Maite Alustiza
Uztailaren 20tik 25era izango da Donostiako 52. Jazzaldia, eta dagoeneko egitaraua osatzen ari da antolakuntza; besteak beste, martxan dauka tokiko taldeak aukeratzeko prozesua. Deialdira aurkeztu zirenen artean, antolatzaileek hamabost talde hautatu dituzte, “musikaren kalitatea eta Jazzaldiaren programazio estilora zenbateraino egokitzen diren kontuan hartuta”. Astelehenetik aurrera eta martxo bukaerara bitarte, hamabost talde horiek jende aurrean joko dute. “Entzuleen erreakzioa” aintzat hartuko dute Jazzaldiko programan sartuko diren hamar taldeak erabakitzerakoan.
Forum FNACen, Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean eta Viktoria Eugenia Klubean egingo dituzte kontzertuak, guztiak doan —Viktoria Eugeniako saioetarako aldez aurretik antzokiaren leihatiletan hartu behar dira gonbidapenak—. Datorren astean izango dira lehen hiru kontzertuak. Ludovico y Los Acefalos taldea izango da lehena, astelehenean. Hip hop instrumentatua egiten dute, eta musika beltzaren gertuko hainbat soinutan inspiratzen dira. Espainiako eta Euskal Herriko musikariek osatzen dute taldea —prozesuan parte hartzeko baldintza bat da Hegoaldean jaio edo bizi diren musikariz osatuta egotea, baina onartzen da gehienez talde bakoitzeko kideen %33k baldintza horiek ez betetzea—.
Ludovico y Los Acefalos taldearen biharamunean, asteartearekin, Iñar Sastre piano-jotzaile irurarra entzuteko aukera izango da. Bere azken lana aurkeztuko du Sastrek: Dialogues: improvisations on Beethoven. Musikagile alemaniarraren hainbat pieza oinarri hartuta, inprobisazioak egiten ditu. Aurretik hiru disko dauzka argitaratuta, horietako bi bere sorkuntzekin: Jolasak (2012) eta Sastre artean (2013).
Hurrengo asteko hirugarren kontzertua Z-Bone Project Quartet taldeak emango du, asteazkenean. Lapurdiko lau musikarik osatzen dute, eta jazza beste hainbat estilorekin nahasten dute: funkya, reggaea, nu soula, trip hopa…
Lehen aldiz, 2006an jarri zuen martxan Jazzaldiak tokiko taldeen hautaketa prozesua. Orain, Katapulta plataformaren bidez, Gipuzkoako Aldundiak sostengu berezia ematen dio prozesuari. Musikako eta formatu txikiko arte eszenikoetako zirkuitua da Katapulta, eta Jazzaldiak horretan parte hartzen du: iaz, esaterako, tokiko lau talde aukeratu zituen zirkuituan jo zezaten.
Aukeraketa prozesutik aterako diren hamar taldeek ez ezik, 2016an diskoa atera duten Euskal Herriko beste bost taldek ere joko dute Jazzaldian. Horiez gain, Musikene goi mailako musika ikastegiak hiru talde gehiago proposatuko ditu. Aparteko saioren bat ere egongo da, jaialdiaren beraren ekimenez: iaz, Rural Zombies taldeak kontzertua eman zuen Agertoki Berdean. Orotara, tokiko 32 bakarlari eta taldek jo zuten iazko jaialdian.
Gaztetxoen deialdia
Gaztetxoei ere banda baten parte izateko aukera eman nahi die Jazzaldiak, eta, bigarren urtez, Txikijazz Big Band taldea sortuko du. Zabalik dago izena emateko epea —gurasoen edo tutoreen baimena derrigorrezkoa izango da—, urtarrilaren 26ra arte. 10 eta 14 urte bitarteko gazteentzat da deialdia; kontrabaxuaren eta saxoaren kasuan, 10 eta 18 urte bitartekoentzat. Baldintza modura honako musika tresna hauetako bat ondo jotzen jakitea eskatzen dute: bateria, gitarra elektrikoa, baxua, pianoa edo teklatuak, tronpeta, tronboia, saxoa edo kontrabaxua.
Martxotik uztailera bitarte, gaztetxoek taldean lan egingo dute musika arloko profesionalekin, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolan. Javier Perez eta Iban Gurrutxaga musikariak izango dira irakasleak. Jazzaldiaren egunetan, kontzertua emango dute jende aurrean, goizez, Txikijazz atalaren egitarauaren barruan.
Leave a Reply