Danel Agirre
Ernesto Gascok politikari bati sekula irakurri diodan aitortzarik zintzoenetako batekin bereganatu ninduen behin. Hautesleekin sarean egindako solasaldi batean, haietako batek Donostiako alkatetzara aurkeztu eta euskaraz nolatan ez zekien galdetu zion. Ikasten saiatutakoa zela izan zen Gascoren erantzuna, baina ez zela gai sentitu. Euskararen mespretxurik inork ikus ez zezan, ingelesarekin eta frantsesarekin berbera gertatu zitzaiola gaineratu zuen. Hizkuntza guztiekin ditut arazoak, laburbildu zion mintzaideari, apaltasunez.
Youtubeko klip batzuetan egiaztatu ahal izan dudanez —haren ahotsik sekula entzun gabekoa nintzen orain arte—, bere burua gutxiesten ari zen Gasco. Ez da egia hizkuntza guztiekin arazoak dituenik, badaki hitz egiten. Bere gaztelania, esaterako, orbanik gabea da. “Vender ciudad“, “poner en valor” eta “proyectos estratégicos“-en gisako esamoldeak sarriegi darabilzki nire gusturako, baina bizio hori ohikoa suertatu ohi da herritarren zerbitzura urte mordoa daramatenen artean. Arazoak, beraz, ez dakizkien hizkuntzekin bakarrik ditu, zuri eta niri gertatu bezala.
Kultur hiriburu bateko alkateorde eta turismoko zinegotzi denez, sarri deitu ohi dute Gasco azoka eta biltzar garrantzitsuetara. Eta marka da gero: ez dakizkien hizkuntzak erabiltzen dituzten parajeetan tokatu dira ia guztiak azkenaldian, kasualitate hutsez. Oztopo guztiak gainditu eta Kopenhage, Londres, Milan eta Nizan hiria saldu eta balioan ipintzea lortu du halere. Donostian kalitatezko bisitariekin ezin kabitu dabiltza, eta horretan alkateorde eta turismoko zinegotzi batek izan behar du zerikusirik, derrigor. Proiektu estrategikoek ere beste martxa bat hartu dute, galdetzen badidazu.
Urrezko Danborraren joan den asteko kalapita Gascori aurpegiratu diote, bere alderdiarekin adeitsua den komunikabide bateko esatari bat saria jasotzeko proposatzeagatik. Betiko aitzakiak: Angels Barcelo ez zela Realak lehenbiziko liga irabazi zuenean Gijonen egon, hiriko Michelin izarren erdiak baino gehiago probatzeko dituela oraindik, azkeneko Bruce Springsteenen kontzertuan ez zitzaiola palkoan dantzan ikusi. Barcelorekin behintzat ekidin da saria jasotzen dutenen urteroko desengainua. Izan ere, Urrezko Danborra egurrezkoa da, eta ez urrezkoa. Traste zahar bat baino ez.
Mintza nadin Gasco bezain zintzo: traba besterik ez dute egiten horrelako osagarri antigoalekoek egongela garaikide minimalistetan. Sotoa lepo daukat nik behintzat, eta, saria emango balidate, udaletxeko areto nagusitik irteterako zakarrontzira botako nuke. Egurrezkoa den Urrezko Danbor bat zein zakarrontzitara bota behar den ingurumen zinegotziari galdetu ondoren.
Leave a Reply