Gutxiagorekin ere, posible da

Gutxiagorekin ere, posible da

Ariane Vierbücher

Ordiziako D’elikatuz elikadura eta gastronomia zentroak, hamaikagarren urtez jarraian, D’elikatuz Bizi kanpaina jarri du martxan, gipuzkoarrak elikadura osasuntsuaren eta jarduera fisikoaren inguruan sentsibilizatu eta heziketa eskaintzeko asmoz. Bizi d’elikatuz… eta mugituz!!! izenburupean, baliabide urriko pertsonentzako elikadura eta jarduera fisikorako ohitura egokiak erakusten ditu gidak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol departamentua da egitasmo horren babesle nagusia. Sustatzaileen arabera, gaur egungo gizarteak funtsezko kezka bat du: pertsona guztien beharretara egokitu beharko lukeen informazioa ona ez izatea eta horrek giza eskubideekiko errespetua oztopatzea. Aukera berdintasuna lortzeko, ezinbestekotzat dute informazioa lortzeko moduko agertokiak izatea. Agertoki horien bitartez baliabide urritasuna duten pertsonen integrazioa lortzea dute helburu. Hori dela eta, uste dute garrantzitsua dela ingurua egokitzea eta informazioa eskuratu ahal izateko oztopoak suntsitzea. Hori eginda, eremu guztietan pertsona horien parte hartzea, autonomia eta gizarteratzea lortuko delakoan daude.

Alde horretatik, gaur egungo gizarteak ondorengoa bermatu beharko lukeela diote, errespetuan oinarrituz: pertsona bakoitzari bere autonomia nahiz xedea kudeatzeko aukera ematea eta bere bizitzako eguneroko gauzetan erabakiak hartzeko aukera ematea. Horregatik guztiagatik, D’elikatuz zentroak, aldundiaren eta gai horretan adituak diren hainbat pertsonaren laguntzarekin, gida ateratzeko beharra ikusi du. Baliabide urriak dituzten pertsonentzako gida da, beraien bizi kalitatea hobetzeko elikadura egokia eta jarduera fisikoa sustatzea helburu duena. “Baliabide urriagoak izateagatik ez diote zertan osasun fisiko eta mentala zaintzeari utzi beharko, oso garrantzitsua baita”.

2.000 ale inprimatu dituzte. Interneten deskargatzeko aukera ere badago, www.delikatuz.com eta www.gipuzkoa.eus/kirola webguneetan.

Baliabide urriko pertsonak

Gidan atal desberdinak aurki daitezke; batetik, elikadurari dagokiona. Atal horretan, multzoka sailkatzen dira elikagaiak: pasta eta arroza bezalako elikagaiak sartzen dira lehenengo multzoan. Bigarren multzoan, berriz, proteinak: haragia, esnekiak eta arrautzak, besteak beste. Eta azkenik, hirugarren multzoan, frutak eta barazkiak. Egunean, gutxienez janaldi oso bat egiteko gomendioa egiten du gidak, eta, horretarako, multzo bakoitzeko elikagai bana hautatzeko esaten du.

Bigarren atala jarduera fisikoari eskaintzen dio; astean lau ordu gutxienez pertsona bakoitzarentzat egokia izan daitekeen kirolari eskaini behar zaizkiola gomendatzen du. Intentsitateaz ere hitz egiten du: elkarrizketa bat mantentzeko modukoa izan behar du. Hirugarren atala emozioen ingurukoa da. Eguneko gertaera eta sentsazioak adierazi, partekatu, eta horiekiko interesa agertzeko aztura sortzearen garrantzia azpimarratzen du.

D’elikatuz Bizi kanpainaren lehen ekitaldia 2006an jarri zuten martxan, elikadura eta bizi ohitura osasuntsuak sustatzeko kanpaina moduan. Ordurako bazen Araban EHUko Farmazia fakultateko Pedro Ramos doktorearen eskutik martxan zegoen kanpaina bat, eta ideia hura Gipuzkoan txertatzea egokia iruditu zitzaien D’elikatuz zentroko kideei. Lehen garaietan hainbat arlotan jardun zuen kanpainak, hala nola Gipuzkoako sukaldaritza eskolekin sukaldaritza osasungarriaren ikastaroetan eta errezeta liburuetan, EHUn elikadura desorekei buruzko jardunaldietan eta ikerketa lanetan. 2009tik aurrera, elikadura osasuntsua eta jarduera fisikoa sustatzeko gidak lantzen hasi ziren, talde desberdinei begira, gidei ahalik eta zabalkunde handiena emateko helburuz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.