Maite Alustiza
Aste gutxi dira Elgetako Spaloia13 kafe antzokia ireki zutela, eta dagoeneko lagun mordoxka bat igo da antzokiko oholtzara: Sustrai Colina eta Amets Arzallus bertsolariak, Jon Gurrutxaga musikaria, The Vartools, Txalainak… Abenduaren 23an inauguratu zuten, eta, Xabi Ulazia kudeatzaile berriak azaldu duenez, “oso gustura eta ilusioz” hasi du bidea: “Jende asko etorri zen inauguraziora, espero baino gehiago”. Ireki eta gero ere joan zaie jendea, asteburuetan gehienbat.
Espaloia zena Spaloia13 da orain; jatorrizko izena utzi gabe, beste buelta bat eman nahi izan dio Ulaziak: “Garbi erakutsi nahi dugu beste kudeaketa bat dela, jende berriak hartu duela”. Aurretik ere ostalaritzan aritutakoa da Ulazia; egun, Lekeitioko K13 kioskoa darama, eta lehenago Saturrarango (Mutriku) txiringitoaren kudeaketaz arduratu zen. Eibartarra da, eta, zehazki Elgeta buruan ez bazuen ere, bazebilkien zerbait martxan jartzeko ideia buruan: “Kafe antzoki edo agertoki batek beti erakarri izan nau, zuzeneko musikak, eta, orain esperientzia apur bat hartu dudanez eta aukera hau ikusita, aurrera egin dut”.
Kultur eskaintza dauka batetik, eta ostalaritza zerbitzua bestetik —taberna eta jatetxea—. Eskaintza kulturalari dagokionez, astero-astero zerbait programatzea aurreikusi du Ulaziak, eta hilean behin edo bitan “kontzertu indartsu bat” egitea. Egitaraua kontsultatzeko eta sarrerak erosteko webgunea prestatzen ari da; laster izango da erabilgarri.
Taberna irekita dago, egunero, goizetik, “egunean egindako pintxoekin”. Jatetxea, aldiz, oraindik ez dago martxan; hil honen bukaerarako edo otsail hasierarako zabaltzea espero du. Azpiegitura aldetik ez du lan handirik egin: kanpoko pareta pixka bat txukundu dute; gainerakoan, zegoenean utzi dute.
Hilabeteetako prozesua
Oraingoz urtebeterako kontratua sinatu du Ulaziak udalarekin, eta hilabeteotan harremanetan ariko dira: “Kultur plangintza elkarlanean osatzeko asmoa dago”. Urtebeteren ondoren, aukera egongo da urtez urte kontratua luzatzeko, lau urte bete arte.
2004an ireki zuten Espaloia kafe antzokia, eta erreferente izan da Debagoiena eskualdearentzat. Azken urteetan, ordea, gorabeherak izan ditu. Iraitz Lazkano alkateak joan den martxoan jakinarazi zuen alokairudunak kontratua eteteko eskaera egin zuela, eta apirilean utzi zuen aretoa aurreko kudeatzaileak. Ordutik itxita egon da, eta soilik ekintza jakinetarako ireki dute.
Aurreko kontratua eten ondoren, udalak parte-hartze prozesu bat hasi zuen herritarrekin, Elgetaren kultura eskaintza eta kafe antzokiaren proiektua definitze aldera. Ekainean, mahai inguru bat egin zuen sektoreko hainbat aditurekin, antzokiaren etorkizunak zein beharko lukeen aztertzeko. Horren ondotik, Espaloiaren kudeaketa adjudikatzeko lehiaketa publikoa egin zuen udalak, baina hutsik uztea erabaki zuen: eskaintza bakarra aurkeztu zen; ez zituen, ordea, eskatutako baldintza orokorrak bete. Azkenik, kudeaketa adjudikatzeko prozedura negoziatua abiatu zuen udalak, eta hor lortutako akordioak ekarri du kafe antzokia berriro zabaldu ahal izatea.
Leave a Reply