Natalia Salazar – Eider Goenaga
Gazte-gaztetatik hasita, bizitzako urterik onenak eta gehienak lanean eman dituzte gaurko adinekoek. Baldintza txarretan, belaunaldi berriei egoera hobea uzteko borrokaldi luzeak igarotakoak dira asko. Penaz begiratzen diote krisiaren aitzakian lan baldintzek izan duten bilakaerari. Eta, urteetako lan gogorraren ordainean atseden duina mereziko luketen arren, bizirik irauteko gutxieneko baldintzarik gabe aurkitu dute beren burua askok eta askok. Euskadiko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak duintasunez bizi ahal izateko baliabideak aldarrikatu ditu —Arabako Pentsionistak Lanean, Bizkaiko Pentsionistak Martxan eta Gipuzkoako Duintasuna taldeek osatzen dute—, eta helburu horrekin ia 72.000 sinadura bildu ditu hiru lurraldeetan. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea exijitu dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoak Babes eta Gizarte Segurantza sistema propioa izatea ere bai.
Estatu mailan, bestalde, MERP Pentsioen Aldeko Erreferenduma Egiteko Estatu Mahaia ari da sinadurak biltzen helburu berarekin. Pentsioak “blindatu” nahi dituzte Espainiako Konstituzioaren erreferendum baten bidez, “edozein koloretako gobernu batek aukerarik izan ez dezan pentsioak txikitzeko, aldatzeko edo pribatizatzeko”. Milioi erditik gora sinadura aurkeztu dituzte jada; horietatik 21.000 Manuel Lezertua arartekoaren bulegoan.
Batez beste, 1.139 euro jasotzen dituzte pentsiodunek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Baina asko dira 300 euroko erretiroa dutenak ere. Emakumeak dira egoerarik muturrenekoak dituztenak. Hala azaldu du Eskubide Sozialen Aldeko Plataformako kide Mikel Argiñarenak: “Alargun pentsioa dute askok, eta hori ez da 714 eurotik gorakoa. Kotizaziopeko pentsioa dutenen artean, askok oso kotizazio baxuak izan dituzte, etxez etxeko lanetan aritu direlako, edo urte gutxi kotizatu dutelako”.
Etorkizuna, okerrago
Egoera horri aurre egiteko, pentsioen gutxienekoa 1.080 euroan ezarri nahi dute. Hala, kopuru horretara arte pentsioa osatzeko modua bermatzea eta Babes eta Gizarte Segurantza Sistema propioa sortzea eskatu du plataformak. Gaur egungo sistemarekin jarraituta, etorkizunerako aurreikuspenak bide beretik edo okerragotik doazela hartu behar da kontuan, gainera: KPIaren igoera %1,75ekoa izan bada ere, pentsioak %0,25 igo dituzte. Beraz, gero eta erosahalmen urriagoa dute.
Eskubide Sozialen Aldeko Euskal Herriko Plataformak Eusko Legebiltzarrean eskaera egin zuen joan den irailean. 71.724 pertsonaren sinadurak jasotzen zituen herri ekinaldi legegilea erregistratu eta entregatu zuten bertan, euren eskaera kontuan hartzeko. Baina ekimenak ez zuen aurrera egin.
Erretirorako gutxieneko baldintzak bermatze aldera, gero eta mugimendu gehiago ari dira lanean. Gipuzkoan, horrez gain, erretirorako pentsio duinak bermatzeko ebazpena onartu zen Batzar Nagusien osoko bilkuran, joan den ekainaren 8an. EH Bildu eta Ahal Dugu taldeen aldeko botoarekin, PSE-EEren boto zuriarekin eta EAJren kontrako botoarekin atera zuten aurrera proposamena. Testuak jasotzen zuen pentsio sistemaren bideragarritasuna aurrekontu orokorren bitartez bermatu behar dela, eta ez kotizazioen bidez soilik. Pobrezian ez erortzeko gutxieneko pentsio bat eskatzen zuen ebazpenak, eta horren gaineko eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uztea. Egungo sistema aldatzen ez den bitartean, baina, pentsioak osagarri baten bidez osatzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari Gipuzkoako Batzar Nagusiek.
Pentsiodun elkarteek bezala, Batzar Nagusiek ere 1.080 euroan jarri zuten gutxieneko pentsio duinaren muga. Duintasuna taldearen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako soldata garbiaren %60 litzateke kopuru hori: “Europako Kontseiluaren gomendioen arabera, hori da estatuek bermatu beharreko kopurua herritarrak pobrezian eror ez daitezen”.
Borondate politikoa
Duintasunaren arabera, borondate politikoa da gutxieneko pentsio horretara iristeko gakoa, eta Nafarroa jartzen du adibide. “Nafarroan oniritzia eman zaio 1.080 euroko pentsioa eskatzen zuen herri ekinaldi legegileari, eta foru erkidegoan hori kudeatuko duen erakunde propio bat sortuko dute”. Nafarroan posible bada, zergatik ez EAEn? Horixe da Duintasunaren galdera. “Gipuzkoako Batzar Nagusietako ebazpenak eta Nafarroako Parlamentuan herri ekinaldi legegileari emandako onespenak instituzioen osaketa politikoak duen garrantzia adierazten digute”, dio Duintasunak.
Gipuzkoan, 180.000 pentsiodun daude. Baina erretiroaren zenbatekoarekin nahikoa ez dutenek laguntza sozialetara jo beharrean aurkitzen dute euren burua. Hor ere, beste murrizketa batekin egiten dute topo, ordea. Legearen arabera, DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta lanbide arteko gutxieneko soldataren maila berean igo beharko litzateke. Baina hori ez da hala izan; ez da igoerarik egon. Hala salatu du LAB sindikatuko pentsiodunen arloko arduradun Joxean Urkiolak. “Murrizketa izugarria izango da, zoritxarrez, krisia gehien pairatzen ari direnentzat. Laguntza gehien behar dutenei ezartzen diete murrizketa gehien. Hori ezin da ukatu. Eta jendeari ahaztu egiten zaio Patxi Lopezen legegintzaldian jada %7 murriztu zutela DSBE”. LABek gogor kritikatu du, halaber, egun Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek gaiari buruz duten jokabidea. “Oso ondo dakite DSBE lanbide arteko gutxieneko soldata beste ez igotzeko euren proposamena zigor gehigarria dela pertsona zaurgarrienentzat —gainera, biak neurri berean igo behar direla dago zehaztuta legedian—, baina ematen du ez diela axola”.
Kasu horretan ere, emakumeek dute egoerarik txarrena. Argiñarenak azaldu du zein den emakume horietako askoren egoera: “Senarraren pentsioa dute alargun geratzen ez diren bitartean. Senarra hiltzean, haren pentsioaren %52 jasotzen dute. Ezkongabeen edo bestelakoen kasuetan, DSBE edo bestelako laguntzaren bat eskatu behar dute. Betiere, oso murritza”. Larrialdietako egoerei aurre egiteko edo etxebizitzaren alokairua ordaintzeko laguntzak dira horiek, besteak beste.
LAB sindikatuak eman ditu datuak: Gipuzkoan 4.096 pentsiodunek eskatzen dute DSBE. Horietatik, 2.745 dira emakumeak (%67,02). “Emakume asko etxean geratu dira urte luzez gurasoak edo seme-alabak zaintzeko, eta ez dute kotizatu. Alargun pentsio oso baxuak geratzen zaizkie. Eta DSBE eskatu behar izaten dute iraun ahal izateko”. Krisi larria pairatzen ari dira pentsiodunak, orokorrean, eta emakumeak, bereziki. Argi du LABeko ordezkariak.
Egungo lan baldintzen egoerak ez du etorkizun oparoagorik iragartzen. “Oraindik ere, emakumeak dira kontratu eta soldata okerrenak dituztenak”, ekarri du gogora Urkiolak. “Kontratu partzial gehien dutenak ere haiek dira. Hori guztiori emakumeen kontra doa, eta, gauzek berdin jarraituz gero, haiek izango dira berriz ere zigortuak”.
Botiken ordainketa
Botikengatik ordaindu beharrekoarekin dute bukatu ezinezko beste borroka bat pentsionista elkarteek. Duela lau urtera arte, doan eskuratzen zituzten. Orduz geroztik, bakoitzaren pentsioaren arabera, %10 eta %18 bitartean ordaindu behar dute. Gainera, 417 botika Gizarte Segurantzaren laguntzetatik kanpo geratu dira, eta oso-osorik ordaindu behar dituzte.
18.000 eurotik beherako diru sarrerak dituztenek botikengatik ordaindu dutenaren %10 berreskuratzeko aukera dute. Baina gauzatu beharreko tramite burokratikoek eragiten dizkieten buruhausteak saihestearren, askok bertan behera uzten dute eskaera. “Borondatea balego, botikak erosteko orduan eman beharko lukete itzulketa egiteko aukera. Izan ere, adineko jendeari buruz ari gara. Askok uko egiten dio era horretako edozein gestio egiteari. Galdu egiten dira-eta mundu honetan”, salatu du Argiñarenak.
Behin eta berriro eskatu diote Eusko Jaurlaritzari %10eko beherapen hori unean bertan ezar diezaieten, edo zuzenean, ordaindu beharrik izan ez dezaten. “Baina ez dute aldatu nahi. Badakite poliki-poliki diru dezente bilduko dutela. Iruzur bat da hori. Barre egiten digute”.
Adinekoak, ‘zama’
“Umiliagarria” da, Argiñarenaren ustez, horrenbeste urtez lanean aritu direnek era horretako egoera pairatu beharra. Jakitun dira, ordea, gazteen egoera “are tamalgarriagoa” dela. Hori dela eta, nabari dute adinekoen aurrean beste sektore batzuei lehentasuna ematea askoz garrantzitsuagoa dela dioen ideia zabaltzen ari dela. “Sistema babesten duen prentsak etengabe errepikatzen du adinekook zama ekonomiko handia garela. Jendea hori barneratzen ari da, poliki-poliki. Eta hori mezu arriskutsua da”. Afera ez baita batzuen alde eta besteen kontra egitea. “Dirua egon badago. Baina jende askok ez ditu ordaintzen ordaindu beharko lituzkeen zergak; barkatu egiten zaizkie”. Urkiolak eman ditu datuak: “Hilean 3.642 eurora arte kobratzen dena deklaratzen da. Hortik gorakoa, ez. Ez langileek, ez enpresek”.
Horrez gain, bankuak erreskatatzeko Espainiako Gobernuak erabili zituen 100.000 milioi euroak ekarri ditu gogora. “Dirua egon badago. Batzuentzat lehentasuna bankuei laguntzea da. Gure ustez, pertsonek egon behar dute bankuen edo proiektu handien aurretik. Pertsonak ez badira salbatzen, etorkizuna ez da salbatuko”. Argiñarenaren arabera, “dirutza handiak ari dira ihes egiten”, eta, ondorioz, “iruzur handitzat” jo du pentsioentzako dirurik ez dagoela zabaltzea. Beldurra sartzearen atzean, pentsio pribatuei mesede egiteko xedea ikusi du Urkiolak.
Konponbidea argi dute batak zein besteak: Euskal Herrian Gizarte Segurantza kudeatzeko sistema propioa eratzea. Argiñarenak eman ditu azalpenak: “Egun, inork ezin du kontrolatu Gizarte Segurantzako diruaren kudeaketa. Guk hobeki kontrolatzeko aukera izango genuke. Hemen ere adi ibili beharko genuke, baina, indar oreka handiagoa izanik, errazagoa litzateke”. “Jai daukagu Espainiak pentsioentzako diru sarrera gehiago lortzeko zain bagaude”, gehitu du Urkiolak.
Biek ala biek adinekoen eskubideen alde borrokan jarraitzeko borondatea agertu dute. Argiñarenarena da azken hitza: “Adinekook sarri asko ez dugu izaten aukerarik edo indarrik gure aldarrikapenak plazaratzeko, baina, ahal dugun neurrian, tinko ekingo diogu”.
Leave a Reply