Esperantza elikatzeko bidea

Esperantza elikatzeko bidea

Maite Alustiza

“Gutxieneko beharrak bermatuak izateko, Saharako errefuxiatuak giza laguntzen mende daude erabat”. Hala jaso zuen Saharako Ilargi Erdi Gorriak azaroan atera zuen txostenean. Nazioarteko erakundeei egin zien oharra: laguntzak gutxitzen ari dira, eta, egoera “are gehiago” okertzen bada, “ondorio larriak” egon daitezke. Ilargi Erdi Gorriaren eskari horri erantzunez, martxan da beste urte batez Piztu Itxaropena, Sahararen Aldeko Euskal Karabana. Otsailaren 25ean aterako da, Donostiatik, eta Tindufeko kanpamentuetara (Aljeria) elikagaiak eramango ditu, saharar errefuxiatuek jasaten duen “elikadura krisi larria” arintzeko. Errepideko bidea hasi arte, janari bilketan buru-belarri dabiltza boluntario ugari Gipuzkoa osoan.

Horietako bat da Maite Berzosa, Donostiako Saharako Lagunen Elkarteko kidea. Jakitun da munduan arazo ugari daudela, baina, hala ere, jendea eskuzabala dela nabaritu du: “Begiratzen duzu nola dagoen mundua gaur egun, zenbat behar dauden, errefuxiatuen egoera gaur egun nola dagoen Sirian… Krisia ere nabaritzen da. Horrekin guztiarekin hau geratu da baztertuago bezala, baina, era berean, eskaerak egiten hastean kuriosoa da nola erantzuten duen jendeak”. Donostiako Garbera merkataritza gunean, adibidez, bi egunetan egon dira, eta bikoiztu egin dute iaz jasotakoa.

Fronte Polisarioak erabakitzen du erkidego bakoitzean zer eskatu. Gipuzkoaren kasuan, honako produktu hauek ari dira biltzen: arroza, pasta, atun eta sardina kontserbak oliotan, azukrea, dilistak eta konpresak. Berzosak azaldu duenez, azukrea izaten da gutxien jasotzen dutena; besteak bezain beharrezkoa da, ordea: “Segur aski, jendeak pentsatuko du hobe dela dilistak ematea azukrea baino, baina han te asko hartzen dute azukrearekin. Janaria ez dutenean ere tea hartzen dute”. Beste bideetatik jasotzen duten dirua erabiltzen dute gutxien bildu duten produktua erosteko, eta, normalean, azukrea izaten da. Bat ala beste izan, sahararrengana iristen dela “ziurra” da: “Berme osoa daukagu iristen dela; guk egiaztatu dugu han. Ilargi Erdi Gorriak biltegi batzuk ditu, elikagaiak han deskargatzen dituzte, eta gero kamioiak erabiltzen dituzte banatzeko”.

Zurriolatik aterako da karabana, otsailaren 25ean. Han elkartuko dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan betetako kamioiak, eta, Alacanterantz (Valentzia, Herrialde Katalanak) abiatu aurretik, bira bat emango dute hirian. Koloretsu joango dira: “Gipuzkoan, grafitigile talde batek margotzen ditu kamioiak. Janaria bilduz goazen heinean Dbus-en autobusak gordetzen diren tokian kargatzen ditugu kamioiak, eta, bitartean, han aritzen dira margotzen”. Autobus gidariak ere boluntarioak dira; Dbus-eko hiru txofer.

Behin Alacanten, portuan, itsasontzian kargatuko dituzte kamioiak, Espainiako estatutik iristen diren besteekin batera. Ez dakite zehazki noiz aterako diren, tramitazioak direla eta. Oranen (Aljeria) sahararrek hartuko dituzte kamioiak, eta banaketa hasiko dute; elikagaiak maiatzean iristen dira normalean.

Bidaltzen den guztia lagungarria zaie sahararrei, baina ez da nahikoa: “200.000 lagun inguru daude, eta orain bidaltzen duzunarekin iristen denerako iristen da”. Giza laguntza murrizteak, gainera, ondorio kaltegarriak eragiten dizkie, batez ere haurrei eta emakumeei. “Kate bat da: elikadura faltak anemia dakar, eta beste edozein patologiari aurre egiteko gabezia handia”. Ilargi Erdi Gorriaren arabera, 5 urtetik azpiko haurren %53k daukate anemia, haurdun dauden emakumeen %56k, eta bularra ematen ari direnen %67k.

Arazo politikoa

Janaria biltzearekin batera, sentsibilizazio lana egin nahi du Donostiako Saharako Lagunen Elkarteak. “Arazo politiko bat dago, eta guk egiten dugun lana nahiko humanitarioa da. Pentsatzen dugu lan hori beharrezkoa dela, baina ahaztu gabe arazoa politikoa dela, eta hau guztia horren ondorio dela”. Aldi berean, hainbat estatuk daukaten jarrera kritikatzeko baliatzen dute aukera: “Marokoren intrantsigentzia salatu nahi dugu; Marokorena eta beste batzuena. Azken finean, Maroko babestuta dago Espainia, Frantzia eta AEBetatik”.

Saharako Lagunen Elkarteko kideek bertatik bertara ezagutzen dute egoera. Duela gutxi, maiatzean egon ziren inguru hartan, 2016ko kultur hiriburutzan aurkeztu zuten proiektu baten bidez. Mina bakoitzeko lore bat proiektu pedagogikoa landu zuten Donostiako eskoletan, eta ikasleek egindako loreak hara eraman zituzten gero.

Berzosak kontatu duenez, komisioetan funtzionatzen dute wilayetan —kanpamentuetan—, eta hor emakumeak dira martxa daramatenak. “Gizonezko asko, militarrak, alde liberatuan daude”. Inguruan eskolak eta osasun zentroa egin dituzte; gazteek, ordea, ez dute irtenbide askorik: “Adin batetik aurrera atera egiten dira ikastera; gaur egun, Aljeria eta Kuba dira gehien laguntzen dituztenak; Libia ere egon zen, baina bere arazoekin bertan behera geratu zen. Karreraren bat ikasten dute, baina kanpamentuetara bueltatzen dira, eta medikuntza edo hezkuntza ikasi ez badute… Ez dago gauza handirik”.

Tindufen martxan dauden proiektuak laguntzeaz gain, aparteko pare bat egitasmo martxan ditu Donostiako elkarteak, “xumeagoak”. Horietako bat heziketa bereziko eskola bat da: “Oso esperientzia polita da ikustea nola daramaten aurrera errefuxiatu kanpamentu batean heziketa berezia, hain abaniko zabal batekin: autistak daude, hiperaktiboak, Downen sindromea dutenak… 6 urtetik hasi eta 30 bitartekoak dira. Gazte asko daude ezintasunen bat dutenak eta haimetan gordeta zeudenak, edo lotuta, ez alde egiteko”. Beste proiektua osasun zentro bat da. Emagin batek dauka ardura, baina, emagina izan arren, wilaya osoari ematen dio arreta; kronifikatuta dauden gaixoei, adibidez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.