dut. Lasterketaren bat dudanean baino ez diot kontu pixka bat egiten elikadurari. Kasu horretan, karbohidratoetan aberatsak diren elikagai gehiago jaten dut, baina, horretaz gain, ez naiz erotzen.
Ama zara, kirolaria eta langilea. Nola uztartzen dituzu hirurak?
Oraintxe 13 eta 11 urte dituzte nire seme-alabek; hortaz, txikiagoak zirenean baino errazagoa zait horiek uztartzea. Dena den, ondo antolatzea da kontua, eta, zerbait egiteko gogoa eta borondatea edukiz gero, irtenbideak bilatzen saiatzen naiz. Egia da, hala ere, beste gauza batzuei denbora kendu behar izan diedala. Lehentasunak zeintzuk diren argi izan eta antolatzeak, horrek balio izan dit niri.
Familiakoek jarraitzen al dizute?
Bai, lasterketa askotara joaten dira animatzera. Oso hunkigarria da helmugara iristerako une horretan maite dituzunak animatzen egotea.
Zer ematen dizu korrikak?
Askatasuna ematen dit. Gustukoa dudan zerbait izateaz gain, estresa eta eguneroko bizitzak sortutako tentsioa askatzeko oso modu ona da. Korrika egiteak asko lasaitzen nau. Horretaz gain, jende asko ezagutzeko aukera eman dit, eta lagun handiak egin ditut.
Esan daiteke duzun afizio handiena dela?
Handiena baino gehiago esango nuke denbora gehien kentzen didana dela. Mendira joatea ere oso gustuko dut, udaran batez ere. Horrela, errepidean korrika ibili beharrean, noizbehinka mendian ibiltzen naiz.
Lasterketa motzak edo maratoiak egin ohi dituzu; hala ere, beste mota bateko lasterketetan parte hartzea pentsatu al duzu sekula?
Bai, mendi probetan, adibidez. Orain dela bi urte hasi nintzen horrelakoetan ere parte hartzen. Marimurumendin bi urtetan parte hartu dut. Mendiak beste mota bateko entrenamendua eskatzen du, baita denbora gehiago ere. Polita da, baina gogorragoa egiten zait. Hala ere, nahiago dut asfaltoa.
Orain dela egun gutxi, Zarauzko bikote mistoen krosean txapela eraman zenuen.
Mitxel Cuadradorekin parte hartu nuen. Sarri aritu izan gara elkarrekin horrelako lasterketetan. Aurten, 660 bikote inguruk parte hartu dute parekidetasuna eta kirola uztartzen dituen proba horretan. Bikote mistoen lasterketak gaur egun Euskal Herriko txoko askotan egiten badira ere, Zarauzkoa aitzindaria izan zen.
Zer sentitzen da podiumeko maila altuenera igotzean?
Oso momentu polita da, baina aukeran nahiago helmugara heltzeko unea. Sentsazio are politagoa iruditzen zait. Egindako lanak merezi izan duela sentiarazten dit helmugara heltzeak.
Zein helburu dituzu etorkizunerako?
Oraintxe, igandean Gasteizen egingo dudan maratoi erdia dut buruan, eta ahal dudan denborarik onena egiten saiatuko naiz. Hortik aurrera, orain arte bezala, korrika egiteaz gozatzen jarraituko dut, inguruko lasterketa motzetan parte hartuz batez ere. Xarma berezia dute niretzat.
Leave a Reply