Ane Olaizola
Goraka doan kirola da irristaketa. Gero eta gehiago dira patinak hartu eta kalera ateratzen direnak, eta azken urteetan ohikoa bilakatu da hainbat herri lasterketatan irristaketa modalitatea txertatzea: San Silvestre lasterketetan, Lilatoian, Behobia-Donostia lasterketan, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian… Irristaketa lasterketak ere antolatu izan dira han-hemenka. Kirola egiteko joera berriaren beste erakusgarri bat da, gainera, irristaketa taldeak sortu direla zenbait herritan, eta horietako adibide bat da Zarautzen osatu berri dutena.
Lau lagunen ekimenez sortu dute Zarauzko irristaketa taldea, eta haietako bat da Aitzpea Agirrezabalaga. Astelehenetan eta asteazkenetan elkartzen dira Gari Astarbe entrenatzailearekin, eta, guztira, haur eta heldu, 30 lagun inguru biltzen dira. “Ikusten genuen jende dezente zegoela Zarautzen irristaketaren inguruko interesa zuena. Ikastaro batzuk antolatu genituen udan, eta 45 bat herritar etorri ziren. Jendeak talde bat osatzeko zuen interesa ikusita, aurrera egin genuen”, esan du Agirrezabalagak.
Maila desberdinetako pertsonek osatzen dute taldea. “Badaude batzuk hasiberriak direnak, eta beste batzuk sakondu eta hobetu nahi dutenak. Gainera, askotan uste dugu irristatzen badakigula, baina oinarrizko jarrera batzuk ez ditugu zaintzen”. Asteko eskolez gain, hainbat egitasmo antolatzen hasi dira dagoeneko; aurreko asteburuan, esaterako, Orokieta herri eskolako 4 eta 12 urte bitarteko 112 umerekin elkartu ziren irristan jolasak egitera. Aurrerantzean ere, hilabetean behin irristaketari dagozkion irteerak edo ekintzak antolatzeko asmoa dute, baina pixkanaka beren jarduna zabaldu nahi dute: hala nola kirol eskola sortzea, irristaketa eguna antolatzea eta maila desberdinetako pertsonentzako entrenamenduak eskaintzen hastea dute buruan. Izan ere, ahalik eta herritar gehiengana iritsi nahi dute, eta azaldu dute “edozein ideia entzuteko prest” daudela.
Apirilaren 1ean egingo du taldeak aurkezpen ekitaldia, Itxasmendiko pistan. Beren jarduna ezagutarazteko, aurkezpen teoriko bat baino gehiago, jolasak egingo dituzte patinetan, eta bazkide izan nahi duenak orduan izango du izena emateko aukera. Zarauzko Kirol Elkartearen barruan dago irristaketa taldea, eta, urteko kuota osoa ordaindu beharrean, aurten 25 euroan izango dute bazkidetza. Eguraldi txarra egingo balu, Orokieta ikastetxean egingo lukete ekitaldia.
Espazio propioen falta
Agirrezabalagaren iritziz, “modan” dagoen kirola da irristaketa, eta Daniel Alonso Gipuzkoako Irristaketa Federazioko lehendakariordea ere bat dator harekin. “Gero eta jende gehiago ikusten da irristaketan kalean eta bidegorrietan, eta ekintza gehiago antolatzen dira haren inguruan”. Dena den, adierazi du gehienak ez direla federatzen; beraz, “zaila” da argazki orokor bat egitea: “Federazio barruan, ikusi dugu pixka bat igo dela irristarien kopurua, baina ez askorik. Gehienak ez daude federatuta, eta ez da erraza neurtzea”. Lehendakariordeak jakinarazi duenez, Gipuzkoan berrehun bat lagun daude egun irristaketan federatuta.
Klubetako kide gehienak herriko pilotalekuetan edo bidegorrietan aritzen dira patinatzen, eta, askotan, espazio propio bat izateko zailtasuna izaten dute. “Patinatzeko espazioek baldintza jakin batzuk behar dituzte, eta ez da erraza inguruan halakorik aurkitzea. Abiadurari dagokionez, esaterako, ia ez dago lekurik prestatuta, eta askok ahal duten moduan egiten dute. Gainera, sarri zalantzak sortzen dira irristatu daitezkeen lekuei dagokienez”, adierazi du Alonsok.
Zarautzen, egun, Zinema pilotalekuan elkartzen dira, eta han jasotzen dituzte irristaketa eskolak kideek. “Herrian kirol asko egiten da, eta kirol azpiegitura guztiak beteta daude”. Oraingoz, ez dute irristaketarako espazio propiorik, Itxasmendin dagoen pista izan ezik. Agirrezabalagaren esanetan, Gipuzkoan irristaketarako prestatuta dagoen espazio bakarrenetakoa da Itxasmendikoa, baina euria egiten duenean ezin dute erabili. “Saiatuko gara zerbait gehiago lortzen”.
Azkoitiko eta Azpeitiko Urolako Trena Irristaka elkarteko kideak ere zerura begira egoten dira elkartzeko orduan, saio guztiak kanpoaldean —pilotalekuan edo bidegorrian— egiten baitituzte: “Leku propiorik ez dugu; beraz, inprobisatuz joaten gara. Eguraldiaren arabera antolatzen ditugu saioak, egutegi jakinik gabe”, esan du Pili Villanueva Alberdi elkarteko entrenatzaileak.
“Guztientzako” modukoa
Irristaketa kirol “osoa, segurua eta dibertigarria” dela diote. “Kirol ikusgarria da. Artikulazioek ez dute talkarik jasaten, eta koordinazioa lantzen da. Horrez gain, ondo babesturik egonez gero, ez dago arriskurik”, dio Villanuevak. Agirrezabalaren hitzetan, berriz, “edozein pertsona eta adinetarako moduko kirola da”. “Gure taldean, zortzi urtetik 62 urtera arteko kideak ditugu”. Dena den, Azkoitiko eta Azpeitiko taldean gazteen falta sumatzen dute. “Gero eta gehiagok patinatzen dute, baina umeak, nerabeak eta helduak izaten dira gehienak. Gazte gutxi dago. Nerabe diren arte patinatzen dute askok, baina gero utzi egiten dute”.
Leave a Reply