Gipuzkoan hondakinak tratatzeko azpiegiturarik ez dagoela-eta errauste planta egin arte beste bide batzuk bilatu behar direla adierazi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Otsailean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Lapatxeko zabortegiarekin egin zuen horri konponbidea emateko lehen saioa. Zabortegia handitu eta beste urtebetez hondakinak jasotzea nahi zuen GHK-k, baina Urola Erdiko Mankomunitateak ezezkoa eman zion, soilik Lapatx bete arte hartuko zutela zaborra. Azaroaren 30ean utzi zioten errefusa jasotzeari.
Otsailean, bestalde, Gipuzkoako hiri hondakinak Meruelora (Kantabria, Espainia) eramaten hasi ziren. Kantabriak, baina, 80.000 tonara mugatu zuen 2017an hartuko duen hondakin kopurua, eta hori Gipuzkoak sortzen duenaren erdia baino ez da. Argudio horrekin, hiri hondakinak Mutiloako zabortegira eramaten hasiko zirela iragarri zuen, irail amaieran, Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuak. Kudeaketa pribatua du zabortegiak, Ferrovial taldearena da, eta orain arte industria hondakin solido eta geldoak hartu izan ditu. Hurrengo hiru urteetan 100.000 tona errefus jasoko ditu, urteko. Ormaiztegi, Gabiria eta Mutiloako udalak kontra agertu dira.
Leave a Reply