Erik Gartzia Egaña
Izaera sozialeko ekonomiak eta ekintzailetzak gero eta presentzia handiagoa du Gipuzkoako ekonomian. Proiektu asko sortzen ari diren arren, ez da bide erraza izaten gisa horretako proiektuak aurrera eramatea. Horiek sustatze aldera, Koop Fabrika proiektua martxan jarriko dute aurten. Olatukoop sarea eta Lanki Mondragon Unibertsitateko Huhezi Fakultateko lankidetzaren ikertegia dira proiektuaren sustatzaile nagusiak, baita tokian tokiko eragileak ere.
Koop Fabrika, baina, ez da hutsetik sortutako zerbait. Debagoieneko Berrekin Berregin eta Buruntza-Beterriko Kooperatzen esperientziak egin zituzten aurreko bi urteetan. “Motibazio ezberdina genuen”, gogorarazi du Olatukoop kooperatiben sareko kide Beñat Irasuegik, “baina bi eskualdeetan ia gauza bera egin genuen. Hori modelizatu eta marka bera erabiliko dugu bi eskualde horietan, baita Oiartzualdean ere”. Zehaztu duenez, ekintzailetza sozialeko programa tokikoa da, baina sarean koordinatutakoa.
Abiapuntua zein den azaldu du Irasuegik: “Orain, krisiarekin, ekintzailetza modan dago, baina bultzatzen ari direna da ekintzailetza mota bat. Sistema bera ez da gai lana sortu eta eskaintzeko, eta langileei pasatzen die ardura. Indibidualista da, arrakasta ekonomikoa bakarrik bilatzen duena, finantzarizazioa sustatzen duena eta start-up ereduan oinarrituta”. Adierazi du beraiek ez zutela laguntza handirik jaso Talaios kooperatiba sortzean: “Garapen egituretan, normalean, sozietate mugatuak eta autonomoak sustatzen dituzte, ez denbora gehiago behar duten kooperatibak”.
Amaia Oleaga Olatukoopeko kidearen iritziz, eredu hori “agortuta” dago, ez dielako erantzuten gizartearen beharrei: “Kooperatibek eragin handiagoa dute gizartean, eta egonkorragoak dira; hobeto jasaten dituzte arazoz betetako testuinguruak. Eta, epe luzera begira, interes handiagoa dute”.
Krisiak jasateko gakoak eman ditu Irasuegik: kolektiboa izatea, tokian errotuago daudelako eta beharrei lotuagoa dagoelako. “Gainera, baliabide ekonomiko eta produktiboak langileen esku uzten ditu”, jarraitu du Irasuegik.
Baliabideak ematea helburu
Koop Fabrikari dagokionez, aurreko urteetako esperientziak lagundu die teoria, formakuntza metodologia eta abarrak egonkortzen. Hala ere, Oleagak esan du ez dela hainbeste formatiboa, baizik eta “proiektuak berak sustatzea eta baliabideak ematea”.
Lehenik eta behin, ekintzailetza soziala zer den definitu du: soziala, gizartearen beharrak betetzen dituelako; kolektiboa, taldean sustatzen delako; kooperatiboa, jarduera sozioekonomikoa lankidetzan eta ahalduntzean sustatzen duelako; tokian tokiko eragileak saretzen dituelako; eta gizarte eraldatzailea.
Kontzeptua zedarrituta, bi ataletan banatuko dute Koop Fabrika programa: formakuntzan eta hazitegian. Programan izena ematen duenak trebakuntza jasoko du hilabete honetatik Aste Santura arte. Esparru teorikoa jasoko du, zeina “oso ideologizatua” baitago, Irasuegik azaldu duenez: “Azaltzen dugu zergatik nahi dugun ekonomia soziala, munduaren egoera zein den, eta abar”. Horrez gain, ekintzailetza sozialerako erremintak emango dituzte, hau da, kooperatiba bat sortzeko behar direnak. “Bideragarritasun plana, canvas-a, marketin plana… Dena ekonomia sozial ekonomikoaren barruan. “Ohiko enpresen erremintak hartzen ditugu, eta gureganatu. Horrez gain, beste enpresetan egongo ez diren gauzak ere egon daitezke: ekonomia feminista edo zure balantzean proiektu bizigarria izatea”.
Asteazken eta ostegunetan emango dituzte saio horiek, 09:00etatik 13:00era, Errenteriako Torrekuan, Aretxabaletako Bagaran eta Hernaniko Beterri-Buruntza Garapen Agentziaren egoitzan.
Ostiraletan, denak elkartuko dira, Hazitegia izena jarri diotena martxan jartzeko. Jakinarazi dutenez, Hazitegia ikasle eta irakasleen artean esparru komun bat sortzea da, proiektuak sortzeko. “Bakoitzak berea bota dezala, eta gainontzekoek euren iritzia emango diote”, azaldu dute Olatukoopeko kideek. Horrez gain, Euskal Herrian arrakasta izan duten proiektuak bisitatuko dituzte; haien esanetan, hori “askotan garrantzitsuagoa” baita.
Aste Santutik aurrera, eta ekainera arte, tutoretza fasea landuko dute. Tutore batek helburuak markatuko ditu, eta horiek betetzen saiatu beharko dute. Tutore pertsonalizatua mentore izan beharrean “bidelagun” izango dela ziurtatu dute proiektuko kideek. Aldi berean, tutore gehiago trebatzeko ahalegina egingo dute, “jende gutxik” duelako tutoretza emateko gaitasuna.
Hiru profilen bila
Koop Fabrika proiektua hiru profiletako pertsona edo eragileentzat egina dago. Alde batetik, ideia edo proiektu berri bat garatu nahi dutenentzat. Bestetik, beren jarduera profesionalizatu nahi duten elkarteentzat, edo proiektu oso handia izan eta dedikazio handia behar dutenentzat. Azkenik, aurreko urteetan bilatu ez duten profil bat jarriko dute martxan: martxan dauden enpresetan barne ekintzailetza sustatzeko. Izan daitezke enpresa tradizionalak edo ekonomia soziala lantzen dutenak. Negozio lerro berri bat ireki nahi badu, sozialki arduratsuagoa, edo demokratikoagoa, edo enpresa txiki bat kooperatiba bilakatzeko.
Programa guztia euskaraz izango da, eta dohainik. “Proiektuak aurrera eramateko ingurune egoki bat eskaini nahi dugu, coworking-ean aritzeko espazio fisiko bat”, esan du Irasuegik. “Baina, aldi berean, proiektuan parte duten beste eragileekin saretzeko ere balio du, eta zuzeneko harremana izaten jarraitzeko”.
Posta elektroniko bidez eman daiteke izena info@koopfabrika. eus helbidean, edo 646-07 82 45 telefonora deituta. Mugatuak dira programa horretan parte hartzeko lekuak.
Leave a Reply