A. Arzallus
Urritik abendura bitarte, erotismo eta autoezagutza tailerra eman zuen Clara Wolfram sexologoak (Bonn, Alemania, 1968) Azpeitian, Jabetze Eskolaren barruan. Tailerra laburra izan zela eta, parte hartzaile askok eskatu zuten jarraipena antolatzeko. Baita antolatu ere. Martxotik ekainera emango du bigarren ikastaro hori. “Jarraipena da, baina denei irekia egongo da, jende berria ere sartzeko”. Antzeko gaiak landuko ei dituzte, baina beste modu batean.
Zer landuko duzue saioetan?
Landuko duguna da norbera bere erotismoarekin konektatzeko bidea: norberak plazera sentitzeko dituen gaitasunak, norbere burua pertsona atsegingarri gisa ikusteko, pentsatzeko edozein adinetan edozein gorputzekin erakargarriak izan gaitezkeela. Bakoitzak bere era oso partikularra du beste pertsonak sentitzeko eta erakartzeko. Azken finean, erakarpena edo sedukzioa da zure onena eskaintzea besteekin harremanak izateko. Ez da maskara bat, gure benetako itxura bat da. Dezente jolastuko gara horrekin.
Nolakoak dira saioak? Nolako ariketak egiten dituzue?
Saioak ez dira oso analitikoak izaten; batez ere, egiten ditugu dinamikak eta ariketak ondo pasatzeko, hori beharrezkoa baita plazerarekin konektatzeko. Egiten ditugu komunikazio ariketak, askotan gorputza erabilita. Izan ere, modu erotikoan, gehienbat, zentzumenen bitartez komunikatzen gara, adierazmenaren bidez, bakoitza bere erara. Saiatzen garenean ezarritako aginduetara egokitzen —adibidez, erakargarria izateko gazte itxura izan behar dut, gorputz argala eduki, eta abar—, galdu egiten gara; agian, agindu horiek ez datozelako bat gurekin, eta pentsatzen dugu ez daukagula ezer ederrik eskaintzeko. Baina hori ez da horrela; guztiok daukagu zerbait ederra eskaintzeko, geure erara. Saiatzen bagara gurea ez den modu batean sentitzen, mezu inkoherenteak bidaliko ditugu, eta, erakarri beharrean, uxatu egingo ditugu gainontzekoak. Baina nik konektatzen badut nire plazeraren gaitasunarekin, balioa ematen diot neure buruari, eta hori transmititu egiten dut.
Erotismoa gai tabua al da oraindik ere?
Erotismoa bihurtu da kontsumo gai bat; badirudi hainbat produktu kontsumitu behar ditugula erotismoa lantzeko. Baina erotismoaren gaitasun osoa gure gorputzean dago; berez, guk plazera sentitzeko gaitasun osoa dugu. Agian, tabu izaera hori galdu egin du, kontsumo produktu bihurtu delako, baina badira oraindik erabat desegin ez diren zenbait gauza. Adibidez, emakumeek ez dute hitz egiten euren sexualitateaz espazio publikoan, oraindik ezartzen direlako etiketa batzuk. Emakume bat oso sexuala bada, guarrilla bat da. Horrelakoak entzuten dira oraindik, eta hori zama bat da. Nola egongo gara harro gure bizitza sexualaz, bizitza erotikoaz, horrek arrisku bat sortzen badigu?
Ahalduntzeko bidea ematen al du autoezagutzak?
Ahalduntzea zer da? Zuk sentitzea zure bizitza eta zure gorputza, eta libreki hartzea zure erabakiak ahalik eta genero agindu gutxienekin. Hau da, zure barne boterearekin konektatzea, eta horren arabera hartzea zure bizitzari dagozkion erabakiak. Autoezagutzea eta autobaloratzea oso inportantea da horretarako.
Parekotasuna lortzeko bidean, uste duzu jabetze eskolak bitarteko baliagarria direla?
Oso baliagarria, gainera. Gizon eta emakumeen arteko harremanak aldatu dira; batez ere, emakumeek egin dituzten urratsei esker. Xake taula batean, pieza bat egokitutako tokitik ateratzen bada, gainontzekoak ere mugitzera behartzen ditu. Emakumeok zer egin dugu? Agindutako tokitik atera, ikusarazi, eta gure proposamen propioak egin. Horrek eragin du izugarrizko iraultza. Mendekotasun harremanak hautsi ditugu harreman horizontal bihurtzeko. Gaur egun, aita pila bat ikus daitezke haurrez arduratzen, haiek zaintzen, ardura errealak hartzen; aldaketak ez baitira diskurtsoa, errealitatea baizik. Eta erotismoa ere zerbait erreala da, gure bizipen sexualak eta erotikoak errealak dira, eta izan behar dute gure onena, izan behar dute guk nahi ditugun bezalakoak eta partekatuak, ez bestearentzat. Jabetze eskolek horren inguruan kontzientzia hartzen laguntzen diete emakumeei, eta espazio bat irekitzen horrekin esperimentatzeko.
Leave a Reply