Nola eta zer, informazioa eta erabakia

Maite Alustiza

Herritarrek nola har dezakete parte herriko bizitzan? Eta udalaren bizitzan? Nolako informazioa izan behar dute eskuragai? Denaren inguruan erabaki dezakete? Galdera horiei erantzuteko hasi zuen Aretxabaletako Udalak parte-hartze ordenantza definitzeko prozesua, uztailean, eta azken fasera iritsi dira: behin-behineko zirriborroa egina daukate. Udal ordezkari eta langileek, elkarteetako kideek eta herritarrek jardun dute prozesuan, Aztiker ikerguneak gidatuta. Aretxabaletak bezala, aurretik hainbat herrik egin dute araudia osatzeko bidea, eragile eta herritarrekin: Azpeitiak, Astigarragak, Legorretak, Orexak, Villabonak… Araudi propiorik izan gabe ere, udaletako parte-hartze departamentuen bidez, askotariko galdeketak bultzatu dira azken urteetan: azpiegiturez, hondakinen kudeaketaz, aurrekontuez…

Aste honetan bertan, Donostian, Arrokako frontoiaren (Amara) inguruko prozesua abiatu du udaleko Herri Partaidetzako Departamentuak. Auzotarrek bi proposamenen artean aukeratu beharko dute: frontoia mantendu ala bota. Lehen fasean, bi aukerei buruzko informazioa banatu diete buzoietan, eta, bozkatu ahal izateko, gutun pertsonalizatu bat jasoko dute —barra kode bat eramango du, auzotar bakoitza identifikatzeko—. Martxoaren 8tik 19ra arte bidali ahal izango dute beren aukera, posta bidez. Botoen zenbaketa, berriz, hilaren 21ean egingo dute, udaletxean.

Duñike Agirrezabalaga Partaidetza zinegotziak zehaztu duenez, horren ondoren “lan kolektibo eta sortzaile bat” egingo dute auzoan, aukeratutako proiektua zehazte aldera: “Auzotarrek azken diseinua zehaztuko dute, aukera irabazlea zein den gorabehera”. 16 urtetik gorako 2.558 auzotarrek parte hartu ahal izango dute.

Parte-hartze prozesuaren inguruan hainbat desadostasun agertu ditu Amara Bai auzo elkarteak. Udalak hiru bilera planteatu ditu: bat auzoko elkarteekin hitz egiteko, beste bat Amara Bai elkarteak bere proposamena azaltzeko —frontoia mantendu eta egokitzea nahi dute—, eta azken bilera, Hirigintza Sailaren planteamenduaren berri emateko —pilotalekua bota eta plaza bat egitea—. Elkartearen arabera, bilera bakarra egitea litzateke egokiena, bi proposamenak batera aurkeztu eta ondoren herritarrekin eztabaidatzeko. Horrez gain, posta bidez egin ordez hautetsontzi batean eta modu presentzialean egitea aproposagoa dela iritzi diote.

Getarian, umeei eman berri diete hitza. Zehazki, Potzuaga eremuan zein parke nahi duten aukeratu zuten astelehenean 2 eta 12 urte bitarteko haurrek. Udalak antolatutako lehiaketa publikora bi proiektu aurkeztu ziren, eta bien artean, Garra enpresarena lehenetsi dute umeek, 171 botorekin —Jolas enpresarenak 19 boto jaso ditu—. Prozesuan, ikasleek 3D irudien bidez irudikatu ahal izan dituzte bi proiektuak, gustukoena aukeratzeko. “Erabakia haurrena izatea adostu dugu, horrela umeen artean parte hartzea bezalako balioak sustatzen ditugulako”, azaldu zuen Ibon Gereka Parte Hartze Saileko zinegotziak prozesuaren aurkezpenean. Parkea berritzeko proposamena bera ere herritarren aldetik iritsi zitzaien, eta 2016ko aurrekontuetan parkea berritzeko diru sail bat gorde zuen udalak.

Azpeitian ere, Karmelo Etxegarai ikastolako Haur Hezkuntzako eraikinaren jolastokia berrituko dute, eta parte hartzea izan da proiektuko faseetako bat: gurasoei galdetegi bat bidali diete seme-alabentzat zer-nolako jolastokia gustatuko litzaieken zehazteko. Herenegun aurkeztu zuten proiektua udalak eta ikastetxeak elkarlanean, eta lanak pare bat hilabeteren buruan hastea aurreikusten dutela iragarri zuten. Aurrekontuetan ikastetxeetako jolastokiak eraldatzeko diru sail bat gordeta dauka udalak; hortaz, Karmelo Etxegarairen ondoren, beste ikastetxeetan hasiko dute prozesuan.

Aurretik, beste herri batzuetako prozesuetan ere parte hartu izan dute haurrek, beste zenbait talderekin batera: Villabonan, Larrea parkea estaltzearen inguruan; Legazpin, Latxartegiko parke berriaren aukeraketan; Zestoan, parke berriaren izenean…

2017ko aurrekontuetan

Iaz herri askotan egin zuten bezala, aurtengo aurrekontuen ere zati bat herritarren esku utzi dute udal batzuek. Urnietan, adibidez, bukatu berri dute 100.000 euro zertan gastatu erabakitzeko prozesua. Herritarrek beraien auzo eta kaleetan hobetzeko, konpontzeko edo egiteko ikusten dituzten gauzak proposatu dituzte; orain, udaleko teknikariek iradokizun guztiak aztertuko dituzte teknikoki eta ekonomikoki, eta lehenetsi egingo dituzte. 2017ko aurrekontuak osatzen parte hartu dute Hernanin, Legazpin, Tolosan, Urretxun, Zaldibian, Zarautzen…

Leave a Reply

Your email address will not be published.