[Urtekaria] Betaurreko moreen iraultza

[Urtekaria] Betaurreko moreen iraultza

Eider Goenaga Lizaso

Borreroak baditu milaka aurpegi, dio Negu Gorriak taldearen abestiak, eta emakumeen kontrako indarkeriak ere halaxe ditu. Bikotekideek hildako emakumeak edo urteetan jipoiak sufritu dituztenak daude izozmendiaren puntan, baina, hortik abiatuta, zabalduz doa mendiaren oinarria, emakume guztiengana heldu arte. Mikromatxismo gisa izendatzen diren eta ia garrantzirik eman gabe pasatzen uzten diren komentario eta gertaerak; edota emakume guztiek inoiz sentitu duten beldurra, gauez etxera bakarrik bueltatzean. Indarkeria mota horiek ez dira berriak; bai, ordea, horiei erantzuteko moduak.

Beste erantzun mota bat

Betaurreko moreak janzteko eskatzen dute talde feministek, bizitzaren egunerokotasunean gertatzen diren gauza guztiei ikuspegi feminista batetik begiratzeko. Eta, betaurreko moreak jantzita, indarkeria matxistari erantzuteko modu berriak ere sortu dira. Aurtengo uda parteko festetan, esaterako, herri askotan antolatu dituzte Brigada Moreak, neskei gauez etxera bueltatzen laguntzeko. TNT Tolosako Neska Taldeak, esaterako, iazko Ibarrako jaien esperientzia oinarri hartuta antolatu zituen Brigada Moreak aurtengo sanjoanetan, eta Aiztondo bailarako emakume taldeko kideek egin zituzten laguntzaile lanak; ondoren, Villabonako jaietan eurak izan ziren hango Brigada Morea osatu zutenak; eta, irailean, Iruran, inguruko hainbat herritako kideak batuta osatu zuten laguntzaile taldea. Lasarteko Sorgin Jaietan ere antolatu zituzten Brigada Moreak, eta Pasai Antxoko sanferminetan, berdin. “Etxera joateko orduan beldurra pasatzera ohituta gaude, eta ez genuen beldur hori gehiago elikatu nahi. Horregatik erabaki genuen horri buelta ematea. Hori dela eta, banderola moreak ateratzen genituen; baita soinua egiteko tronpetak, panderoak eta abar ere”, azaldu zion uztailean Hitza-ri Ane Etxeberriak, Harremantxo talde feministako kideak.

Erasoak geldiarazi nahi dituzte; erasotzaileak ezeroso senti daitezen, eta emakumeak, eroso eta seguru. Izan ere, gauez eta festa giroan, oraindik badira arrazoiak emakumeek beldurra sentitzeko: otsailean, Tolosako inauterietan, gizon bat atxilotu zuten, neska bati ukituak egiteagatik; ekainean, Ibarrako Gazte Festetan, bi neskak salatu zuten drogatu eta eraso egin zietela; ekainean, Irungo sanmartzialetan, lau neskak aurkeztu zuten salaketa arrazoi beragatik; uztailean, Errenteriako madalenetatik bueltan zetorren neska bati eraso zion gizona geldiarazi zuten, Lezon, bizilagunek; abuztuan, Donostiako Aste Nagusian, lekuko batek eraso matxista bat geldiarazi zuen kalean. Adibideak baino ez dira.

Halakoei erantzuteko asmoz, eta sanferminetan gertatzen zirenekin “nazkatuta”, Farrukas taldeak Beldurra aldez aldatuko dugu dinamika sortu zuen 2014ko udan. Autodefentsa feministaren bidetik, beltzez jantzita, buruak kaputxarekin estalita eta burrunba eginez ateratzen dira kalera. “Baina gure mezuak eta gure aldarrikapenek hautsi egin dituzte Iruñeko mugak; Euskal Herri osoan zabaldu dira, eta kanpora ere iritsi dira, Madrilera esaterako”, azaldu zion Hitza-ri Farrukas taldeko kide Maite Arraizak, azaroan. Arraiza Donostiako Emakumeen Etxeak antolatutako Beldurra eta lotsa aldez alda daitezen jardunaldietan hizlari izan zen, Medeak taldeko Kattalin Minerrekin batera, eta fenomeno berriari buruzko gogoeta egin zuten.

Minerren aburuz, emakumeak ahalduntzeko “sekulako tresna” dira bai Brigada Moreak eta bai Beldurra aldez aldatuko dugu dinamika. Mugimendu feministak inoiz ez bezalako indarrarekin erantzun duelakoan dago. “Guk urteak daramatzagu feminismoan militatzen, eta ehunka manifestazio eta aldarrikapen egin ditugu, baina nik uste dut manifestazio hauetan parte hartu duten emakumeek zerbait berezia sentitu dutela”. Egin diren protesten bidez eta erantzuteko modua aldatuta, ia ezkutuan eta interes handirik piztu gabe gertatu diren gaueko erasoak hedabideetan agertzen hasi direla nabarmendu zuen Minerrek jardunaldietan, eta ezinbesteko jo zuen mugimendu feministak gaiari buruz gogoeta egin eta aurrera begirako borroka ildoak zehaztea.

“Beldurra indarkeria da”

Beldurraren kontzeptua ez da berria emakumeen kontrako indarkeriaren testuinguruan. 2009koa da, hain zuzen, Beldur Barik programa —gaur egun Emakundek kudeatzen duena—, eta gauez emakumeek sentitzen duten beldurraren gaiari eutsita, joan den azaroan 15-26 urte arteko gazteen artean egindako ikerketa lan bat aurkeztu du Emakundek. “Beldurra emakumeen kontrako indarkeria da”, adierazi zuen aurkezpenean Maria Rodo de Zarate lanaren egileetako batek. Ikerketaren arabera, “segurtasunik eskaintzen ez duen aurkako ingurune gisa” sentitzen dute neskek espazio publikoa; baina beldur hori transmititu egin zaie, eta horrek haien askatasuna mugatu egiten du. Kontzientzia feministak beldurra izatea ez duela eragozten ere esan zuen Rodok, baina eragiten duela beldur hori ulertzeko eta izuari erantzuteko moldean. “Mugimendu feministaren ekinaldietan ahalmen handia dago gizartea eraldatzeko”.

Udaletan

Euren eguneroko jardunean betaurreko moreak janzteko asmotan, bestalde, 10.000 biztanletik beherako 29 herrik Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdinbidean programan parte hartzen dute. Udal kudeaketan genero ikuspegia txertatzea, egoeraren diagnosi orokorra egitea, ahulguneak detektatzea eta konpontzen saiatzea, udaleko langileen prestakuntza lantzea, berdintasun politikak abiatzea… azken finean, berdintasunaren gaia lehentasunezko gaien artean jartzea da programaren helburua; eta udal txikiei, berdintasun teknikari bat izateko baliabide ekonomikoak ez dituzten horiei, horretarako aukera ematea. “Programan sartu ginen, eta betaurreko moreak janzten hasi ginen udaleko denok”, azaldu zion Hitza-ri apirilean Urnietako zinegotzi Miren Martiarenak (EAJ). Gai honetan, baina, erakundeek eta herritarrek eskutik eutsita joan behar dutela esan zuen Berastegiko alkate Amaia Azkuek (EH Bildu), guztien inplikazioa ezinbestekoa dela berdintasuna lortuko bada.

Leave a Reply

Your email address will not be published.