Danel Agirre
Saxofoia baino instrumentu gorrotagarriagorik ez dago, baina behingoagatik ahaztu egin zitzaidan. Jasotzera pasa nahi zuenarentzat sofa bat geneukan, guri lagun batek handixeagoa oparitu berri digulako. Iragarkia sarean ipini, eta biharamunean hogei urteren bueltan behar zuen bikotea azaldu zitzaigun. Neska alemaniarra eta mutil italiarra ziren. Ilehoria, garaia, alaia, zoragarria zen Sophia, bozeramaile lanak bere gain hartu zituena. Beltzarana, gihartsua, oso guapoa eta despistatu pose perfektukoa haren mutil-laguna. Sotoan musika entzuteko txokoa prestatzen ari zirela kontatu zigun Phiak (horrela deitzea gustatzen zaio). Despistatuak saxofoia jotzen du. Phiak txokolate bero batekin pasa nahi omen ditu ilunabarrak, maitalearen emanaldiez sofako mantapean gozatuz. Saxofoia baino instrumentu gorrotagarriagorik ez dago, baina bikote lerdenaren eszenak imajinatzearekin eszitatu egin nintzen ni.
Behar ez genuen sofa hura txortarako erabiliko dela jakiteak eragin digun poztasuna ez da erdeinagarria. Adiskide batek esan zidan bere ustez arinegi oparitu genuela pieza, hogei edo berrogei eurogatik sal genezakeela. Phia eta despistatuaren ilusioak eta nire eszitazioak askoz gehiago balio dutela erantzun nion nik. Uste dut lagunak ulertu zuela transakzio hartan diruak muturrak sartuz gero guztia pikutara joango litzatekeela.
Atzerriko hiri honetan edozer eskuratu daiteke doan. Zakarretara bota beharrean, etxean tokirik ez duen oro sarean eskaintzeko ohitura barneratua dago. Etxebizitza huts bat altzariz hornitu liteke, doan, 48 ordutan. Bisitek beti goresten dute gure egongelaren goxotasuna. Harro azaldu ohi dugu guk mahaia, besaulkiak eta beste guztia oparitutakoak direla. Onurak ez dira soilik ekonomikoak izan. Objektu bakoitzarekin, istorio bat eskuratu dugu. Are hobeago: istorio baten kapitulu bilakatu gara. Batzuen kasuan, azken jabea nor izan zen baino ez dugu jakiterik izan. Zuhaitz genealogiko zehatzak osatu ahal izan ditugu beste askorekin, Bigarren Mundu Gerran aritutakoen pasadizoetara iritsi arte.
Herrian —Zarautzen— aberatsak izatera gindoazela erabaki genuen duela hamarkadaren bat. Zahar itxura zuen guztia ordezkatu arte ez dugu deskantsurik izan. Kontainer albora asteazkenetan ateratzen ditugun altzariak jasotzera ijitoak bakarrik ausartzen dira. Mesfidati zelatatzen ditugu guk, ordaindu ezin dugun etxe berrituaren Ikeako gortinen atzetik. Soberakinak trukatzeko, oparitzeko sarerik sortzea ez zaigu okurritu. Doan jasotakoak inongo baliorik ez duela sinetsita bizi gara. Galerak ez dira soilik ekonomikoak. Zabortegian bukatzen duen objektu bakoitzarekin, istorio bati bukaera kaskarra ematen diogu. Are okerrago: beste norbaitek istorio baten kapitulu berriak idatz ditzan galarazten dugu. Ijitoak lirateke gure sofa eta armairuen memoriaren gordailuak, asteazkenetan atarira irten eta ijitoekin hitz egiten ausartuko bagina.
Leave a Reply