Danel Agirre
Egunero arropa berberekin janzten zen unibertsitateko kide batek kontatu zidan bere aitak, Espainiako erregearen Gabon gaueko mezua entzuteko familia bildu, eta amaitu bezain pronto sofatik altxatu eta bigarren hitzaldia botatzen ziela, etxerakoa. Opus Deikoak zirenez, zortzi edo bederatzi seme-alaba ekoitzi zituzten gurasoek, zortzi edo bederatzi bider bakarrik txortan eginda —suposatu nuen nik—. Xanpu iragarkiak filmatzeko moduko ile bikaineko haurrak behar zuten, Opus Dein burusoilik ez dagoela gauza jakina delako. Koskortzen zirenerako sektako egoitzetara pasatzen zituzten guztiak, Madrilen edo Iruñean, eta urtean behin bakarrik biltzen ziren, elkarren segidako bi erretolikak entzun eta zeken banatutako xanpain kopa erdiekin txolintzen saiatzeko.
Amak eta zazpi edo zortzi anai-arrebek osatzen zuten hitzaldien entzuleria. Zeken banatutako xanpain kopa erdiez asperturik, unibertsitateko nire kidearen arreba batek Opus Dei laga eta familiako ospakizunetarako ez zen etxeratzen. Oraindik leial zitzaizkionak estu hartu ohi zituen aitak bere urteroko errepasoan. Seme-alabei eskolako txakalaldiak aurpegiratzen zizkien, Gabon gaueko etiketa arauek aholkatzen duten errukirik gabe. Ardi beltza bere balantzetik at utzi ohi zuen, hori bai, Juan Carlos eta Felipek Cristinarekin egin ohi duten gisara. Kiroltasunez betetako keinua iruditzen zitzaidan niri. Unibertsitateko kideak azaldu zidanez, bide okerretik galdutako arreba ahaztuta zazpi edo zortzi seme-alaba ekoitzi izanaren plantak egiten zituzten gurasoek ospakizunetan. Txortan zazpi edo zortzi bider bakarrik egin izan balute bezala.
Karrera bukatu eta pare bat urte pasata topatu nuen azkenekoz unibertsitateko kidea, Iturrama eta Eskirotz kaleek osatzen duten bidegurutzean. Lagun baten etxera bisitan nindoan ni, fakultaterantz presaka bera. Ordezko irakasle zebilela kontatu zidan, eta familia osatu berriarekin Lopez frontoiaren alboan bizi zela. Graduazio ekitaldia pasa berritan klasekide batekin ezkondu, eta bigarren haurraren zain omen zeuden dagoeneko (txortan bi bider baino egin gabe, suposatu nuen nik). Betiko arropak zeramatzan, eta bere ileak itxura bikaina zuen, distiratsua eta indarrez betea.
Hamabost urte igaro dira ordudanik, eta dagoeneko zortzi edo bederatzi bider egingo zuten txortan nire unibertsitateko kideak eta bere emazteak, suposatu berri dut. Juan Carlosek abdikatu zuenean Feliperi tokatu bezala, aitaren Gabon gaueko mezuaren ohitura ere bere gain hartuko zuen honezkero Lopez frontoiaren alboko etxean. Unibertsitateko nire kidea tipo argia zenez, nago aitaren beste ohitura bat ez zuela kopiatuko. Xanpain kopak zekenkeria gabe banatu, eta ziur txolindutakoan ile bikaineko bere zortzi edo bederatzi seme-alabei azkar ahazten zaiela egunero eskolara joateko arropa berbera jantzi behar dutela.
Leave a Reply