Jon Miranda Labaien
Udan Amasako (Villabona) apaiz etxean egon ziren Saharako haurren erretratuak dira nagusiki proiektuaren ardatza, baina Amasahara egitasmoa ez da erakusketara mugatzen. Sentsibilizazio kanpaina izatea nahi dute, eta komunikazio egitasmo oso bat prestatu dute horretarako: egongo da argazkiez osatutako erakusketa bat, aukeran herriz herri ibiliko dena, baina, horrekin batera, poltsan eramateko moduko koadernotxoak prestatu dituzte, postalak eta orri-markatzekoak.
Hain zuzen, begiraden serie batekin osatu dituzte orri-markatzekoak. Beatriz Medrano diseinu arduradunak azaldu du: “Ume hauen begiratuak oso indartsuak dira. Nik erretratu psikologiko bezala ikusten ditut. Melfak edo turbanteak jantzi edo erantzi, begirada aldatzen zaie, beste identitate bat adierazten dute, indartsuagoa. Kamera aurrean beste era batera paratzen direla esango nuke”.
Atentzioa eman dio Medranori, berezkoak dituzten jantziak soinean jarrita, neskak, esate baterako, nola jarri diren kamera aurrean. “Ikusten da beraiengan Mendebaldeko kultura eta ohituren arrastoa”. Udan Medranok ez zuen hainbesteko harremana izan Saharako haurrekin, baina behin argazki guztiak ikusita “samurtasuna” eragiten diotela esan du. Horregatik aukeratu du letra tipo fina eta sinplea. “S hizkian, esate baterako, & sinboloarekin jolastu nahi izan dugu, eta umeen kaligrafia hori gogoratu. Argazkietan ageri diren jolasetako mugimenduak irudikatu nahi izan ditugu”, dio Medranok.
Hogeitik gora argazki bildu dituen erakusketa da proiektuaren abiapuntua. Amasako kultur etxean du lehen geltokia, eta herriz herri mugitu nahi dute. Lehenengo Amasa aukeratzeak badu bere arrazoia: “Iruditzen zaigu azken hiru urteetan Saharako haurrak hartu dituen herriak merezi duela beste inork baino lehenago lana ikustea, proiektua lagundu eta oso ondo portatzen diren bizilagun asko baitaude”.
Tamaina berekoak dira argazki guztiak, ume guztiei “garrantzi bera” eman nahi dietelako. Erakusketan ikusgai diren argazkiak salgai daude. Ikusleak gustuko dituenak aukeratu eta zein tamainatan nahi dituen erabaki ahal izango du; hiru egongo dira aukeran. Jasotako ekarpena Maiatzak 20 elkarterako izango da.
Argazkiekin batera beste obra bat erakusteko asmoa dute, herriz herri. Ander Ortiz de Murua villabonatarrak prestatutakoa da: “Argazkietako bat aukeratu, aurpegiaren erdia hartu eta begia eta melfa agertzen diren partea aukeratu ditut koadro bat egiteko”. Berezia da, ordea, artelana: “Egur baten gainean eginda dago, eta marrazkia Bic boligrafoekin egindakoa da. Zirriborro teknika erabili dut horretarako, espresioa moldatu ahal izateko”. Distantzia batetik begiratuta, argazki baten gisan ikus daiteke irudia. Ortiz de Muruak ere Maiatzak 20 elkartearen esku utzi du bere koadroa, nahieran erabil dezan.
Amasahara proiektuarekin bat egin nahi duenak harremana egin dezake arduradunekin maiatzak20sahara@gmail.com helbidean edo 696-01 47 86 telefonoan.
Leave a Reply