“Ez da publikoa hotz uzten duen obra bat, oso gogorra da, egiteko zaila”

A. Perez-Karkamo

Unax Ugalde (Gasteiz, 1978) Pedro Recke izango da Escuadra hacia la muerte obran, eskuadrako soldadurik beteranoena.

Harrigarria da Sastreren jatorrizko testuak egun oraindik daukan indarra.

Bai, pentsatzen dugu nolabaiteko balioa duela oraindik. Egia da badituela Gerra Hotzaren zenbait erreferentzia, baina gertu dagoen gerrari, etsai ezezagunari buruz ari denean, horretan bai, zoritxarrez, egoera ez da gehiegi aldatu.

Zer espero daiteke Paco Azorinek egin duen moldaketaz?

Azorinek proposamen ausarta egin du, handira jokatzen duen zuzendaria da. Eszenografia moldatu dugu, ja ez da etxola bat basoan, baizik eta gudu biologiko edo bakteriologikoa iradokitzen duen bunker bat. Testuan, ezabatu dira soldadu ingelesei edo frantsesei egiten zaizkien erreferentziak, Gerra Hotzarekin lotzen duten nazionalitateen erreferentziak. Eremua zabaldu dugu, onirikoagoa bihurtu. Finean, Sastreren testua existentzialista da, testuak kontatzen duena baino askoz istorio zabalagoa dago testuaren atzean. Horrez gain, Bertolt Brechten bertso batzuk sartu ditugu, horietako batzuk nik errezitatzen ditut. Zuzendariak sartu nahi izan ditu, zain dugun amaiera ilun horri argia eman nahian. Bukaera era ausartagoa da. Obra originala ezagutzen dutenek erabateko errespetuz landu dela ikusiko dute, baina proposamen honek behar zituen moldaketak ere ikusiko dituzte.

III. Mundu Gerran kokatzen da istorioa, baina drama psikologikoa da. Bereziki landu behar izan al duzue atal hori?

Bai. Obra distopia batean oinarritzen da, etorkizun ezezagun batean, desiratu gabekoa. Orwellen 1984 da gehien inspiratu gaituen obra alde psikologikoa lantzeko. Hainbat bilera izan genituen, existentzialismoari buruzko zenbait solasaldi, jatorrizko obraren xedea zein zen ondo ulertzeko balio izan zigutenak.

Ez da publikoa hotz uzten duen obra bat, oso gogorra da, egiteko zaila, ez bakarrik aktoreengatik, kontzentrazio asko eskatzen duelako, baina ikuslea ere behartzen du, testu sakonak direlako, eta atzean asko gordetzen dutelako. Apustu handia da eta, CDN atzean ez balitz, zaila izango litzateke aurrera eramatea. Horregatik, oso pozik gaude funtzio hau berreskuratu izanagatik, duela 64 urte militarrek hirugarren antzezpenaren ondoren obra itxi zutenetik ez baita modu honetara antzeztu.

1953an estreinatu zuten antzoki berean estreinatu zenuten zuek.

Oso hunkigarria izan zen, gau magikoa. Sastreren senideak etorri ziren, Alfonso ez, nagusia delako, eta ezin izan zen etorri. Horregatik, Hondarribiko emanaldia berezia izango da, Alfonsok, hainbeste urte eta gero, bere obra berriro ikusteko aukera izango duelako. Ilusio handiarekin goaz, egiten ari garena berari gustatzea espero dugu. Ilusio handia egiten digu Sastrek bere testuetako bat berriro agertoki gainean interpretatua ikusiko duela jakiteak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.