J.M.L.
Saharako enbaxadore dira Oporrak Bakean programan parte hartzen duten umeak, eta haien begiraden atzean ezkutatzen dena azalarazi nahi izan du Nora Urbizu villabonatarrak. Erabat lan militantea izan da, musu-truk egindakoa. Azken urteetan gertutik Amasako apaiz etxean ezagutu dituen haurren erretratuak atera ditu, eta horrekin Amasahara proiektua osatu.
Noiz eta non du sorburua proiektu honek?
2015eko udan, Amasan. Tea hartzen ari ginela sortutako hizketaldi luze horietako baten emaitza da. Eliren [Eizagirre] eta bion artean sortu zen sentsibilizazio kanpaina bat egiteko gogoa. Aurten, haurrak hemen zeudela aprobetxatu genuen argazkiak ateratzeko, eta ordutik hona zein forma eman pentsatzen aritu gara.
Aurrez argazkilari aritua al zinen?
Kamera digitalak ez zeuden garaian ikastaro bat egin nuen Donostiako Argazkilari Elkartean, eta errebelatzen ere ikasi nuen. Ordutik, agenda kontuengatik ez dut beste argazki ikastarorik egin, eta badut digitalean ikasteko gogoa. Ez naiz argazkilari profesionala, eta erakusketa bisitatzen duenak ikusiko du hori. Lan honek beste balio batzuk ditu, haurrekin egote hori, harreman hori islatzen dute. Kuriosoa naiz, berez, eta argazki kamera erabiltzean baino gehiago, begirada ezberdin bat jartzean dago nire ekarpena.
Zein irizpide erabili duzue argazkiak aukeratzeko?
Zaila egin zait oso. Taldean egin dugu lana. Behin argazkiak aterata, argi nuen beste ikuspegi bat jartzen lagunduko zidan norbaiten laguntza behar nuela. Aurretik ere elkarrekin lanean aritutakoak gara, eta, beraz, berehala jo nuen Beatriz Medranorengana. Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta emaitza polita izan da.
Noiz ateratako argazkiak dira erakusketan bildu dituzuenak?
Guztiak egun bakar batean ateratakoak dira, aurtengo uda bukaeran. Handik gutxira etxera bueltatzekoak ziren, eta argazkietan despedidaren gertutasunak sortzen dituen sentimendu kontrajarriak nabari dira. Baina, oro har, umeak oso eroso egon ziren kamera aurrean; lasaitasun ikaragarria dute horretarako. Argazkiak ikusita, nabari da konfiantza marko batean ateratakoak direla. Aurreko urteetan egona nintzen haur horietako askorekin, eta jolas moduko bat izan da beraientzat.
Batzuk melfa jantzita, besteak turbantearekin. Zergatik?
Aukeran eman nien. Batzuek jantzi zituzten, eta besteek ez. Jartzeko prozesua, melfekin nola egiten duten jolas… hori guztia jaso nuen. Ikusi ahal izan nuen behin melfa edo turbantea jantzita beste indar bat hartzen zutela haurren begiradek; nortasun bat nabari da argazki horietan.
Erakusketarekin hasi eta non bukatuko da proiektua?
Batek daki. Maiatzak 20 elkartearen esku utzi dugu. Jendeak ez dezala pentsa argazki erakusketa profesional bat denik. Errespetu guztia adierazi nahi diet beren bizibidea hortik ateratzen dutenei. Saharako herriarekin gertatzen ari dena gizarteratzeko modu bat da gure egitasmo hau.
Leave a Reply