Leire Narbaiza
Igandean sozietatean izan ginen bazkaltzen. Gure aitaren elkarte gastronomikoan, alegia (bizkaitarren batek irakurriko balu, txokoan). Familiako ospakizun bat izan genuen eta bertan egin.
Berri on bat eman ziguten otorduan: emakume bi bihurtuko dira bazkide! Bai, sozietate hau matxista hutsa zen, ez baitzuen bazkide andrazkorik onartzen. Sozioren bat hilez gero, bazkidetza ezin zuten hartu ez emazteak, ez alabek. Eskubidea arrena zen, semeena eta alaben senarrena! Ikaragarria!
Arau honen atzean dagoen pentsamoldea matxismoaren isla zorrotzena da. Emazteak ezin du heredatu, ez da gauza; alabak ere ez. Semeek soilik hartu ahal izatea iraingarria iruditu izan zait beti, jakina. Baina alaben senarren bazkidetza onartzea hori bai dela benetan aitakeriarik izugarriena. Izan ere, aurreikusten du alabak ezkonduko direla —neskazaharrik ez gurean—, eta legalki lotuta egongo direla, ez bekatuan bizitzen. Tira, lesbiana izatearena ezin euren buru estu eta zaharminduetan sartu, horrelakorik ez baitago, are gutxiago gurean. Bada, alaba baten senarrari eman zitzaion eskubidea, baina banatu egin ziren —jakina, hori ere ez zen aurreikusten, gure alabak ez baitira dibortziatzen!—. Arrapaladan, erabakia hartu behar: zer egin? Senar ohiari giltza kendu! (horrek ere konfliktoa ekarri zuen beste kontu batzuengatik).
Elkarte gastronomikoan bizi izandako diskriminazioak pozen bat ere ekarri zigun, ordea. Kontua da matraka izugarria ematen geniola aitari ahizpa eta biok elkartearen jarrera matxistagatik. Gure aitak, antzinako gizona bera, gauzak horrela zirela eta bakean lagatzeko esaten zigun. Ikusarazi nahi genion eskubidearen jabe izan zitekeela, esate baterako, alabari tratu txarrak eman edo abandonatzen zuen gizonak, eta aitaren ondasuna (dirutza zegoen bertan sartuta) kaleko baten eskuetan jartzen zela. Hala ere, bizimodua ez konplikatzeko eskatzen zigun aitak.
Baina, halako batean jakin nuen urteko batzar batean, galde-eskeak egiteko orduan aitak eskua altxatu eta galdetu zuela ea alabek ez zuten bazkidetza eskubiderik izan behar. Orduan, sekulako kalapita sortu omen zen! Ea burutik eginda zegoen, ezin zela halakorik onartu… Azkenean botazioa egin eta galdu egin zuen (genuen) alde handiz.
Sekula ez zigun esan zer egin zuen, kalean jakin genuen. Apal egin zuen egin beharrekoa. Guk emandako matrakak pentsarazi zion eta jarrera erosotik atera, bere alaben alde egin. Bihotzez eman nizkion eskerrak, inoiz baino hunkituago. Orain hamar urte hil zen aita eta bere bazkidetza nebak du orain. Hil ostean, lagun abokatu batek esan zidan irabazteko aukera guztiak geneuzkala epaitegietara eroanez gero. Hala ere, nik ez neukan ez indarrik ez adorerik, eta ez nuen ezer egin. Damutzen zait, baina ez zen momentua.
Gaur egun, estatutu aldaketa egin behar izan dute eta beste erremediorik ez dute izan, ez zirelako konturatu bazeudela zirrikituak andrazkoei oztopoak jartzeko (bazkide berriak botazioz onartzea, adibidez). Batzuk oso haserre eta erresuminduta daude, baina izorra daitezela! Ikasi behar dute gizon-emakumeok eskubide berberen jabe garela, paperean ez ezik, errealitatean ere.
Borroka luzea, pauso txikiak. Baina aurrera goaz, patriarkatua suntsitu arte!
Leave a Reply