Eider Goenaga Lizaso
Jantziek jantzi ohi dute Cristobal Balentziaga museoa, goi mailako joskintzako jantziek gehienetan; baina, maiatzaren 7ra bitartean, Ikatza eta Belusa. Ortiz Echagüeren eta Balentziagaren begiradak herri-jantziari behin-behineko erakusketa dago ikusgai Getariako museoan, eta, jantziak ez ezik, argazkiak ere protagonista dira bertan. Izan ere, Jose Ortiz Echagüe argazkilari eta ingeniari espainiarraren argazkiak eta Getariako jostunaren obrak “elkarrizketan” jarri dituzte erakusketa atontzeko. Ortiz Echagüek eta Balentziagak ez zuten elkar ezagutu, baina jostunaren obrek, askotan, argazkilariaren irudietatik ateratakoak dirudite.
Herri jantziak bientzako izan ziren inspirazio iturri. Balentziagak herri jantzien berrinterpretazioa egin zuen maiz bere obretan. Batez ere, 1937an Parisen jarri zenetik, jostunak espainiar jantzigintza tradizionaleko pieza ugariren berrirakurketa landu eta garatu zuen. Erakusketan, Balentziagaren 35 pieza daude ikusgai, eta horietako 25 lehen aldiz ikusi ahal dira.
Ortiz Echagüeren 17 argazkirekin osatzen da erakusketa. Argazkiek XX. mende hasieran Euskal Herriko eta Espainiako herrietan nola janzten ziren erakusten dute; bai lanerako (landan lan egiteko, arrantzarako…), eta baita ospakizunetarako ere (ezkontzak, hiletak, jaiegunak, herrietako festak…).
Bakoitzak bere iturrietatik edan zuen arren, orduko herri janzkera Balentziagaren inspirazio izan zenik zalantzarik ez dago, orduko argazkiak ikusita eta Balentziagak diseinatutako arropei begiratuta. “Batzuek esan izan dute Balentziagak Ortiz Echagüeren argazkiak izan zituela inspirazio, baina ez dut uste Balentziaga bezalako jostun batek inspirazio hori behar zuenik. Ez dut uste, Getarian jaiota eta bere lurrarekiko loturari hainbeste eutsi ziola jakinda, Orioko arrantzaleen argazkia ikusi behar izan zuenik inspirazioa bilatzeko. Bientzat izan ziren inspirazio, eta bakoitzak bere alorrera eraman zituen, eta horregatik jarri ditugu elkarrizketan, jantziak eta argazkiak, Balentziaga eta Ortiz Echagüe “, adierazi du Igor Uria Balentziaga museoko bilduma zuzendariak.
Pieza Nabarmena
Museoko Pieza Nabarmena edo pieza berezia ere Ikatza eta Belusa erakusketarekin lotuta dago, herri jantziekin lotuta. Joan den astera arte, neskentzako baserritar jantzi bat izan da pieza berezia, 1933an Balentziagaren Donostiako tailerrean egindakoa. Astearteaz geroztik, baina, pieza berezia euskal burukoa da. “Istorio oso polita dago ikusgai jarritako bi burukoen atzean”, azaldu du Uriak. 1954an, Euskal Astearen barruan, San Telmon antolatutako euskal jantziei buruzko erakusketako bi pieza dira, Balentziagaren tailerrean egindakoak eta gaur egun San Telmoko erakusketa iraunkorretik ekarritakoak.
“Gonzalo Manso de Zuñiga orduko zuzendariak erabaki zuen erakusketa hori egitea, eta hamabi buruko egiteko enkargua egin zion berak Balentziagaren tailerrari, 1952an”. Burukoak egiteko erreferentzietako bat Christoph Weiditz alemaniarraren grabatu bat izan zen. “1530 inguruan, Weiditz Euskal Herrira etorri eta bere obran garrantzi handia eman zion euskal jantziari. Eta hor agertzen dira hemengo emakumeak kono formako lihozko buruko zuriekin. Beste erreferentzia Gipuzkoako Foru Aldundian dagoen Francisco de Mendietaren koadro handi bat da (Boda de hidalgos en Begoña), eta horretan ere horrelako burukoak agertzen dira.
Manso de Zuñigak 1954an ateratako eskuorrietan aipatu zituen bi erreferentzia horiek, eta horiei erreparatuta eskatu zizkion bi burukoak San Telmo museoari Balentziaga museoak. “Guk bi ditugu ikusgai, eta gainerakoak San Telmon bertan gelditu dira”. Euskal burukoak maiatzaren 7 arte izango dira ikusgai, Ikatza eta Belusa erakusketa amaitzen den arte hain zuzen.
Balentziaga museoko erakusketak, ordea, ez dira soilik ikusi eta bistarekin gozatzekoak, eta Ikatza eta Belusa erakusketak ere badu bere alde praktikoa; hainbat tailer, mintegi eta klase magistral antolatu dituzte maiatzera bitartean. Joan den asteburuan, esaterako, familientzako Gure aitak amari gona gorria ekarri tailerra egin zuten; eta, martxoaren 19an, Elkarrekin lan eginez kapa bat diseinatu eta sortuko dugu tailerra egingo dute, 6 eta 12 urte arteko umeekin.
Profesionalentzat, berriz, martxoaren 25 eta 26an, Kapa bat interpretatu eta sortu ezazu tailerra egingo dute; eta, apirilaren 29 eta 30ean, Euskal burukoa interpretatu eta sortu ezazu tailerra izango da. Martxoaren 3tik 5era, Javier Martin diseinatzaile espainiarrak klase magistrala emango du: Herri jantzietan oinarritutako modeloak egiteko modelatze-teknikari eta bolumenak sortzeko metodoei hurbilketa. Guztietarako aurrez izena eman behar da.
Leave a Reply