Danel Agirre
“Kalea nirea da” esan omen zuen behin Manuel Fragak, herrizaintza ministro zenean. Kalea guztiona da izena du Zumaian urtebete martxan daraman kanpainak. Alkateak herriko bazterrak pintaketa eta pankartaz betetzea galarazi zuenean ipini zuten abian. Konstantzia bai, baina ekimena ez da arrakasta apartekorik izaten ari. Manolo Urbieta zena gogoan Erribera kalean margotutako mural ezin apolitikoagoa ere borratu egin zioten brigadakoek, pentsa. Beste Manolo bati, atariko esaldiko galiziarrari, hilondoko omenaldia izan zen Zumaiako Udalaren partetik.
Indarkeriaren tentsiorik gabe ezker abertzalea “kalea galtzen” ari dela esatea modan dago. Ez da egia, ordea, ezker abertzaleak udalak eta ministerioak lortzeko bakarrik nahi zuelako kalea. Gainontzekoan, ez zaio inori interesatzen. Iñaki Segurolari irratian entzun niola uste dut: kalerik ez dago egun, taberna eta zarata bakarrik. Eta denda, erantsiko nioke nik. Kalea tabernara edo dendara daraman tunel bat da, ez beste ezer.
Ez dago kalean bizikletak konpontzen laguntzeko talderik. Ez dago, munduko beste hainbat tokitan bezala, xakean jokatzeko juntadizorik. Ez dago Imanol Epelderen poesia errezitalak entzuteko korrorik. Ez dago lore eta zuhaitzei buruz ikasteko ibilaldirik. Ez dago abesti zaharrak berreskuratu eta abestuko dituen ahotsik. Ez dago Xantik gordeak dituen herriari buruzko mila artikulu, istorio eta argazkiak ikuskatzeko jakin-minik. Ez dago irakurriak ditugun liburuak auzokoekin trukatu ahal izateko elkarretaratzerik. Ez dago ogia, pizzak eta oilaskoak egiteko labe komunitariorik. Ez dago gerrari buruzko aitona-amonen kontaketak entzuteko gogorik. Ez dago, hitz batez, diren Fragei eta Zumaiako udalei erronkatxoak botatzeko indarrik.
Sistema hiltzaile hau deuseztatuko duen iraultza burutzeko kalera irteten ez garela deitoratu ohi da sarri. Iraultza burutzeko modu eraginkorrena ez da kaleei su ematea, ordea, kaleak erabiltzea baizik. Gurean dabiltzan etorkin senegaldarrak ari dira kaleak erabiltzen, eta diren Fragei eta Zumaiako udalei ez zaie askorik gustatzen hori. Parkeetan eseri eta bazkaria partekatzen hasterako, bizkor hurbiltzen zaizkie udaltzainak, parkeak bazkaria partekatzeko tokiak ez direla esplikatzera. Okerrena da etxeko gortinen atzetik zelatan dabilen norbait izaten dela udaltzainei abisua pasatzen diena.
Etorkin senegaldarrek kalea falta zaigula pentsatuko dute, derrigor. Liburu eta toallarekin hondartzara jaitsi nahi nuen nik bazkalostean. Baina gortinen atzetik begiratu, eta haize apur bat altxatu dela dirudi. Sofan geratzea erabaki dut; iluntzean animatuko naiz akaso pintxo-potera.
Leave a Reply