Eider Goenaga Lizaso
Zubietako errauste plantaren —Ingurumen Gunea deitzen diote Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eta foru aldundiak— obren adjudikazioarekin amaituko da urtea. Obra egiteko eta kudeaketarako lehiaketa publikoa Urbaser enpresa sareak irabazi du, eta GHKren batzarrak abenduaren 27an emango dio oniritzia. Moyua, Altuna y Uria, Murias eta LKS enpresa gipuzkoarrek parte hartzen dute Urbaser sarean, eta urtarrilean hasi nahi dituzte eraikuntza lanak.
GHK-k 768 milioi euro ordaindu beharko dizkio Urbaserri 32 urtetan, eta enpresa sareak errauste planta 30 hilean eraikitzeko konpromisoa hartu du, 2019ko udan martxan jar dadin.
Errauste planta EH Bilduren eta EAJ-PSEren arteko gatazka iturri izan da hasieratik. Proiektua atzera bota zuen EH Bilduk diputaziora heltzean, 2011n, baina foru aldundira iristean, 2015eko ekainean, errauste planta egin egingo zutela ziurtatu zuten EAJk eta PSE-EEk. Urte eta erdi geroago, adjudikazioa ia egina dago, baina proiektuaren kontrako jarrerak areagotu egin dira kalean.
GuraSOS taldeak hartu du errauste plantaren kontrakoen aitzindaritza urte honetan. Maiatzean aurkeztu zuten taldea, eta honela definitu zuten euren burua: errauste plantak herritarrengan, eta bereziki umeengan, izango duen eraginak kezkatutako guraso, aitona-amona eta osaba-izebak; interes politiko edo ekonomikorik gabeak; eta mundu eta ideologia ezberdinetako kideen elkarlanetik sortua. “Bakar-bakarrik gure seme-alabak babestu nahi ditugu: ez dugu beren osasuna arriskuan jartzerik onartzen. Horregatik, arazoari emango zaion irtenbideak gaur egun gipuzkoarron osasunerako berme nahikorik ematen ez duenez, erraustegiaren asmoa alde batera uztea eskatzen dugu”, azaldu zuten GuraSOSeko kideek.
Ekainaren 19an egin zuen lehen indar erakustaldia GuraSOSek. Manifestazioa egin zuten, Antiguako tuneletik Alderdi Ederrera, helduak beltzez eta umeak zuriz jantzita. Irailaren 4an, Kristinaenean, Abuztock jaialdia egin zuten. Eta mobilizazioak amaitzeko, azaroaren 26an, manifestazioa egin zuten, Hondakinen gatazkari irtenbide proposamena izenburuko bide orria aurkeztu ostean.
Bide orriak lizitazio eta kontratazio prozesuetan atzera egitea edo haiek geldiaraztea eskatzen du, eta ondoren informazioa behar bezala zabaltzea eta eztabaida sustatzea, ados jartzeko helburuarekin. Hondakinak kudeatzeko plana berrikustea eta parte-hartze prozesu baten bidez —mahai tekniko bat eta mahai sozial bat osatuz— adostasun soziala zein teknikoa izango duen plan berri bat lantzea posible dela uste du GuraSOS taldeak.
Zortzi hilabete eskasean atxikimendu zabala lortu du Gura- SOSek, eta herritarren zein pertsona ezagunen babesa eskuratu du: Garbiñe Biurrun epailea, Imanol Agirretxe eta Asier Illarramendi Realeko jokalariak eta Gorka Otxoa aktorea, adibidez, GuraSOSen irtenbide proposamenaren alde agertu ziren azaroaren 26ko manifestaziora deitzeko egindako bideoetan.
Gipuzkoa Zutik
Erraustegiaren kontrako erreferentzialtasuna GuraSOSek hartu badu ere, ez da izan errauste plantaren kontra aurten oihartzun handia lortu duen bakarra. Maiatzaren 29an, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak antolatuta, giza katea egin zuten Donostiako Onkologikoaren eta Aldundiaren egoitzaren artean. 5.000 lagun behar ziren katea osatzeko, eta antolatzaileek adierazi zuten nabarmen gainditu zela kopuru hori. Gipuzkoa Zutik izeneko taldeak egun horretan bertan egin zuen agerpena. Errauste plantaren eta egungo eredu politiko-ekonomikoaren aurka protesta egiteko deialdia egin zuen taldeak, eta giza katearen ostean Gipuzkoa plazan gelditu ziren gaua egiten, protesta moduan. “Politika batzuk herritarren %1en alde egiten dira, gainontzeko %99en kontura. Ideia horren ikur nagusia, Gipuzkoan, erraustegia da, baina beste toki batzuetan beste forma bat har lezake”.
Hilabetean eutsi zioten Gipuzkoa Zutik mugimenduaren “kanpalekuari”. Tartean, Ertzaintzak eta Donostiako udaltzainek Gipuzkoa plazatik bidali zituzten, indarrez, eta Bulebarrean jarri ziren, eta handik berriro Gipuzkoa plazara itzuli. Ertzaintzaren eta udaltzainen oldarraldiak are protagonismo handiagoa eman zion protestari, eta milaka herritarrek bat egin zuten, une batean edo bestean, Gipuzkoa Zutik egiten ari zen jarduerekin: herri batzarrak, tailerrak, hitzaldiak, mobilizazioak, gogoeta jardunaldiak, musika emanaldiak…
Hasi eta hilabetera, ekainaren 29an, “kanpaldi iraunkorra bertan behera uzteko” erabakia hartu zuten. “Erraustegiaren auzia eztabaida politikoaren lehen lerroan jartzea lortu dugu; beraz, pozik gaude”, azaldu zuten antolatzaileek. Bestalde, kanpaldiak herrietan lantalde berriak sortzeko eta antzeko dinamikak hauspotzeko balio izan zuela nabarmendu zuten, eta herri eta eskualde mailako talde horiei utzi zieten lekukoa.
Zubieta eta Usurbil
Errauste plantaren kontrako jarrera, hala ere, ez da soilik manifestazio eta mobilizazioen bidetik heldu. Urriaren 21, 22 eta 23an Zubietan eta Usurbilen herri galdeketa antolatu zuten gaiaren inguruan. Zubietan biztanleen %64,7k eman zuten botoa —244 herritarrek, hain zuen—, eta horietako %99,5ek ezetz esan zioten errauste plantaren proiektuari; Usurbilen, berriz, herritarren %43,6k eman zuten botoa —2.318 lagun—, eta %97,9k bozkatu zuten ezezkoa. Galdera bera egin zuten bi tokietan: “Erraustegia egitea nahi al duzu ala ez?”.
Leave a Reply