M. Alustiza
Bide Azpiegituretako Sailak datozen hilabeteetan martxan jarriko dituen bi egitasmo nagusiei oniritzia eman diete Gipuzkoako Batzar Nagusiek: GI-632 errepideko Antzuola-Bergara tarteko lanak eraikitzeari; eta N-1 errepideko bidesariari, Etzegaraten.
Joan den astean onartu zuten Irun eta Etzegarate arteko errepidean kamioiei bidesaria ezartzeko foru araua, eta “egun historikotzat” jo zuen aldundiak. EAJk, PSE-EEk eta PPk egin zuten alde, eta EH Bilduk eta Ahal Dugu-k abstentziora jo zuten. 2018an ezarriko dute, soilik kamioientzat. Aldundiaren asmoa da bidesariarekin N-1eko zirkulazioa arintzea; garraiolariak, ordea, ez datoz bat. Hiru elkartearen arabera, N-1aren bueltan daude kamioilariek behar dituzten azpiegiturak.
Bidesaria jartzeko beste argudio bat da Gipuzkoatik pasatzen diren kanpoko kamioilariei kobratu egin behar zaiela. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuaren hitzetan, 12.000 kamioik baino gehiagok erabiltzen dute N-1a egunero; horietatik %60 atzerrikoak dira.
Kobratzeko AT sistema hautatu dute: hiru arku jarriko dituzte Irunen, Andoainen eta Etzegaraten, eta hiruretatik pasatzen diren kamioiek gehienez hamar euro pagatuko dute.
GI-632 errepidean, “agintaldiko proiektu handienetako eta estrategikoenetako bat” dauka diputazioak. Deskargako errepidearen azken lanak amaitzeko gelditzen den zatia eraikiko dute, Antzuola-Bergara tartean. Bost kilometroko bidea da, eta, hori amaituta, Gipuzkoako eskualde guztiak “konektatuta” egongo dira, Gipuzkoako biribilgunea deiturikoan. Bidegik 41,7 milioi euroren truke —gehi BEZa— adjudikatu ditu lanak. Urtarrilean hasiko dituzte, eta 2019an bukatzea aurreikusi dute.
Leave a Reply