Eider Goenaga Lizaso
Aurretik Umeentzako Museoa izandakoa ingurumen gaiei eskaintzeko erabakia 1998an hartu zuten Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Sailak. “Hamar urte egin zituen martxan aurretik museoak, baina Umeentzako Museoa gero eta gehiago ludoteka izaera ari zen hartzen, beste museoetan ere gero eta handiagoa zen umeentzako eskaintza, eta ingurumenari lotutako gaiak boladan zeuden garai hartan. Beraz, pentsatu zuten bazela garaia aldatzeko eta museoari beste ikuspegi bat emateko”, azaldu du Itziar Unanue (Azpeitia, 1965) museoko hiru hezitzaileetako batek.
Loiolan, basilikatik gertu, eta paraje ezin hobean dago Ingurugiro Etxea. “Toki ederra da bisitatzeko, eta museorako gonbidapena egiten diogu gaiarekin interesa daukan edonori”. Ikastetxeak, adineko pertsonak, aisialdi taldeak, euskaltegiak, emakume taldeak… Batik bat taldean egindako bisitetarako egokitzen dituzte edukiak Ingurugiro Etxean. “Gure edukiak eta bisitak etortzen den jendearen beharretara egokitzen ditugu. Hala, ikastetxe batean urarekin lotutako gaiak ari badira lantzen, edo klimari buruz aritu badira lanean, guk arlo horietara begira prestatzen dugu bisita”, azaldu du Unanuek. Aurrez hitzartutako bisitak izaten dira horiek, eta bisita gidatua eta jarduerak egiten dituzte. “Umeei, adibidez, hondakinak nola sailkatu erakusten diegu, ariketa praktiko baten bidez; edo erosketa simulazio bat egiten dugu, kontsumo iraunkorreko irizpideak aplikatuz”.
Bisita taldean egiten ez dutenentzat, berriz, azalpen orokor bat ematen diete museora iristean, eta museoan dauden panelek lagunduta egiten dute bisita. “Familiak badira, eta umeak baldin badaude, hezitzaileek parte hartzen dugu pixka bat, eta ikastetxeetatik etorritako umeei prestatutako jarduerak eskaintzen dizkiegu”.
Ingurugiro Etxeak lau areto ditu, eta horietan gai edo arlo ezberdinak lantzen dituzte: atmosfera eta klima aldaketa; bioaniztasuna; demografia, hiriak eta mugikortasuna; ura; energia eta garraioa; hirigintza iraunkorra; arkitektura bioklimatikoa; zarata; hondakinak eta kontsumoa; eta garapen iraunkorra. “Eta, orain, Hezurren Egia izeneko atala da berria. Azken 50 urteotan Urola eskualdean egin diren aurkikuntza arkeologikoen erakusketa da atal honen jatorria. Behin-behinekoa zen hasieran, baina, azkenean, erakusketa iraunkorraren barruan gelditu da”.
Ingurugiro Etxearen eskaintza, baina, ez da museo barruko edukiekin amaitzen. “Guk, normalean, taldearen bisitak eta museoan landutako gaiak kanpoko bisitekin osatzen ditugu. Adibidez, bisitariek aukeratutako bi gai museoan bertan lantzen ditugu, eta gero kanpoan, osagarri gisa, beste gai bat lantzen saiatzen gara”. Eta kanpoan hainbat aukera daude: zaborrekin lotuta, Lapatxeko zabortegia, garbigunea eta konpost planta; urarekin lotuta, Nuarbeko urtegia edo Ibai Ederko eta Lasaoko araztegiak; uraren energiari lotuta, Igarako errota. Museo barruan, berriz, bisita osatzen duten jarduera praktikoak egiteko Kontsumo Iraunkorreko Gela dute prestatua.
Bisitariei Ingurugiro Etxearen eskaintza zabaletik Igarako Errota gustatzen omen zaie gehien. “Igarako errota XVIII. mendeko eraikina da, eraberrituta dago eta uraren energiaren bidez mugitzen da. Bisitetan irina nola egiten den ikusten dute zuzenean, urak nola mugitzen duen errota… Eta umeei asko gustatzen zaie, baina baita helduei ere. Garai batean, umeek etxera eramaten zuten irina gero”. Errotaren bisita, hala ere, ez da derrigorrean Ingurugiro Etxearen bisitaren barruan sartzen. Hainbat asteburutan, errotan ateak irekitzen dituzte, eta edonork bisita dezake, azalpenak entzun eta errota martxan ikusi. “Aste Santuan, adibidez, errota egunero irekitzeko asmoa daukagu”.
Leave a Reply