Azkoitia
Beningo haurrentzat janaria. Azkoitiko Gazteak eta Garapena gobernuz kanpoko erakundeak Beningo haurrentzako janaria bilduko du. Floreaga ikastetxean jasoko dute janaria, abenduaren 22ra arte, eta baita herriko hainbat dendaren atarian ere, gaur eta bihar. Galtzen ez diren gaiak bilduko dituzte: arroza, pasta, dilistak, babarrunak…
Aretxabaleta
Greziara eta Saharara bidaltzeko jostailuak. Jostailu bat, irribarre bat kanpainaren barruan, Greziako eta Saharako kanpamentuetan dauden haurrei bidaltzeko jostailuak jasoko dituzte gaur 17:00etatik 19:30era eta bihar 11:00etatik 13:00era, herriko plazan. Egoera onean dauden jostailuak eskatu dituzte, eta izan daitezela pilarik gabekoak. Ume bakoitzarentzat opari bat jasotzea da antolatzaileen nahia —Guraso Foroa, udala, Algara ludoteka eta Hiruatx elkartea—.
Arrasate
Bigarren eskuko arroparen azoka. Arrasateko Gaztetxeak antolatuta, bihar, egun osoan, bigarren eskuko arroparen azoka egingo dute Biteri plazan.
Ia herri guztietan
Martuteneko presoentzat.
Espetxe Pastoraltzakoak Martuteneko kartzelako presoentzako hainbat gauza biltzen ari dira herrietako parrokietan. Hilaren 19ra arte jasoko dituzte. Honako hauek eskatzen dituzte: artilezko txanoak, gizon eta emakumeentzako barruko arropa berria, txankletak eta kirol oinetakoak (emakumezkoentzat 37-40 eta gizonezkoentzat 41-44 zenbaki artekoak), galtzerdiak, azazkalak moztekoak, tabako gorria eta metxeroak, turroi biguna, eta gutun azalak eta zigiluak. Jasotako materiala Eguberri bezperan banatuko dute presoen artean.
Orio
Jostailuak trukatzeko aukera. Herrio Natur Taldeak antolatuta, erabilitako jostailuak trukatzeko azoka egingo dute igandean, 10:30etik 14:30era, herriko plazan. Eguraldi txarra egingo balu, pilotalekuan jarriko lukete postua. Gaur arratsaldean jostailuak biltzen ariko dira Herrio taldekoak: Zaragueta eskolan, 16:00etatik 17:00etara; eta Orioko Ikastolan, 16:30etik 17:30era. Bihar, berriz, herriko plazan bilduko dituzte jostailuak, 17:00etatik 19:00etara. Herrio Natur Taldeko kideek jakinarazi dute jostailuek osorik egon behar dutela, eta egoera onean, “norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan”.
Soraluze
Bigarren eskuko azoka solidarioa. Soraluze BHI ikastetxeak antolatuta, V. Bigarren Eskuko Azoka Solidarioa egingo dute bihar goizean, herriko Plaza Zaharrean. Azokan ateratzen duten dirua Alboan gobernuz kanpoko erakundearentzat izango da.
Tolosa
Bigarren eskuko eta truke azoka. Ana Yurd elkarteak antolatuta, bihar, bigarren eskuko azoka eta truke azoka egingo dituzte, Berdura plazan, 16:30etik 19:30era. Hilero egiten dute, hirugarren larunbatean.
Usurbil
Erabilitako jostailuen merkatua. Hitz-Aho Udarregi ikastolako Guraso Elkartearen ekimenez, bihar, 11:00etatik 13:00era, erabilitako jostailuen 10. azoka egingo dute frontoian. Gaur, 17:00etatik 19:00etara azokarako materiala biltzen ariko dira Sutegiko aretoan. Materiala musu-truk emango dute herritarrek; trukean, nahi izanez gero, txartel bat jasoko dute, azoka egunean beste zerbaitengatik aldatzeko. Jostailuen truke azoka.
Zarautz
Opari trukeen merkatua. Zarauzko Kale Hezitzaileak taldeak antolatuta, Gabonetarako opari trukeen merkatua egingo dute gaur, 17:00etatik 19:00etara, Lege Zaharren enparantzan.
Bigarren eskuko azoka. Igandean, egun guztian, bigarren eskuko azoka egingo dute Lege Zaharren enparantzan. Erabilitako liburuak, CDak, DVDak eta biniloak eskuratzeko aukera izango da han.
Leave a Reply