Eider Goenaga Lizaso
Inoiz ez da berandu. Beti da garaiz ikasten jarraitzeko, eta ideia horri eusten diote Helduen Hezkuntza Etengabeko (HHE) zentroek euren egunerokoan. Askotarikoa da, ordea, bertaratzen diren ikasleen jatorria, adina eta, batez ere, motibazioa. Bere garaian ikasteko aukerarik izan ez zuten adineko pertsonak, lanean oso gazte hasi eta ikasketak utzi behar izan zituztenak, gogo edo motibazio faltagatik nerabezaroan derrigorrezko hezkuntza bukatu ez zuten ikasle gazteagoak, lanerako edo oposizioetara aurkezteko DBHko titulazioa behar duten adin ertainekoak, titulazioa eskuratu ostean ikasten jarraitu nahi dutenak, gaztelera ikasten ari diren atzerritarrak… 2014-2015eko ikasturtean, Gipuzkoan, 8.304 ikasle aritu ziren Helduen Hezkuntzan.
Bi lauhilekotan banatzen dute ikasturtea Helduen Hezkuntzan. Oraintxe ari dira lehen lauhilekoa amaitzen, eta, azterketak dituztenak, azterketak egiten. Hori amaitu bezain laster, matrikulazio epea irekiko da. Urtarrilaren 27tik otsailaren 3ra arte izango dute ikasleek matrikulatzeko aukera; bai dagoeneko ari direnek eta bai ikasle berriek.
Hernani eta Andoaingo HHE zentroetako zuzendari da Iñaki Irisarri duela bost urtetik; batetik bestera ibiltzen da, bai zuzendari lanetan eta bai eskolak ematen. Andoainen ordenagailu berria jarri behar dutela-eta, bertan hartu du kazetaria. Jose Ramon Zarketa irakaslea, aldi berean, eskolak ematen ari da. Bi saharar eta marokoar bat daude gelan, eta irakurtzen eta idazten irakasten ari zaie Zarketa, astean hamar orduz. “Euskara eta ingelesa ere ematen ditugu, baina oso maila apalean, eta astean hiru edo lau ordu bakarrik. Gaztelera, ordea, hezkuntza arautuaren barruan daukagu sartuta, eta horrek hamar orduko eskolak eskaintzea ahalbidetzen digu. Lau ordu ez dira nahikoa hizkuntza ikasteko”.
HHE zentroek, baina, hezkuntza arautuan egiten dute lan gehien. “HHE zentro guztietan hezkuntza arautuaren zikloak berdin banatzen ditugu. I, II eta III graduak daude. I. Graduan hizkuntza ikasi, eta idatzi eta irakurtzen ikastea da helburua; II. Gradua, berriz, Lehen Hezkuntzarekin parekatzen da, oinarrizko ezagutzak eskainiz bai zientzia arloan eta bai soziolinguistika arloan; eta III. Gradua DBHrekin parekatzen da. II. eta III. graduetan lau maila daude, eta III. Graduan, laugarren mailako azterketa gainditzean, titulazio ofiziala eskuratzen du ikasleak”.
Irisarriren arabera, “ikasle gutxi” dituzte, eta horrek zaildu egiten du taldeak osatzea. Guztira, 238 ikasle dituzte bi zentroetan, eta hamalau talde dira. “Hamazazpi ikasle behar dira taldea osatzeko, eta guk ez dugu lortzen maila bakoitzean hamazazpiko taldea osatzea. Hala, gradu bakoitza bi gelatan banatzen dugu, eta gela horretako ikasleak bi maila ezberdinetakoak dira”.
Horrez gain, HHE zentroetan unibertsitaterako sarrera froga gainditzeko prestakuntza ere eskaintzen dute —hezkuntza ez-arautuaren alorrean sartzen da, froga ez baitute beraiek egiten—. “Baina ez da zentro guztietan eskaintzen. Guk, adibidez, ez daukagu aukera hori”, azaldu du Irisarrik. Hezkuntza ez-arautuan, hizkuntzez gain, informatika ikastaroak ere eskaini izan dituzte Hernanin eta Andoainen —orain ez—, eta artearen historiak ere erakarmen handia duela gaineratu du zuzendariak. HHE zentro askotan eskaintzen dute gai hori.
Eskola guztiak gazteleraz direla argitu du, halaber, Irisarrik. “Zaila egiten zaigu gazteleraz taldea osatzea; euskaraz ezinezkoa litzateke”. Euskara eskolak ere “oso-oso maila apalean” ematen dituztela azaldu du. “Oso oinarrizkoa da, 0 maila, eta, behin gutxieneko maila bat lortzen dutenean, euskaltegira joateko aholkatzen diegu. Eta berdin ingelesarekin”.
Gradu bakoitzaren profila
III. Graduko irakasle gisa aritzen da Irisarri, DBHko titulazioa lortzeko azken bi mailetan; I. Graduan, berriz, Zarketa. Oso errealitate ezberdinak dira batean zein bestean. Gaztelera irakasten eta irakurri eta idazteko gaitasuna eskuratzen laguntzen die ikasleei Zarketak. “Atzerritarrak dira guztiak, baina bi motako taldeak daude. Batzuk alfabetatu gabeak dira, baita euren hizkuntzan ere, ez dute inoiz ikasi; gazteleraz badakite, baina irakurtzen eta idazten ez. Besteak, berriz, ikasiak dira, alfabetatuak bere hizkuntzan, eta agian ingelesa eta frantsesa ere badakite. Horiek gaztelera hitz egiten ikasi behar dute lehenik, baina gero errazagoa egiten zaie irakurtzen eta idazten ikastea”.
Etorkinekin duten arazoetako bat jarraipenik eza da. “Lanik ez dute, eta, egun batzuetarako lan bat topatzen badute, etortzeari uzten diote. Gero, agian, berriro bueltatzen dira”. Zarketak azaldutakoaren arabera, askok Lanbidek hala eskatzen dielako egiten dute matrikula, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko baldintza gisa jartzen dietelako. “Eskolak doakoak dira, baina bertaratzea derrigorrezkoa da. Noski, lana topatzen badute eta abisatzen badute, eten egiten da matrikula, eta itzul daitezke. Arazoa da batzuek ez dutela abisatzen…”.
Etorkin gutxiago ditu klasean Irisarrik. III. Graduko 3. eta 4. mailetan ematen ditu eskolak. “Maila horretan gehienak bertako ikasleak dira. Batzuk gazteak dira, eskolan porrot egin dutenak eta hemen bigarren aukera bilatzen dutenak. Besteek titulazioa lortu nahi dute, bai lanean eskatu dietelako, eta baita, sarri, oposizioetara aurkezteko behar dutelako ere”. Talde horietan, normalki, jarraipena handiagoa dela azaldu du Irisarrik. “25 hasten badira, normalki kopuru horren bueltan daude amaitzen dutenak ere”. Maila horretan, 20 urte ingurukoak izaten dira gazteenak, eta 40-50 urteen bueltan egoten dira zaharrenak, salbuespenak salbuespen.
Adin nagusiagoko ikasleak, batez ere, II. Graduan daudela azaldu du Zarketak. “Bere garaian ikasi ezin izan zutenak, irakurtzen jakin bai, baina ikasketetan sakondu nahi duten horiek dira. Lehen gehiago ziren arren, oraindik ere badaude horrelakoak”. Asko emakumeak dira, erretiratuak, denbora librea bete eta, bitartean, zerbait ikasteko aprobetxatu nahi dutenak. “Beraien helburua ez da izaten III. Gradura pasatzea, eta urteak egin ditzakete II. Graduan”. Horiekin batera, I. Gradua gainditu eta ikasten jarraitu nahi duten etorkinak izaten dira taldea osatzen dutenak.
Edukiak
II. eta III. Graduetan bi gai edo arlo nagusitan banatzen dituzte edukiak: zientzia-teknologia, batetik, eta soziolinguistika, bestetik. “Zientzia eta teknologiaren arloan, bi graduetan, matematika da gehien lantzen dena, natur zientzietako zerbait ere bai, eta III. Graduan oinarrizko fisika pixka bat. Soziolinguistikaren arloan, berriz, geografia, historia, gramatika…”.
III. Graduan, titulua eskuratzeko asmoz ari direnen kasuan, ikasturte batek lau hilabete irauten du. Hala, DBHren baliokidea litzatekeen titulu hori bi urtean lor daiteke. “Noski, horrek esan nahi du ezin dugula DBHn ematen den materia guztia sartu. Asko murrizten dira edukiak”.
DBHn eskolak ematen hogei urte aritu ostean, helduekin lan egitea egokitu zaio Irisarriri. Ondo ezagutzen du hezkuntza mota baten eta bestearen arteko aldea. “Askotan, nerabeekin lan egitea erraza ez den arren, dena ez da esaten den bezain txarra; eta helduekin lan egiteak ere denetik dauka, onetik zein txarretik. Ikasleek, agian, gertukoago sentitzen zaituzte, hori bai; eta ikasle-irakasle arteko hesia ez da hain handia hemen”. Normalki, taldeak ere txikiagoak izaten dira. Orain, ikasle batzuei agur esan eta ikasle berriak hartzeko garaia da; matrikulazioa ondo joatea espero du zuzendariak. “Izan ere, azken urteetan, apal-apal bada ere, behera egin du matrikulazioak gurean, eta gero eta zailagoa da taldeak osatzea”.
Leave a Reply