Ikerne Zarate
Errenteriako haur, nerabe eta gazteen parte hartzea sustatzeko udalak abiatutako prozesua da Marea Gora. Lehenengo fasea amaituta, bigarrenari ekiteko prest da. Herriko haur, gazte eta nerabeak herritar aktibo eta ahaldun nahi ditu, eta, bide horretan, diagnostiko bat osatu berri du. Udalarekin batera, Hiritik At, Urtxintxa eta Hiru Damatxo elkarteak ari dira prozesua gidatzen, eta, oraingoz, 30 urte bitarteko 700 herritarrek parte hartu dute, adinaren arabera, hiru azpi prozesutan banatuta. Galdera zehatza egin zieten guztiei: “Nola irudikatzen duzue etorkizuneko Errenteria?”. Eta elkarrekin etorkizuneko herria eraikitzen hasi dira, sumatzen dituzten gabeziak, dituzten beharrak eta iritziak partekatuta.
Haur, nerabe eta gazteen iritzi eta eskaeretatik abiatuta, proiektuak martxan jarriko dituzte martxo hasieratik ekainera bitartean.
Etxebizitza komunitarioa
18-30 urte arteko gazteekin martxan jarriko dutena da “anbiziotsuena”, Itziar Ostolaza Gazteria zinegotziaren esanetan: “Gazteentzako etxebizitza komunitarioa eraikitzea da proiektua. Gazteek etxebizitza propioa lortzeko dituzten arazoei aurre egiteko, eredu berri bat landu nahi dugu beraiekin. Une honetan, udala ez da gai emantzipazioaren gainean irtenbide integral bat eskaintzeko gure herriko gazte guztiei, baina bai alternatiba bat emateko”.
Horretarako, udalaren eraikin huts batean, gazte etxebizitza komunitarioa martxan jarriko dute Marea Gora prozesuaren barruan. Etxebizitza horrek hainbat gazteren emantzipazio prozesuan “mugarri” izan nahi duela esan du Ostolazak, eta etxebizitzaren inguruko “kultura berri bat” sortu. “Etxebizitzaren prezioak markatzen dituen merkatuaren sareetatik atera eta elkarbizitzan oinarritutako eredua sustatu nahi dugu”.
Etxebizitza komunitario horren programa arkitektonikoa, kudeaketa, baldintzak… definituko dituzte orain gazteekin. Eredu berria denez, etxebizitza komunitarioen gaineko jardunaldia egingo dute lehenik gazteekin. “Lehenengo saioan, Bartzelonako Sants auzoko esperientziaz mintzatuko zaizkigu Labordacoop elkarteko kideak”, azaldu du Miren Lantz Hiritik At elkarteko kideak. Etxebizitza komunitarioaren gaineko ikerketa sakona egin duen Irati Mogollonekin ere egingo dute saioa: “Helburua gaian janztea da, beste ikuspuntu batetik lanean aritzeko”, gaineratu du Lantzek.
Euskal Herrian proiektua aitzindari izango dela erantsi du Ostolazak: “Gune hori etxebizitza komunitarioen hazitegi bilakatu nahi dugu, gainera. Etxebizitza eredutik aldentzen den proiektua da, eta, ongi ateratzen bada, ate asko irekiko dituena”.
Herriaren erdigunean gazteentzako espazio baten falta nabarmendu dute 13-17 urte arteko nerabeek. Herrian bi gazteleku daudela esan du Ostolazak, “baina biak erdialdetik urrun daude, eta nerabe asko biltzen dira erdiguneko plaza eta parkeetan”. Etorkizuneko espazio propioa irudikatu, definitu eta lortzeko baliabideak ezartzea da asmoa, eta bigarren fasean horretan hasiko dira lanean nerabeekin. Bilerak nerabeak biltzen diren gune naturaletan egingo dituztela gaineratu du.
Haurrek ere irudikatu dute gogoko izango duten etorkizuneko Errenteria, baita ekarpenak egin ere, eta, azken horien kasuan, bi proiektu abiatuko ditu udalak Marea Gora prozesuaren barruan: Txirrita parkearen jolas eremua da lehena, eta Herria Jolasgune bigarrena.
Txirrita parkea eraldatzeko asmoa du udalak; bertan kokatuko da Emakumearen Etxea, eta eraldaketa prozesu horretan haurrekin diseinatuko du parkea. Bigarren proiektuak Errenteria haurrentzat herri seguru eta erakargarri izatea bilatzen du, Lantzen esanetan: “Haurrek herria modu aske eta hurbilean bizitzeko hainbat traba dituztela ondorioztatu dugu egindako diagnostikoan. Horri begira, hiri inklusiboagoa egiteko, aspertu, beldurtu edo mugatzen dituzten elementuak eraldatzeko lanketa egingo dugu. Eraldaketarako tresna nagusia jolasa izango da. Hiri guztia bat-batean aldatzea zaila denez, Beraun auzoan zentratuko dugu proiektua, hasiera batean behintzat”.
Proiektuen fasea amaituta, ekintza plana osatuko dutela esan du Lantzek: “Praktikoki lanean jarrita uste dugu hemendik hilabete batzuetara posizio ahaldunduagoa izango dutela, jakitunagoak izango direla datozen urteetarako zer nahi duten erabakitzeko”.
Erabakitzeko espazio falta
2012an, 2025 Plan Estrategikoa jarri zuen martxan Errenteriako Udalak. Parte-hartze prozesua egin zuen orduan eragileekin, baina bertan gazte gutxik parte hartu zuela azaldu du Ostolazak: “Haurrek ere ez zuten parte hartu, eta hutsune bat genuen. Konpromisoa hartu genuen haur, nerabe eta gazteekin plan propio bat egiteko. Ohartu ginen, gainera, gure herrian oso espazio gutxi genituela haur eta gazteek parte hartzeko, modu zuzenean eta aktiboki erabakiak hartzeko, eta horiek sortzera jo behar genuela pentsatu genuen. Espazioak sortzeaz gain, ahalduntze eta kultura parte hartzailean hezteko lanketa paraleloa behar genuela erabaki genuen”. Horren emaitza da Marea Gora prozesua. Parte-hartze prozesu iraunkorra da, hamar urterako ekintza plana diseinatzeko oinarria izango dena: “Helburua da ikasturte amaieran hurrengo urteetarako haur, nerabe eta gazteen lehentasunak bilduko dituen plan bat izatea”.
Prozesuaren lehenengo zatia aberatsa izan dela esan dute Ostolazak eta Lantzek. Parte hartzaileekin gertuko harremana egin dute, “prozesuan inplikarazteko”. Guztira, 30 eragilerekin bildu dira, eta ikastetxe guztietako LH, DBH eta Batxilergoko ikasleekin saioak egin dituzte. Horren harira, ikastetxeen jarrera nabarmendu du Ostolazak: “Jarrera irekia eta parte hartzailea erakutsi dute denek, eta eskertzekoa da”. Parte hartzeko eta erabaki kolektiboak hartzeko kulturarik ez dagoela ere ondorioztatu dute: “Kexatzeko ohitura handia dugu, baina eraikitzaileak diren kritikak egitea zailagoa izaten da. Kasu batzuetan, kexatzeko ere iniziatiba falta sumatu dugu. Horren arrazoia izan daiteke, agian, ez direla jarri modu kolektibo batean pentsatzen”.
Marea Gora dator. Horrela mantendu nahi dute, gora beti, eta uholde bilakatu. Ez delako hasi eta amaitzen den parte-hartze prozesu hutsa, Ostolazak nabarmendu duenez: “Honek atzean bide bat dauka; hazia jarri eta espazio horiek denboran iraunkortu nahi ditugu; azken batean, iritzia emateko, erabakiak hartzeko eta herria eraldatzeko tresnak izango direlako”.
Leave a Reply