Jon Miranda
. Ondo komunikatutako herria da, eta, horregatik, garraioko azpiegiturek zeharkatzen dute alderik alde, errepideak eta trenbideak. Dituen lur eremuak hartu ditu pixkanaka etxebizitzak eraikitzeko, eta, hamabost urte inguruan, ia hirukoiztu egin du biztanle kopurua.
Gaur egun, 1.837 biztanle bizi dira Iruran. Herri txikia dela esango dute askok, baina aldaketa handia egin du azken urteetan, Ana Leunda bertako alkateak adierazi duenez: “2000. urtean, 749 biztanle ginen, eta 2017an, berriz, 1.837 gara”.
Herrian badira adineko pertsonak, eta horiek oso gogoan ditu alkateak. “Jakintza eta esperientzia dira. Oso zainduta egotea da gure nahia; horretarako, gizarte zerbitzuetako teknikaria dago beraiekin harremanetan, haien beharrak entzun eta aztertzeko”. Etxean dauden adinekoen zaintzaileek egiten duten lana ere aintzat hartu du alkateak, eta Irura Lagunkoia programan sartuta daudela azpimarratu du. Duela gutxi erretiratuentzako egoitza berria zabaldu dute, eta bertan ekintzak egin, jokoan ibili eta bilerak egiten dituzte adinekoek.
Baina gazteak dira gehienbat irurarrak. 0 eta 14 urte arteko 429 ume daude herrian, eta 15 eta 18 urte arteko 63 gazte. “Herriaren etorkizuna dira”, Leundaren esanetan, eta urtean zehar jarduera asko antolatzen dituzte haiengan pentsatuta.
2002. urtean paper lantegia zegoen tokian etxebizitzak egiten hasi eta, gaur egun, Etxezarreta kalearen inguruan urbanizazio berri bat dago eratuta. “Donostia eta Tolosatik gertu dagoen herria da gurea, eta autobusarekin eta trenarekin ondo komunikatuta dago. Garaitsu horretan etxebizitzak errazago saltzen ziren, eta bailarako jende asko etorri zen herrira bizitzera”. Horrek ekarri du haur, gazte eta nerabe asko egotea herrian.
Eta noraino hazi nahi du Irurak? Hiri antolamendurako plan orokorrean, Kale Nagusiko hiru eremutan aurreikusten da bizileku gehiago egitea. Horietako bat erosi berri du udalak: “Portal Enea izenez ezagutzen den lursaila oso modu onean erosteko aukera izan dugu. Oraingoz ez, baina etorkizunean udala izan daiteke etxebizitza proiektu baten sustatzaile Kale Nagusiko eremu horretan”. Gaur egun, Ixpixi kalean bi eraikin egiten ari dira pribatuki, eta lau etxebizitza joango dira bertan.
Azken urteetako krisi ekonomikoak moteldu egin du etxebizitzen sustapena; “baina zortea dugu industrialde handia daukagulako herrian, autobidearen bi aldeetara, Laskibar eta Ibai-Ondo bailaretan”, gehitu du alkateak. 70 enpresa daude kokatuta Iruran, eta udalak ahaleginak egiten ditu bertako arduradunekin harremana mantentzen. “Guk zerbitzu bat eskaini behar diegu, eta aurten industrialdeetako trafikoa antolatzeko aparkalekuak eta marrak margotu eta argiteria berrituko dugu, zatika”.
Azpiegitura berriak
Hain azkar hazi den herria izanik, zerbitzuetan ere saltoa ematea kosta egiten zaiela aitortu du, ordea, alkateak. Merkataritza sustatzeko ahaleginak egin dituzte, baina egun ez dago ez harategi ez arrandegirik herrian; Ondarroatik asteazken goizetan etortzen den arrain saltzailea baino ez.
Adingabeko hainbeste herritar direla ikusita, pediatraren beharra ere sumatzen dute Iruran: “Medikua, erizaina eta farmazia baditugu, baina zerbitzu hori behar dutenean gurasoek Anoeta edo Villabonara joan behar izaten dute medikutara”. Osakidetzarekin harremanetan ari direla esan du Leundak, baina oraingoz ez dutela zerbitzu hori herrira ekartzea lortu.
Gainerakoan kultur etxe, liburutegi, ludoteka eta gaztelekua ere badituzte Iruran. Aurki, gainera, espazio berriak erabili ahal izango ditu udalak, ikastolak HHko eraikin berria bukatu, eta, beraz, gaur egun plaza inguruko hainbat lokal hutsik utziko dituelako. “Parke ondokoan, haur eskola birkokatuko dugu. Gaur egungo eraikina ez da gurea, eta alokairua aurreztu ahal izango dugu era horretara. Gainera, irisgarritasun hobea du, eta umeek jolas parkea bertan edukiko dute”. Gela biribildun eraikina, berriz, ludoteka eta ikastaroentzat erabiliko dutela esan du.
Halaber, kirol instalazio ugari daude herrian: boulderra eta bizikleta aretoa daude 300 bazkide dituen kiroldegian. Arrakasta handia duen skate parkea ere badute, eta Trinketean xare, pilota eta pala partidak jokatzen dira. “2.000 biztanle baino gutxiago dituen herria izateko, instalazio onak dauzkagu”.
Xarea, herriaren bereizgarri
1987an, Jose Ramon Larrinaga alkate zela eta Bitoriano Sorondo zinegotziaren ekimenez egin zen Trinketea. Hala ere, lehenagokoa da xarearen historia Iruran. 1919. urtean kokatu du abiapuntua Leundak: “Joxe Jauregi Garmendia apaizari Argentinatik etorritako iloba batek hitz egin zion xareari buruz. Iparraldean bai, baina hemen ez zuen tradiziorik”. Umeei erakusten hasi eta Jauregik egindako lanak urte batzuetara eman zuen fruitua: 1952an Munduko Pilota Txapelketa jokatu zuten Ameztoi, Gabarain eta Agirrezabala irurarrek.
1970ean Donostian ospatutako Munduko Pilota Txapelketan irurarrak xarea jokatzen ikusi eta berreskuratu egin behar zutela erabaki zuten. “Jexux Mari Arsuaga herritarrak Ameztoi zaharrari xareak egiten erakusteko eskatu zion, eta bai ondo ikasi ere”. Arsuagak semearekin batera jarduten du gaur egun ere xareak egiten.
Luis Migel Uzkudun, Ramon Anton eta Jose Ignacio Iturberen ekimenez eskola martxan jarri eta azken urteetan emaitza paregabeak lortu dituzte irurarrek. 1998an, Mexikon, munduko txapelketa irabazi zuten Molina, Larrarte, Iturbe eta Lopetegik. “Gaur egun, Ametsa pilota eskola gogor ari da lanean herriko umeei erakusten, ilusioz, gogoz eta etorkizunera begira”.
Garaipenak beste arlo batzuetan ere izan dituzte irurarrek. “Dantzak tradizio handia du, eta horren lekuko da 2016ko Segurako suelto txapelketan herriko Xabi Artolak Idoia Bedada pasaitarrarekin jantzi duen txapela”, esan du alkateak. Herrian bizi dute beste txapeldun bat ere, Aitor Mendiluze bertsolaria. Bitan jantzi du hark Gipuzkoako txapela.
Leave a Reply