Historiaren istorio ezezagunak

Historiaren istorio ezezagunak

Maite Alustiza

Ezaguna da 1813an Donostian gertatutako sarraskia: abuztuaren 31n hiria txikitu zuten tropa espainiar, ingeles eta portugaldarrek. Ez dira hain ezagunak, ordea, suntsiketa horren baitan gertatutakoak: ehunka emakume bortxatu zituzten, eta 1.200 lagunetik gora hil. Gipuzkoako historian izandako “pasarte ezezagunak” gizarteratzeko asmoz, bederatzi hitzaldiko zikloa antolatu dute Koldo Mitxelena kulturuneak eta Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkarteak. Pasa den asteartean, duela 36.500 urteko Gipuzkoan barneratu ziren, Alvaro Arrizabalaga irakaslearen eskutik. Aurrerantzean, hilean behin, ertz ugaritatik helduko diote historiari. Astearteetan izango dira saio guztiak, 19:30ean, Koldo Mitxelenan.

ERROMATAR GARAIKO EKONOMIA
Otsailaren 28an, euskaraz

Bereziki kostaldeko eremuetan zeuden interesetan jarriko du arreta Andoni Llamazaresek Erromatar garaiko ekonomia euskal lurraldeetan hitzaldian. Azalduko duenez, nekazaritzaren, arrantzaren edo meatzaritzaren bidez, interes ekonomikoa zuten jarduerak bultzatu zituen Erromak kostaldeko eremuetan.

Historiako gradua ikasi eta Mundu Klasikoko masterra egin ondoren, doktore tesiarekin lanean dabil Llamazares, Errepublika garaiko fiskalitatea Mediterraneo mendebaldeko probintzietan (201-27 k.a.) gaiarekin.

PRAKTIKA MAGIKO TERAPEUTIKOAK
Martxoaren 21ean, euskaraz

Magiaren eta superstizioaren gaiari helduko dio Olatz Etxeberria Historian lizentziadunak. Zehazki, Fray Martin de Castañega teologoa eta haren Tratado de las supersticiones y hechicerías liburua izango ditu oinarri. 1529. urtean, Castañega Logroñon (Espainia) zegoela, magiaren eta superstizioaren kontrako tratatu bat idazteko eskatu zion Calahorrako gotzainak, kezkatuta baitzegoen jarrera horiek diozesian izandako bilakaerarekin. XII. mendetik, Calahorrako diozesiaren agindupean zeuden Deba ibarreko bailarak, eta, hortaz, liburuan jasotakoak Gipuzkoako historiaren zati bat gordetzen du. Etxeberria doktore tesia egiten ari da: Elizak eta medikuntza akademikoak Erdi Aroaren bukaeran praktika magiko terapeutikoen aurrean zuten jarrera aztertzen dabil.

PORTUEN PROIEKZIOA ETA DEFENTSA
Apirilaren 25ean, gazteleraz

Erdi Aroaren amaieran Gipuzkoako portuetan zegoen jardueraz hitz egingo du Imanol Vitores ikertzaile eta irakasleak. Kontatuko duen moduan, kostaldean zeuden herriguneetako komunitateek hainbat mekanismo jarri zituzten martxan portuetako jardun ekonomikoa arautzeko. Lurraldearen aberastasuna indartzeko neurriak hartu zituzten, eta, beraz, rol garrantzitsua izan zuten defentsan eta portuon babesean. Hala ere, komunitatea ez zen beti ados egon agintarien interesekin, eta, besteak beste, horretaz jardungo du Vitoresek.

IJITO HERRIA GIPUZKOAN, ARO MODERNOAN
Maiatzaren 23an, gazteleraz

David Martinek ijito herria, mikrohistoria eta anarkismoa ditu ikerketa ildo, eta, hitzaldi honetan, XV. mendetik Gipuzkoan bizi izan den ijito herrian jarriko du fokua. Garai hartan, Nafarroako eta Lapurdiko beste familia batzuekin ahaidetuta zeuden familiak kokatu ziren Gipuzkoan: beraien berezitasunei eutsi zieten, baina inguruko tradizioa ere jaso zuten. Hori horrela, ijito herri euskalduna sortu zen, eta, horren barruan, gipuzkoarra.

1600 ETA 1840, EGOERA LINGUISTIKOA
Ekainaren 6an, euskaraz

Juan Madariaga Historian doktore eta irakasleak egoera linguistikoa jorratuko du. Baserri populazioen eta hiribilduen arteko elebitasun maila eta Aro Modernoan izandako bilakaera aztertuko ditu. Hitzaldian azalduko duen moduan, Lehen Gerra Karlista bukatu arte Gipuzkoako ia populazio guztiak euskaraz hitz egiten zuen, eta gehiengoak ez zekien beste hizkuntzarik.

GIPUZKOATIK AMERIKARAKO EMIGRAZIOA
Irailaren 26an, gazteleraz

XIX. eta XX. mendeetan Amerikara izandako migrazioa ikertu du batik bat Jon Ander Ramos Historian doktore eta irakasleak. Kasu honetan, Gipuzkoatik Amerikarako emigrazioen ezaugarriei erreparatuko die. Kontatuko duenez, nabigatzaile gipuzkoarrek presentzia handia izan zuten aurkikuntzekin eta konkistarekin lotura zuten enpresetan. Arreta jarriko die gipuzkoarrek itsasoz bestaldeko herrialdeetan izandako parte hartzeari eta integrazioari. Jatorrizko komunitatearekin izandako loturak ere aztertuko ditu.

ERREPUBLIKANISMOA II. ERREPUBLIKA AURRETIK
Urriaren 24an, euskaraz

1868. urtea hartuko du abiapuntutzat Unai Belaustegik. Orduan plazaratu zen lehen aldiz errepublikanismo antolatua, hainbat aldarrikapenekin: demokrazia, monarkiaren kontrakotasuna, estatu laikoa… Gipuzkoarrek ere bat egiten zuten aldarrikapen horiekin, baina gehiago ere bazituzten: foruekin lotutako autonomia, adibidez. 1868tik Espainiako Bigarren Errepublikara arteko urteak izango ditu hizpide Belaustegik. Irakaslea eta Historian doktorea da, eta tesiko emaitzetako batzuk liburu batean argitaratu zituen 2015ean, hitzaldian jorratuko duen gaia oinarri hartuta, hain zuzen.

GERRAONDOKO 1940KO HAMARKADA
Azaroaren 21ean, gazteleraz

“Erdi ahaztuta” geratu den hurbileko historiari errepasoa egingo dio Aitor Puche Geografian eta Historian lizentziadunak. 36ko gerraren ondorengoari erreparatuko dio, gerraosteari: garai hartako ekonomia, gizartea eta kultura izango ditu hizketagai.

Leave a Reply

Your email address will not be published.