Erabakitzeko eskubidea, bi kolpetan

Eider Goenaga Lizaso

Sinadurak biltzen, atxikimenduak bilatzen, herri kontsultarako giroa berotzen, erabakitzeko eskubidearen aldeko kontzientzia zabaltzen bukatuko dute 2016a datorren urtean herri kontsulta egingo duten herri eta eskualdeetan. Goierrin, Debagoienean eta Azpeitian egin ondoren, lekukoa Gipuzkoako 51 herrik hartuko dute. Gure Esku Dago-k ehun herri kontsulta iragarri ditu 2017rako, eta horietako erdiak baino gehiago egingo dira Gipuzkoan.

Bi kolpetan gauzatuko dute erabakitzeko eskubidearen ariketa praktikoa. Martxoaren 19an izango dira galdeketak Astigarragan, Hernanin, Oiartzualdean eta Tolosaldean; eta maiatzaren 7an, berriz, Debabarrenean, Urola Kostan, Lasarte-Orian eta Usurbilen. Bozketa horiek egin ostean, Donostia, Irun, Hondarribia, Urnieta, Andoain, Beizama eta Aia geldituko dira herri galdeketa egin gabe; hala ere, Gure Esku Dago-k baditu taldeak martxan toki horietan, eta batzuetan nahiko aurreratuta daude, galdeketarako datarik jarri ez duten arren.

Gure Esku Dago-k joan den larunbatean aurkeztu zuen Prest ibilbide orria. Bertan 2017rako egitekoak eta aurrera begirako helburuak zehaztu zituzten, eta herri galdeketen eta erabakitzeko ariketen zikloa 2019an amaitzeko asmoa iragarri. Galdeketak, erabakitzeko eskubidearen aldeko ituna, herri mobilizazioak eta elkarlana izango dira ordura arteko bide orriaren ildoak.

2017an galdeketa egingo duten 51 herriotan 284.000 herritar bizi dira —Gipuzkoan, guztira, 710.000 inguru—, eta 16 urtetik gorakoek izango dute botoa emateko eskubidea. Herri handi eta txikiak daude herri galdeketa antolatu dutenen artean, baina Gure Esku Dago-k aitortu du bere erronka “Euskal Herriko hiriburuetara iristea” izango dela. “Helburu ez baita Euskal Herriko herri guztietan galdeketak egitea, baizik eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida, pedagogia eta egikaritzea euskal herritarren gehiengoa bizi den guneetara hedatzea”.

Gure Esku Dago-ren arabera, hiriburuetako galdeketak posible izango dira, “tokian tokiko errealitateak, indarrek eta nahiak ahalbidetzen badituzte”. Donostian martxan da dinamika, eta ekainaren 5ean erabakitzeko eskubidearen aldeko saio txiki bat egin zuten —Goierriko, Debagoieneko eta Azpeitiko galdeketen egun berean—. Jai giroan, hautetsontziak jarri zituzten Bulebarrean, eta honako galdera hau botopaperetan: “Donostian erabakitze eskubidearen aldeko herri galdeketa bat antolatzearen alde zaude?”. 2.000 donostiar inguruk parte hartu zuten bozketan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.