Rebeka Calvo
Bi artistaren etxea da Marte: Ainara Oskozena (Irun, 1976) eta Miren Gonzalezena (Tolosa, 1973). Sortzeko sortu duten etxea da, eta partekatzeko eratu duten espazioa. Sorkuntza laborategi gisa aurkeztu dute gunea, eta Oskoz margolari eta eskultoreak argitu du “esperimentazioan eta sorkuntzaren inguruan” lan egiten dutela bertan.
Martek —martelaborategia@ gmail.com eta facebook.com/ martesorkuntzalaborategia— bi zati ditu. Proiektuaren bi aldeak lotzen dituen espazioa diseinatu dute: intimoagoa bata, eta komunitateari begira jartzen dituena bestea; tailerren eremua zeharkatu beharra dago lanerako erabiltzen duten “kobazulora” sartzeko. “Oso interesgarria da artisten tokia eta tailerren gunea irekita egotea, nola lan egiten dugun ikus dezakeelako jendeak horri esker. Lotuta daude bi espazioak”, azaldu du Gonzalez margolariak. Marte ez baita lanen erakusleiho soila, sorkuntza prozesuaren gotorlekua baizik. “Prozesu artistikoa da garrantzitsua, ez emaitza”, nabarmendu du tolosarrak.
Heldu eta haurrentzako ikastaroak egiten dituzte astero, eta baita egun berezietan ere. Aste Santuaren bueltan egingo dute hurrengoa. Hilabete bakoitzeko bigarren larunbatean, gainera, familia guztiarentzako tailerrak eskaintzen dituzte.
Ikastaro horietan, noski, prozesuari berari ematen diote garrantzia. “Hau ez da eskulanak egiteko leku bat, artisten tailer ireki bat baizik. Era guztietako jendea etortzen da, eta bidea egiten laguntzen diegu, bidea baita garrantzitsua, ez emaitza. Gure prozesuaren bidez erakusten diegu hori”, azaldu du Oskozek. “Nola lan egiten dugun erakusten diegu; ez dugula ideia soil bat, nola egin pentsatzen dugula, dokumentatu egiten garela… Ideia txiki bat marrazten hasi, eta hortik abiatuta sortzen dugula dena”. Gonzalezek gaineratu du bidean “gozatzen” lagundu nahi dutela. “Laguntzeko gaude hemen. Elkarrekin egin nahi dugu lan hori, bide hori”.
Emaitzen kulturatik herren
Txikienei ere horixe erakutsi nahi diete, gizartean horren zabalduta dagoen emaitzen kultura desegiten laguntzeko. Horregatik, tailerretan egiten dituzten lanak etxera ez eramateko aholkua ematen diete. “Txikiei ere hori erakutsi nahi diegu, emaitza ez dela garrantzitsuena, ikasten dutena baizik”. Oskozen hitzetan, “taldeko lanak” egiten dituzte bertan. “Elkarrekin aritzen baikara. Pixkanaka ikasten dute denontzat dela artea eta denon artean egiten dugula. Zein gara gu esateko zer den polita eta zer ez; zer dagoen ondo eta zer ez… Hori erakutsi nahi diegu”. Irundarrak adibide batzuk zerrendatu ditu jarraian. “Buztinarekin lanean hasitakoan, zerbait egin, puskatu, eta buztin horrekin beste zerbait egin izan dugu; marrazkiak egiten dituztenean, berriz, marrazki horiek zatitu eta collageak egiten ditugu”.
Oskozek gogoan dauka behin neskato batek gurasoei esan ziena. “Marten, nahi izanez gero, ezer egin gabe egon zitekeela esan zien, eta oso polita iruditu zitzaidan, hori lortu nahi baitugu; hemen gauzak egin daitezke edo ez, besteei begira ere ikas daitekeelako”. Hala ere, neska-mutikoek jada badakite zerekin topo egingo duten. “Eta, beraz, ideiekin etortzen dira. Oso aberasgarria da; etorri, eta zer egin nahi duten esaten dute. Taldean inplikatu, eta elkarrekin hasten dira lantzen”.
Ez dute egiteko erraza, baina jada lortu dute pauso batzuk ematea eta tailerretara biltzen direnei gozamenerako bidea irekitzea. “Askotan urduritzen gara sorkuntza prozesuan. Batzuetan, gauzak ez zaizkigu ateratzen nahi bezala, baina gozamena sartzen da emaitzen ideiarekin apurtzea lortzen dutenean”. Gonzalezen hitzetan, bakoitzak “ahal duena edo barrutik ateratzen zaiona” egiten du. “Besterik gabe. Eta dena dago ondo. Esperientzia horrekin ateratzen dira hemendik, eta hori da gure helburua”.
Lantaldea indartuta
Duela bost bat hilabete ireki zuten Marte, nahiz eta bi artisten arteko harremana lehenagokoa den. “Lehen beste leku batean aritzen ginen lanean, eta urrian hasi ginen hemen. Denbora gutxi daramagu oraindik, baina lan ildoa bera da, nahiz eta gauza berriak sortzen ari garen”, azaldu du Oskozek. “Bakoitza bere artelanetan murgilduago ibiltzen ginen lehen. Hemen, berriz, talde bat sortu dugu, eta beste laguntzaile bat ere badugu, Jone Gonzalez [Hondarribia, 1981]. Elkartea gara orain, gainera. Gauza berriak ari gara sortzen, eta beste indar batekin gaude”.
Artistaren bakardadeaz eta hori gainditu beharraz ere hitz egin dute biek, eta horregatik bilatzen dituzte laguntzaileak. “Oso bakartia da gure lana, eta norbere baitan ixteko arriskua ere badauka horrek. Horregatik, guretzat oso garrantzitsua eta aberasgarria da beste norbaitekin aritzea. Taldean sinesten dugu. Artista bati, gainera, dena egitea eskatzen zaio; sortu, lana mugitu, marketina landu… Laguntza behar izaten dugu, eta horretara etorri da Gonzalez”.
Teknologia berriez eta argazkiez arduratzen da hondarribiarra, eta espazio bat edukitzeak ematen dion askatasuna goraipatu du. “Lana lantzeko leku bat da espazio hau. Lehen ez neukan hori, eta oso aberasgarria da elkarrekin egotea eta ikuspuntuak partekatu ahal izatea”. Etorkizunean ere kolaborazioen bideari helduta, “begi eta esku gehiagorekin” aberastu nahi dute sormenerako ireki duten espazioa.
Leave a Reply