Eider Goenaga Lizaso
Cementos Rezola enpresa 150. urteurrena ari zen ospatzen 2000. urtean, eta, urteurreneko ekitaldi eta ospakizunen artean, Cementos Rezola museoa inauguratu zuten, Donostiako Añorga auzoan; fabrikatik oso hurbil, eta pilotalekuaren, futbol zelaiaren eta elizaren ondoan. “Helburua, batetik, lantegiaren barruan egiten den lana ezagutaraztea zen, zementuaren fabrikazio prozesutik hasi eta ingurumen eta segurtasun neurriak arte; eta, bestetik, auzoari ekarpen kultural bat egitea”, azaldu du Amaia Llorente museoko koordinatzaileak (Donostia, 1979).
Llorenteren arabera, Rezola fabrika izan ez balitz, Añorga ez litzateke Añorga izango. “Beste mota bateko auzoa izango litzateke, agian landa gune bat, baserri gune bat, industrialde bat, baina ez gaur egun den auzoa. Gainera, fabrika sortu aurretik inguru honek ez zuen Añorga izena”. Hain zuzen ere, enpresak Añorga izeneko baserri bat erosi eta langileentzako etxeak egiten hasi zenean hasi zitzaizkion Añorga deitzen auzoari. “Fabrikak eraiki zituen langileentzako etxeak, eta baita frontoia, futbol zelaia eta eskola ere. Orain dela 100 urte langileak ez ziren autoz mugitzen lanera, eta langileentzat eta familientzat etxeak eta bestelako zerbitzuak eraiki zituzten, lanetik hurbil bizi ahal izateko. Añorgako festak ere, lehen aldiz, lantegiak antolatu zituen”.
“Horregatik, auzoaren historiak garrantzi berezia du gure museoan. Hasieran, argazki zaharren bidez ilustratzen genuen auzoaren bilakaera, baina, 2010etik, auzoaren ahozko memoria berreskuratzeari ekin diogu”, dio Llorentek. Langileei, langile ohiei, haien familiei, kolonia industriala ezagutu zutenei… elkarrizketak egin eta memoria hori museoan dago ikusgai. “Lantegia eta auzoa ezin dira banatu, eta museoan biek dute garrantzia”.
Patentearen garrantzia
Museoan, besteak beste, zementuaren fabrikazio prozesuari, erabiltzen diren harri motei eta porlanaren formularen aurkikuntzak izandako eraginari egiten zaio erreferentzia. Zementua lortzeko kareharria eta burdin kantitate handia duen marga harria nahastu behar dira. “Rezolak Buruntzatik, Andoaindik, ateratzen du kareharria, eta lantegiaren atzealdean dago marga. Logikoki, zementu fabrikak lehengaiak dauden tokitik hurbil ireki izan dira, eta hori da Cementos Rezolaren kasua ere”. Zementuaren erabilera, ordea, ez da berria. “Erromatarrek ere egiten zuten; cementum deitzen zioten”, azaldu du museoko koordinatzaileak. Zementuaren iraultza, industria iraultzaren garai bertsuan kokatzen du. “Izan ere, zementua egiteko formulazioaren aurkikuntzak eta patenteak —Ingalaterrako Portland herrian egin zuten, 1756an, eta hortik dator porlan izendapena— iraultza eragin zuen”. Formula horrek kalitatezko zementu bat lortzea bermatzen zuen, ekoizpena handitzea eta erabilpen ezberdinak ematea.
Ildo horretan, zementuari ingeniaritzan, arkitekturan eta artean eman zaion erabilera aztertzen dute museoan. “Hormigoi armatuzko bloke bat eta mortero bat dauzkagu museoan, eta horien bidez azaltzen duguna da nola egiten diren etxeak, zubiak… Ikusteko, aldi berean, nola gauden zementuz inguratuta, zenbateraino den garrantzitsua zementua gure bizimodua eta gure ingurua ulertzeko”.
Lantegira bisita
Lantegiaren maketa batek zementu fabrika bat ezagutzeko parada eskaintzen dio bisitariari, baina fabrika barrutik ikusteko aukera ere ematen du museoak. “Museoen Nazioarteko Egunean, museoaz gain, lantegia bisitatzeko aukera dago. Egun bakarra izaten da urtean, eta urtean zehar interesa agertzen duten guztiei egun horretarako ematen diegu hitzordua”. Ikastetxeetatik joaten diren DBH eta Batxilergoko ikasleak dira, horiez gain, lantegia ezagutzeko aukera duten bakarrak. “Ikastetxeetako bisitetan lantegia erakusten zaie; eta, zementua egiteko prozesua erakusteaz gain, fabrika batean erabiltzen diren segurtasun neurri guztien berri ematen zaie. Lehen Hezkuntzako ikasleekin, berriz, tailer bat egiten dugu: zementua egiten dute, eta etxera eramaten dituzte zementu horrekin moldeetan landutako eskultura txikiak”. Llorentek dioenez, bai fabrika bisitatzea bai zementua egitea oso gustuko jarduerak dira ikasleentzat.
Leave a Reply