A. Perez-Karkamo
Ikasketak bukatu, eta Txinara joan zen Judas Arrieta (Hondarribia, 1971). Ekialde Urruneko artearekin liluratuta, atzean utzi zituen familia eta lagunak, eta Pekinen ezarri zen. Han ezkondu eta gero itzuli zen herrira, Keiko alaba hazteko leku hobea delako.
Tailerra herrian du, baina erakusketa eta lanik entzutetsuenak urruti egin ditu: Santanderren (Espainia), Balearretan eta Valentzian (Herrialde Katalanak), Boisen (AEB)… Kale interbentzio ikusgarriak egin ditu, eta Hondarribiari horrelako zerbait falta zaiola uste du: “Muralen ibilbide bat; jendea harrituko litzateke”.
Bizitzeko, nolako herria da Hondarribia?
Norberaren arabera. Ni hemen hazi nintzen, gero hemendik alde egin nuen, artista gisa joateko beharra nuelako. Eta gero itzuli naiz, familiarentzat, alabarentzat leku segurua, erosoa delako. Familia hazteko leku ona da. Arteaz bizitzeko aukerarik ez nuelako alde egin nuen hemendik. Ez bakarrik inguruagatik, niregatik ere bai. Bidaiaren arrazoiak pertsonalak ziren, baina egia da ez dela erraza artista izatea Hondarribian.
Txinan zinela, zer sumatzen zenuen faltan herritik?
Inoiz ez nuen ezeren falta sumatu. Joaten naizen lekuan pentsatzen dut nik, ez utzi dudan lekuan. Egun, gainera, teknologiaren bitartez familiarekin, lagunekin, harremanetan jartzeko aukera dago. Herrimina… [pentsakor] mainen beharra da.
Txikia zinenetik asko aldatu da herria. Zertan nabaritzen duzu zuk aldaketa hori?
Herria aldatu eta handitu da, eta horrek gizabanakoen arteko eguneroko harremanetan eragin du. Lehen normala zena orain ez da beharrezkoa, eta herriaren izaera aldatu du horrek. Ni koadroen artean hazi nintzen. Alde Zaharrean eta Portuan galeria asko zeuden, eta artearekin zegoen harremana oso desberdina zen. Egun, desagertu da hori, eta ahaztu da. Oraindik badira artista taldeak, udaran erakusketaren bat egiten da, baina egoera ez da onena. Adibidez, herrian ez dago erakusketak egiteko areto bat.
Proposamenak eginez gero aukera ematen dizute, baina zaila da kolektiboki gauzak egitea, traba asko daude, askotan ematen du taldean egiten diren gauzek molestatu egiten dutela. Ez dira konturatzen tramite burokratikoetatik kanpo egiten diren gauzek jendea hezteko balio dutela, herria biltzeko balio dute. Baina, ekonomikoki zenbaezina denez, ezin da egin. Hori lehen ez zen gertatzen, naturalagoa zen.
Kalean lan asko egindakoa zara. Hondarribian apenas ikusten den kaleko arterik.
Kaleko artea modan dagoen mugimendua da. Hondarribian ez da ezer egin, ez delako oraindik proposatu. Baina oso interesgarria litzateke, elkartu beharko liratekeelako herrikideak, udala eta artistak, lantalde bat sortu beharko litzatekeelako. Ez dakit zer-nolako harrera izango zukeen hemen, herria gauza batzuetan nahiko tradizionala delako. Asko harrituko lirateke ikusiz gero nola eralda daitekeen herria paretetan interbenituz. Pintxoen ibilbidea badago, zergatik ez muralen ibilbidea? Eskaintza turistikoa zabaltzeko balioko luke, eta muralak edonon egin daitezke, portuan, hondartzan, Alde Zaharrean, periferian… Horrelako ideiak buruan dauzkagu, ari gara, baina denbora behar da horretarako.
Leave a Reply