M. Alustiza
Lan politikoa egin zuten, ikasi eta irakatsi zuten, eta bizipen ugari ekarri zituzten bueltan. Ane Etxeberria pasaitarrak eta Eneritz Arrillaga donostiarrak Askapenaren iazko brigadetan parte hartu zuten: Bolivian hilabete eman zuen Etxeberriak; beste horrenbeste Arrillagak, Venezuelan. Gehienbat herri mugimenduko eragile eta elkarteekin bildu ziren; oraindik ere, badute hangoaren berri.
Beste bi kiderekin joan zen Etxeberria Boliviara. Lau aste, eta azken egunak aisialdirako. 2014ko brigadakoek pasatutako kontaktu zerrenda eraman zuten, eta, behin han, interesen arabera harreman gehiago egin zituzten. Etxeberriak azaldu duenez, Bolivian “oso-oso gutxi” ezagutzen dute Euskal Herria: “Nahiko oinarrizko mailatik hasi behar zenuen; gazte antolakundeek-eta agian gehiago ezagutzen zuten, eta haiekin sakonago landu ahal izan genuen”. Hizkuntza ere izan zuten hizketagai, alde horretatik “oso aberatsa” baita Bolivia: “36 jatorrizko herri daude, eta 36 hizkuntza”.
La Pazen, gobernua barrutik ezagutu zuten, hainbat ministeriotako ordezkariekin bilduta: “Boliviak azken hamar-hamaika urteak daramatza Evo Moralesekin presidentetzan, eta ikusi genuen zer aldaketa ari diren egiten gobernu barruan. 2016an, gainera, erreferendum bat egin zen ea Evo berriro aurkez zitekeen hauteskundeetara, eta galdu egin zuten. Hausnarketa fase batean harrapatu gintuen, nola aurre egingo dieten hurrengo hauteskundeei…”. Etxeberriak gaineratu duenez, hala ere, gobernuaren parte handi bat herri mugimenduak dira: “Haiek sostengatzen dute prozesua”; hortaz, herri mugimendua eta instituzioak nola uztartzen diren jakin ahal izan zuten.
Arrillaga zazpi laguneko talde batean joan zen Venezuelara. Euskaldun bat eta kolonbiar bat zituzten gidari: euskaldunarekin egon ziren Caracasen, eta kolonbiarrarekin gainerakoan. “Oso erosoa izan zen mugitzeko, kontaktuetarako, Kolonbiari buruz jakiteko…”. Bereziki herri mugimendua ezagutu zuten: Victimas de la Guarimba taldea, talde feministak, gorputz antzerkiaren bidez borrokatzen zen beste bat… Komunikabide dezente ere ezagutu zituzten; irratiak, batik bat.
Komunetan izan ziren, bai hirian eta bai nekazaritza guneetan, eta egiten ari diren hausnarketaren berri izan zuten: “Ulertzen dute estatuarekiko dependentzia handia izan dutela; hark diru sarrera bat banatzen die, eta ohitu egin dira horretatik bizitzen. Baina, orain, diru hori ez dutenean petroliotik-eta diru sarrerarik ez dagoelako, ikusi dute beren kabuz lan egin behar dela. Egin duten hausnarketa da estatu burokratikoa beti izango dela ustela, eta beren kabuz lanketa bat egin behar dutela”.
Arrillagaren arabera, “gerra ekonomikoa” dago, baina baita komunikatiboa ere: “Esan beharko litzateke, adibidez, argazkien atzean zer dagoen, guarimbetan-eta [barrikadetan] zer gertatzen den. Edo ilarak daudenean elikagaiak lortzeko: egon badaude, baina ulertu behar da zergatik dauden, edo zein estrategiaren barruan dauden ilara horiek.
Leave a Reply