Rebeka Calvo
Artea jendea konektatzeko bide gisa. Artea esperientziei zukua ateratzeko. Artea gizartearen onurarako, “munduaren funtzionamendurako”. Hori da Chari Camara Beviak (Alacant, Herrialde Katalanak, 1991) aldarrikatzen duena. Artea eta sormena mundu guztiaren eskura dagoela uste du, baina jendeak ez duela “kulturarako sarbide egokirik”. Horretan lagundu nahi du berak: “Irekia, eskuragarria eta transbertsala izan beharko luke, pertsonei euren grinak aurkitzen lagundu beharko luke”, dio. Egiteko zail horretarako bidelaguna ere topatu du, bere alter egoa, Doctora Creativa.
Gipuzkoako Hitza, dena den, ez da Doctora Creativarekin bildu, Chari Camararekin hitz egin du. “Ez ditut betaurrekoak jarrita, betaurrekoak dira pertsonaiaren ikurra eta kontzeptua bera; mundua sormenaren leiarretik ikusteko aukera ematen didate”.
Sortzaileak hilabetea emango du Tolosako Box.A espazioan. Gunea urte berriarekin batera beste proiektu batean murgildu da, sortzaileei egonaldiak eskaintzearena, eta Alacantekoak bere lehen libururako esperientziak biltzeko aprobetxatuko du bisita. Horretarako, ikastaroak eta saio irekiak eskainiko ditu. Ostegunean, jam session-etan Kazetaritza Ilustratuak izeneko proiektua ere gauzatuko du; bertaratzen direnen erretratuak egingo ditu, eta etxera eraman ahalko dira, nahi dena ordainduta.
Bideak irekitzea
Doctora Creativa zubigilea dela dio Chari Camara Beviak: “Zubigiletzat dut neure burua, edozein adineko pertsonak sormen egoera batera eramateko zubiak eraikitzen laguntzen dut”. Bere “lan egiteko teknika” trantsizio moduko bat dela dio: “Kontua ez da gauza zehatz bat edo beste egitea, baizik eta horretara iristeko bideak irekitzea. Horretarako, erritual modukoak ditut, asmatutako erritualak; jendea artearekin lotu nahi dut, eta konturarazi zein balio duen gizarte mailan”.
Gizartean eragiteko hezkuntzak duen garrantziaz ohartuta, Educartista terminoa darabil: “Hezitzailearen eta artistaren rolak uztartzen ditut. Ni hezitzailea eta artista naiz, ez dakit oso ondo zein jarri lehenengo… Formakuntzaz, arteari lotuta nago, baina hainbat ikastaro egin ditut heziketari dagokionez. Uste dut birdiseinatu behar den zerbait dela hezkuntza, oinarritik eraldatuz joan behar den zerbait. Nola egin genezake artea hezkuntzarekin? Ideia hori landu nahi dut”, gaineratu du.
Sortzailea Alacantekoa da, baina Murtzian (Espainia) bizi da. Han egin zituen Arte Ederren ikasketak, eta han bi proiektu ditu; batetik, Hezkuntza Kontseilaritzarekin elkarlanean Sormena eta Hazkuntza tailerra eskaintzen dio gaitasun handiko LHko 5. eta 6. mailako ikasle talde bati, eta, bestetik, La Trans-educativa proiektua du beste kide batekin, haurrak zein helduak artera gerturatzeko.
Camarak artearen eta sormenaren inguruko diskurtso garatua dauka, badaki zertan eragin nahi duen, eta bidean hainbat esperientzia bildu ditu, kartografia modura. Kartografiaren lehen geldialdia 17 urterekin izandako osasun arazo bat izan zela esan du. “Mediku eta ospitale askotatik pasatu behar izan nuen, eta hori guztia pasatu eta gero, sendatu nintzenean, osasuntsu egoten jarraitzeko eta artea nire bide orria izateko zer egin behar ote nuen pentsatzen hasi nintzen”. Hortik, sormenaren inguruan osatu duen imajinario guztian osasungintza gaitzat hartu izana. “Sendagile baten rola hartu dut, eta kontsultak izaten ditut. Pertsonak sortzera eraman nahi ditut”.
Orain arte abiarazitako proiektu guztien bizipenekin liburu bat osatu nahi du, eta horretarako ere baliatuko du Tolosako egonaldia. “Erabakia dut zer eduki eta mailaketa izango dituen liburuak, eta hori guztia nola kontatuko dudan erabakiko dut Tolosan. Badakit zer komunikatu nahi dudan, nola kontatuko dudan da gakoa. Liburua eskuz egina izatea nahi dut, osoki, elementu digitalen bat-edo izan badezake ere. Mapa bat balitz bezala planteatzen dut Liburua, urte hauetako kartografia baten moduan ikusten dut. Sormen prozesuen inguruan ariko da, artea ulertzeko dudan moduaz, bizipenek sormen prozesuan duten eraginaz… Puzzleko pieza asko ditut, eta denak lotu nahi ditut, diskurtsoa garatu nahi dut. Finean, komunikazioa landu nahi dudala esango nuke”.
Leave a Reply