Maite Alustiza
Ordiziako Herri Antzokiak eta Beasaingo Usurbe antzokiak Antzerki Garaia programa hartuko dute beste urte batez, bi herrietako udalen ekimenez. Gaur hasiko da zikloa, eta eskainiko dituzten zortzi lanetatik sei euskaraz izango dira. Sarrerak aurrez eros daitezke Ordiziako Barrena kultur etxean edo Kutxabanken bidez —hamar euro balio du saio bakoitzak—. Denboraldi osorako bonua 60 euroren truke eskura daiteke.
Umorearen bitartez, gaurkotasunaren analisi bat dakar Ados Teatroaren Idiot Txou antzezlanak. Antzokitik bertatik zuzeneko irratsaio bat egingo dute Josean Bengoetxeak, Dorleta Urretabizkaiak eta Asier Hormazak. Hizlariak izango dira Urretabizkaia eta Hormaza; Bengoetxea, berriz, teknikaria. Euren irratsaioak entzule gutxi dituen arren, ahaleginak egingo dituzte emisioak aurrera jarrai dezan, eta, horretarako, antzokiko publikoarekin hasiko dira elkarrizketan.
Marc Camoletti frantziarrak idatzitako No te vistas para cenar komedia aurkeztuko du Descalzos Producciones Espainiako konpainiak. Afari lasai bat izan behar zena ezustekoz betetako gau bilakatuko da: guztiek itxurak egin beharko dituzte gezurretan harrapa ez ditzaten. Aktoreen artean daude Goizalde Nuñez, Antonio Vico, Jesus Cisneros, Yolanda Arestegui eta Cuca Escribano.
Komedia dramatiko bat aurkeztuko du Txalo Produkzioak konpainiak. Yasmina Reza antzerkigilearen obra bat da, eta, Le Dieu du Carnage jatorrizko bertsioak izandako arrakastaren ondoren, ibilbide luzea egiten ari da hainbat hizkuntzatan. Antzezlanean, bi bikote euren seme-alaben arteko liskarrak konpontzeko asmotan elkartuko dira: bikoteetako bat Anek (Aitziber Garmendia) eta Alexek (Mikel Losada) osatuko dute; bestea, berriz, Manuk (Andoni Agirregomezkorta) eta Veronikak (Tessa Andonegi). Edukazio handiz hasiko da bilera, baina ez da denbora asko pasatuko elkarri sekulakoak esaten hasten diren arte. Frustrazioak eta miseriak azaleratuko dira.
Ama zorrotz baten menpe hazitako bi alabaren istorioa kontatzen du Hika Teatroaren Koadernoa zuri lanak. Begoñak (Miren Gojenola) eta Arratek (Itziar Ituño) denbora asko daramate elkar ikusi gabe, hogei urte, baina, ama hiltzen zaienean, topo egingo dute berriro, jaiotetxean. Arantxa Iturbek eta Agurtzane Intxaurragak idatzi dute testua, eta Intxaurraga bera zuzendari eta aktore lanetan ere ariko da.
Iaz bezala, aurten ere Ordiziako artista bat gonbidatu dute Antzerki Garaiako antolatzaileek: Garikoitz Lariz. Espainiako La Mordiente Teatroren Crack! La rebelión de las lágrimas lanean parte hartzen du. Obra horrek gaur egungo egoera ekonomiko eta soziala jorratzen du eguneroko hainbat pasarteren bidez; umorea eta kritika darabiltza. Larizekin batera, Carles Farinos, Cynthia Garcia eta Susana Vergara igoko dira oholtzara.
Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia konpainien elkarlanetik sortutako hirugarren lana da Francoren bilobari gutuna. Errautsak eta Hamlet obren ondoren, “iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologiko bat” osatu dute.
Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi dute testua, eta Ximun Fuchsek zuzendu du antzezlana. Aktoreen artean, berriz, Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Erika Olaizola eta Pako Revueltas daude.
Genetika laborategi batean gertatzen den komedia zientifiko musikala da Desoxirribonukleiko. Euskal genoma ikertzen ari direla, Beñarda Etxepare sortuko dute, lehen euskal super emakumea. Ezkutuan jardungo duten arren, kazetari misteriotsu bat agertuko da, eta hankaz gora jarriko du ikerketa, baita zientzialarien arteko hartu-emanak ere. Esketxen bitartez, zientziari lotutako kontuak parodiatuko dituzte, eta kantua baliatuko dute giza harremanak taularatzeko.
Glu Glu Produkzioak ekoitzi du antzezlana, eta Galder Perezek idatzi. Antzezleen zerrenda Susana Soletok, Leire Uchak, Itziar Ituñok, Martxelo Rubiok, Ugaitz Alegriak eta Ylenia Bagliettok osatzen dute.
XXI. mendeko gaitz oso arrunta bihurtzen ari da nomofobia; hau da, etxetik sakelako telefonoa hartu gabe ateratzeko beldur kontrolaezina duena sintomarik argiena. Egungo gizarteak sakelakoekiko eta sare sozialekiko duen menpekotasuna aztertzen du, umorez, Nomofobikak taldeak. Sarean kateatuak antzezlanean, Olatz Beobide, Amaia Lizarralde eta Belen Cruz dira protagonista: terapia egingo dute ikusleekin. 2016ko Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntzako lehen saria jaso zuen lanak.
Leave a Reply